'Gailurra' aurkeztuko du Andoni Aizpuruk irailaren erdialdetik aurrera

Euskal Herriko zazpi mendi igoko ditu saioko taldeak. Irati Andarekin batera ibiliko da Aizpuru

Andoni Aizpuru eta Irati Anda Euskal Herriko mendietan ibiliko dira ETB1eko Gailurra saio berrian. ETB.
urtzi urkizu
2016ko irailaren 1a
00:00
Entzun
ETB1ek bi edo hiru aste barru estreinatuko du denboraldiko berrikuntza nabarmenetako bat: Gailurra. Izenak iradokitzen duen moduan, mendiarekin lotutako programa bat izango da, eta ostegunetan emango dute prime time ordutegian. Lehen denboraldiak zazpi atal izango ditu, eta beste hainbeste mendi igoko dituzte Andoni Aizpuru aurkezleak eta Irati Anda eskalatzaileak. Ez dira bakarrik joango, ordea, eta atal bakoitzean hainbat lagun izango dituzte bidaide mendi zeharkaldian.

Aizpuruk iragarri duenez, Gailurra ez da kirol saio bat izango. «Mendira igotzeko bideak erakutsiko ditugu, baina, horrez gain,mendi bakoitzaren inguruko bizipenak eta istorioak kontatuko ditugu», azaldu du aurkezleak—eguraldiko tartean ere lanean jarraituko du asteotan—. «Mendi bakoitzera talde batekin joango gara, 30-35 lagun ingurukoa. Ez da talde uniforme bat izango. Batzuk mendi talde batekoak izango dira, eta beste batzuk mendira gutxi joaten direnak izan daitezke». Mendi bakoitzarekin lotura pertsonal berezia duten herritarren lekukotzak ere jasoko dituzte saioan.

Gailurra saioko lehen ataletako mendiak Txindoki, Gorbeia, Orhi, Beriain, Peña del Castillo, Anboto eta Hernio izango dira.

Prime Time Media ekoizpen etxeak —Herri people egiten du— ekoitziko du Gailurra, eta zuzendaria Jon Abasolo da. Irati Andak mendi gidari lanak beteko dituela nabarmendu du Aizpuruk: «Mendietara igotzeko bide asko daude, eta Anda beti saiatuko da bide alternatiboak egiten. Zenbaitetan, Anda mendizale batzuekin igoko da bide horietatik. Gero, gailurrean elkartuko gara».

Grabazioak gogorrak izaten ari direla dio aurkezleak: «Oso goiz hasten gara, eta nekatuta amaitzen dugu». Drone batekin grabatutako irudiak ere ikusiko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.