Harkaitz Cano idazlea New York hiriaz hizketan hasi da. «Idaztera joan nintzen, ikustera zer zen idaztea. Beraz, idazle egin ninduen hiria izan zen, nolabait...». Bidaiaz eta nostalgiaz mintzo da idazlea. Joseina Etxeberria esatariak, berriz, Ludwig van Beethoven musikariaren Schinsucht (Nostalgia) pieza aurkeztu du, ahots eta pianorako lieda. Gai unibertsalak eta musika klasikoa aurrez aurre jartzen ditu Bi ahotsetan podcast berriak. Donostiako Musika Hamabostaldiaren eskutik, Ulu Media ekoiztetxeak grabatu du podcasta, eta EITB taldearen Guau audio plataforman zabalduko dute. Oraingoz, soilik Canoren lehen atala entzun daiteke. Baina sei atal izango ditu lehen denboraldiak, eta bi astean behin argitaratuko dituzte hurrengo kapituluak.
Atal bakoitzean «gai handi bat» jorratuko dute, gonbidatu batekin. Hala nabarmendu du Oier Arantzabalek, podcastaren zuzendariak. Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak izango ditu atal bakoitzak. «Heriotza, festa, heroiak eta jainkoak, bakardadea, maitasuna... askotariko gaiak izango ditu hizpide podcastak, Joseina Etxeberriak gidatuta».
Arantzabalen iritziz, musika klasikoa eta Donostiako Musika Hamabostaldia jende gehiagorengana iristeko modua eskainiko du podcast berriak. «Beste modu batean kontaktua izango ez genukeen jende horri musika klasikoaren arra pizteko, alegia».
Xabier Etxeberria da podcastaren ekoizlea. Azaldu du podcastean parte hartzeko gonbita egin zietela hainbat pertsona ezaguni, eta gehienek hasieran esaten zuten ez zekitela askorik musika klasikoaz. «Baina denek dituzte gauza interesgarriak kontatzeko, eta gai horiekin lotzeko musika doinuak bilatu ditugu». Gai bakoitza landuko den esaldi batekin hasten da beti podcasta, eta ondotik, Joseina Etxeberriak solasaldi «informala» abiatzen du gonbidatuarekin. Arantzabalek azaldu duenez, musikak soinu banda jartzen die gonbidatuen bizipenei.
Heriotzaz, Iñaki Peñarekin
Aitziber Garmendia aktorea da podcasteko gonbidatua festari eskainitako atalean. Leonard Bernstein, Jacques Offenbach eta Edward Elgar musikarien doinuak entzungo dira. «Ekoizleei hasieran beste zerbait esan nien, baina gero konturatu nintzen musika klasikoaz uste nuena baino gehiago nekiela», adierazi du Garmendiak.

Bakardadearen inguruko atalean, Edurne Pasaban mendizalea izango da gonbidatu. Heriotzari eskainitakoan, berriz, Etxeberria esatariak Iñaki Peña zainketa aringarrietako medikua izango du parez pare. Wolfgang Amadeus Mozarten Requiem-eko Lacrimosa entzun ahalko da atal horretan, baita Samuel Barberren Adagioa eta Frederic Chopinen sonata bat ere.
Lide Hernando musikari eta BERRIAko telebista kritikariak maitasunaren inguruan hitz egingo du beste atal batean. Horretarako, Franz Liszten Liebesträume. Drei Notturni (Maitasun ametsak) melodia izango dute bidelagun.
Bi ahotsetan podcastaren azkeneko atalean, Julen Martija pilotaria gonbidatuko dute —pianoa ere jotzen du—. Heroien inguruan mintzatuko da, eta aukeratutako musika Beethovenen hirugarren sinfonia izango da.