Gaietara egindako bidaiak

Hilaren 20an estreinatuko dute 'Vikingak' ETB1en, gaiak hartu eta haien geografia osatzeko saioa

Erika Olaizola, Zuriñe Hidalgo eta Amancay Gaztañaga, programaren irudi batean. ETB.
jakes goikoetxea
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Zuriñe Hidalgo autokarabana batean Euskal Herrian zehar bidaiatzen. Bidaiaren etapa bakoitzean gai bat aukeratuko dute, eta eskualde bakoitzean bidelagunak bilatuko dituzte, gai horietan bidaiatzeko. Bidelagun batzuk ezagunak izango dira; besteak, ezezagunak.

Hori da ETB1eko Vikingak saio berriaren funtsa. Uztailaren 20an emango dute lehen atala, 22:30ean, telebistan eta eitb.eus-en. Zortzi atal izango dira guztira, atal bat asteazkenero: lehenengo laurak uztailaren 20tik aurrera; gero, eten bat egingo dute; eta bigarren sortako lau atalak abuztuaren bukaeratik aurrera.

Gaztañagarena, Olaizolarena eta Hidalgorena izan zen programaren ideia. Iaz aurkeztu zioten ETBri. Programaren aurrerapen moduko bat eta programa baten eskaleta. ETBk aurten erantzun die baietz, egiteko programa.

Ideia haiena da, haiek dira aurkezleak, baina baita zuzendariak eta gidoigileak ere. Eskaletak egiten dituzte, eta lantaldea osatu dute. Gaztañagak eta Olaizolak badute eskarmentua, zenbait antzezlan eta film labur zuzendu baitituzte. Lehen aldia da, ordea, telebistako saio bat zuzendu dutena. Bilboko Taom ekoiztetxeko Karlos Trijuequeren laguntza dute zuzentze lanetan; Kepa Errasti aktore eta gidoilariarena, gidoiak idazten. Taom arduratzen ari da ekoizpen lanez.

«Saioa bidaia bat da», azaldu du Gaztañagak. Gai bat eta eskualde bat dituzte bidaiatzeko. «Gai hori jorratzen dugu, baina modu pixka bat surrealistan».

Gai horietako batzuk abstraktuak dira: bihozkadak, plazera... esaterako. Ez dira ohiko gaiak telebistan. «Emakumeon imajinarioa askotan oso abstraktua da, eta imajinario hori telebistara ekarri nahi dugu», Gaztañagaren arabera. «Bihozkadak», jarraitu du,«Ez da normalean telebistan lantzen den gai bat, baina oso ederra da telebistan horri buruz hitz egin ahal izatea».

Ituño, Illarramendi...

Bidaiaren bidez landuko dituzte gaiak. «Bidaiak magikoak izango dira, eta bidaiaren barruan gauzak gertatuko dira». Eskualde bakoitzean bilatuko dituzte bidelagunak. Gehienak eskualde horietakoak, ezezagunak. Izango dira ezagunak ere: Itziar Ituño aktorea, Asier Illarramendi Realeko jokalaria, Chica Sobresalto kantaria, Esti Quesada aktore eta youtuberra...

Gaztañagak, Olaizolak eta Hidalgok zenbait gogoeta egingo dituzte gaiei buruz. Fikzioa eta errealitatea nahastuko dituzte. Umorea ere izango du: «Ganberroak gara, eta barre asko egiten dugu geure buruaz, umoreak toki handia izango du».

Gai abstraktuak eta serioak, umorez landuak... Gaztañaga ez da etiketazalea. Ez zaio ongi iruditzen gauzak sailkatzeko eta zatikatzeko joera hori: «Elkarrizketa batzuk oso sakonak dira, gaiak ere sakonak direlako; baina bidaia hau bizitza bezalakoa da, batzuetan barre egingo dugu, besteetan hunkituko gara...».

Bikingoei buruz hitz egiten denean, normalean, gizonak etortzen dira burura. Gerlariak. Ezpata eskuan, guda batean edo itsasontzian. Gaztañagak, Olaizolak eta Hidalgok estereotipoa zartatu nahi izan dute. ETBri proiektua aurkeztu ziotenerako aukeratua zuten Vikingak izena. Euskaraz Bikingoak beharko luke, haiek ere bazekiten izena aukeratu zutenean, «baina guk emakumeen imajinario hori aldarrikatu nahi genuen».

Uztailaren 20an ikusi ahal izango da lehen programa. Bihozkadei buruzkoa izango da. Gaztañagak ez du argitu nahi izan non grabatu duten eta zein izango diren bidelagunak. Lehen programa bukatzen ari dira. Ekoizpenaren, grabazioen eta edizioaren zurrunbiloan sartuta daude, beraz. Udan lan egiteak zaildu egin die zenbait jende elkarrizketatu ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.