Urko Etxebeste. 'Oarso Bidasoko Hitza' eta 'Boga'-ko zuzendaria

«Gaiak sakon lantzeko esparru aktiboago bat behar genuen»

Otsaileko aurreneko astean jarri zuten martxan 'Boga' euskarazko astekaria, eta 'Oarsoaldeko ON'-en lekukoa hartu du.

BERRIA.
urtzi urkizu
Errenteria
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Oarsoko Hitza sortu zenetik han aritu da Urko Etxebeste (Pasaia, Gipuzkoa, 1974). Zuzendari kargua 2008. urtean hartu zuen.

Zergatik amaitu da Oarsoaldeko ON eta zergatik sortu da Boga?

BERRIA taldeak egin zuen gogoetaren barruan sartu behar dugu dena. Egoera ekonomikoa latza zela ikusita ere, ez genuen ikusten atzerapausorik ematea. Esku artean genituen produktuak mahai gainean jarri genituen. Elkarrizketa sakonak, erreportajeak eta gaiak sakontasunean lantzeko esparru aktiboago bat behar genuela ikusi genuen. Boga diseinatzen hasi ginen orduan.

Zer ezaugarri ditu Boga-k?

Hitza-rekin batera ostiraletan Hitza berezi bat argitaratzen genuen, hamabi orritakoa, asteburuko agendarekin. Hitza berezi horren eta ON-en bat-egitea da Boga. Batetik, Iritzia atala dago; hor, ON-eko kolaboratzaileek jarraitzen dute, eta horiei Bidasoaldekoak gehitu zaizkie. Bestalde, elkarrizketa nagusia, erreportajea eta elkarrizketa txikiagoak daude. Asteburuko agenda ere egiten dugu Boga-n. Patxadaz irakurtzeko produktua da. ON-ekin alderatuta, gaurkotasunari lotuago dago.

Nola eskura daiteke astekaria?

Oarso Bidasoko Hitza-ko harpidedun eginez. Harpidedun guztiek jasotzen dute, ostiraletan.

Interneten ere irakur daiteke PDF bidez, ezta?

Bai. Astekariak webgune bat du: Boga.hitza.info. Bertan astekarian argitaratzen ditugun artikuluez gain, hurrengo zenbakiaren aurrerapenak daude. Elkarrizketen bertsio luzeagoak ere irakur daitezke sarean. Erreportajeetarako argazki gehiago daude webgunean, halaber. Irakurleei aukera ematen diegu testuen inguruko iruzkinak egiteko. Interakzioa bilatzen dugu. Adibidez, Fermin Muguruzaren elkarrizketari egindako hainbat iruzkin paperera eraman ditugu.

Zer abantaila ditu Boga egiteak ON-en aldean?

Hitza-n murrizketak etorri zirenean, asteartetik igandera argitaratu beharrean asteartetik ostiralera argitaratzen hasi ginen. Hor, asteburuko hutsunea zegoen. Boga-k badu gaurkotasunarekin lotura nabarmena. Asteburuari begirako izaera du. Eta, bestetik, irakurtzeko arinagoa da. Kolaboratzaileak mantendu egin ditugu: Oarsoko Hitza-n, ON-n eta Behe Bidasoako Hitza-n kolaboratzen zutenak dauzkagu Boga-n. Produktu berria sortzearen arrazoietako batek ere eremuarekin du lotura. ON bakarrik Oarsoaldean argitaratzen zen, eta, Bidasoarekin bat eginda, produktu berri bat behar genuen.

Nola joan da Oarsoko Hitza eta Behe Bidasoko Hitza-ren arteko ezkontza?

Hasiera zaila izan da, funtzionatzeko modua aldatu delako. Kuota batzuk ezarri dira eskualde baterako, baina kuota horiek ez dira zurrunak. Orain naturaltasunez ari gara, eta nabaritzen ari da.

Interneten herri bakoitzak bere Hitza du. Nola doa hori?

Hasiera batean jendeari harrotza egin zaio webgune bakarra egon beharrean herri bakoitzak bere webgunea izatea. Jendea pixkanaka ohitzen ari da, eta irakurle kopuruetan nabaritzen ari gara. Aldi berean, herri bakoitzak sortzen duen informazioa webgune orokor batera doa.Sare sozialen loturak ere hor daude, eta horiekin ari dira heltzen fruituak. Eskualdetik kanpo bizi diren lagunen iruzkinak iritsi zaizkigu.

Nor elkarrizketatuko zenukete gustura Boga-rako?

Paco Rabannen atzetik gabiltza. Egunen batean lortuko dugu bere lurrinak gure Boga-ra ekartzea.

Euskarazko hedabideek agerraldia egin zenuten aurreko astean.

Euskarazko hedabideok asko ematen dugu, eta erakundeen aldetik gutxi jasotzen. Diru laguntzen bidea da bata eta publizitate instituzionalarena bestea. Gipuzkoan egunkari irakurrietan bigarrena da Hitza, eta erakundeek ez dute kontuan hartzen publizitate instituzionala jartzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.