Galesen komunikabide nazional bat sortu dute

Eskoziako 'The National' egunkaria dago proiektuaren atzean. Datorren astelehenean hasiko da martxan 'The National Wales'

Manifestazio independentista baterako argitaratu zuten ale berezia. BERRIA.
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Saint David eguna da martxoaren 1a, Galesko patroiaren eguna, eta egun horretan ikusiko du argia The National Wales komunikabide berriak. Astelehenean, lehen zenbakia paperean argitaratuko dute, baina ohartarazi dute hedabidea nagusiki digitala izango dela. «Gertaera garrantzitsuak daudenean», paperezko edizioak aterako dituztela iragarri dute Newsquest taldeko arduradunek.

Newsquest komunikazio taldeak Eskozian The National egunkaria argitaratzen du; herrialde horren independentziaren aldeko ildo editorial argia du. The National Wales-en webgunean, bestalde, xede nagusien artean honako hau jarri dute: «Independentziaren inguruko eztabaida nazional bat irekitzea». Beste honako ezaugarri hauek iragarri dituzte: «Politikoki neutrala izango da; gobernu deszentralizatuak nola funtzionatzen duen azalduko du; Galesko Parlamentuaren botereen aldekoak eta kontrakoak emango ditu; eta eduki garrantzitsuak plazaratuko ditu Galesen bizi diren herritarrentzat eta diasporako galestarrentzat».

Huw Marshall da proiektuko koordinatzaileetako bat, baita hedabidearen garapen digitaleko zuzendaria ere. Iragarri du hedabidea, bere hastapenean, ingelesez izango dela. «Galesez ematen dute zerbitzua Golwg 360 eta BBC Cymru Fyw hedabideek diru publikoari esker. Nahiko genuke epe laburrean eskaintza horretan sartu, eta galesez egunkari fisiko bat izatea». Kazetariaren iritziz, Galesen hartzaile gehien dituzten hedabideek Erresuma Batuko ikuspegia ematen dute. «Baina COVID-19ak eragin du herritarrek kontzientzia handiagoa izatea Galesko Gobernuak transferituak dituen botereez».

Eskozian, 12.000 harpidetza

Hedabidearen webgunea (thenational.wales) etzi jarriko dute martxan, eta orduan hasiko dira harpidetzak egiteko aukera ematen; lehen bi hilabeteetan 1,15 eurokoa hilean, eta handik aurrera, hilean zortzi eurokoa. Eskoziako The National-ek 12.000 harpidedun ditu. «Hori lortzea bost urte kostatu zaigu», aipatu du Marshallek. «Pandemiaren erdian hedabide bat sortzea erronka handia da. Baina gure helburua da kazeta astean behin paperean argitaratzea. Eta audientziak gogokoa baldin badu, egunero». Lehen fasean, politika eta Galesko gaiak gailenduko dira edukietan. «Pobreziaz, hezkuntzaz, osasunaz, ekonomiaz eta independentziaz hitz egin nahi dugu».

2019ko irailean, Eskoziako The National-ek edizio berezi bat argitaratu zuen, galesezko eta ingelesezko artikuluekin, Galesko independentziaren alde egin zen manifestazio baterako. Iazko uztailean, bestalde, Galesko Parlamentuaren historian lehen aldiz eztabaidatu zuten independentziaren aldeko mozio bat, Plaid Cymru alderdiak bultzatuta.

Marshallek dio hedabidearen helburua epe luzera «ikus-entzunezkoen plataforma nazional bat» sortzea izango dela. Harpidetzak egin ahala, kazetari gehiago kontratatuz joango dira. «Ingurumenaz, landa giroko gaiez eta kulturaz idatz dezaten».

Galesko kazetariak zera gaineratu du: «Hedabide bideragarri bat egin nahi dugu, eta Galesko herritarrei interesatzen zaizkien gaiak hobeto ulertzen lagundu nahi diegu. Gogotsu eta ilusioz gaude erronka horrekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.