Galiziako hedabide publikoen lege berria onartu dute

BNGk eta PSdeGk salatu dute PPk irrati-telebista publikoaren «erabateko kontrola» izango duela. CRTVGko langileek greba eguna dute gaur.

TVGko langileen elkarretaratzea, gaur. CRTVGKO LANGILEEN BATZORDEA
TVGko langileen elkarretaratzea, gaur. CRTVGKO LANGILEEN BATZORDEA
urtzi urkizu
2025eko martxoaren 11
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Galiziako Parlamentuak hedabide publiko galiziarren lege berria onartu du gaur, soilik PPren aldeko botoekin. Kontra azaldu dira BNG, PSdeG eta Democracia Ourensana. Bestalde, Galiziako irrati-telebista publikoko langileek greba eguna deitu dute gaurko, eta elkarretaratzea egin dute Santiagon. Protesta berean parte hartu dute Plataforma Por unha CRTVG ao Servizo do Pobo taldeko ordezkariek.

BNGko diputatu Olalla Rodilek salatu du lege berriarekin PPk «nahierara» aukeratu ahalko dituela CRTVGko zuzendari guztiak. Haren iritziz, Galiziako hedabide publikoak «PPren propaganda» bilakatu dira. PSdeGko diputatu Silvia Longueirak uste du hedabide publikoen «inboluzioa» dakarrela legeak.

CRTVGko langile batzordearen iritziz, lege berriak «ondorio kaltegarriak» izango ditu, talde publikoaren zuzendaria izendatzeko beharrezkoa zen gehiengo zabala ezabatzen baitu. Gainera, albistegietako lana kanpora ateratzeko debekua zuen aurreko legeak, eta aukera hori zabalik geldituko da orain. TVG telebista galegoz izan da orain arte, baina PPren lege berriak atea irekitzen du gaztelaniazko eskaintza bertan sartzeko.

Legearen aurka mintzatu dira azkeneko asteetan parlamentuko oposizioko alderdiak, sindikatuak, galegoaren aldeko herri mugimenduak, ikus-entzunezko sektoreko ordezkariak eta kazetari elkarteak, besteak beste.

Raquel Lema CRTVGko zentro arteko batzordeko presidenteak artikulu bat idatzi du El Salto hedabidean, eta bertan salatu du gaur Galizian desagertu egin dela hedabide publiko «plural eta duinak» izateko aukera. «Inork ez dio Xuntari galaraziko CRTVG propaganda aparatu handiena bilakatzea. Haien helburu bakarra da alderdiak botereari eustea, eta horixe egingo dute albistegi eta saio bakoitzean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.