Gai ikusezinak entzunaraziz

Ainhoa Vitoriak, Cristina Tapiak eta Iñigo Antsorregik 'Yoko Ona', 'Harresi ikusezina' eta 'Korapiloak' podcasten esperientzien berri eman dute Parentesi jaialdian, Donostian.

Ines Azpiazu —moderatzailea—, Ainhoa Vitoria, Iñigo Antsorregi eta Cristina Tapia, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Buru osasunarekin lotutako elkarrizketak, Irunen (Gipuzkoa) dauden migranteen errealitatea, eta emakumeen bideopodcast bat. Korapiloak, Harresi ikusezina eta Yoko Ona. EITBko hiru podcast horien gidariak Euskal podcastgintza mahai inguruan aritu ziren atzo, Donostian, Parentesi jaialdiaren lehen aldian. Iñigo Antsorregik, Cristina Tapiak eta Ainhoa Vitoriak azaldu zuten podcasten munduak etorkizun ona duela. Tapiak oso argi du: «Nahieran entzuteko aukera hori gelditzeko etorri da».

Esatari bakoitzak bere podcastaren ingurukoak kontatu zituen. Yoko Ona podcastaren aurkezlea da Vitoria: «Podcast batek patxadaz aritzeko aukera ematen dizu. Dena prestatu behar duzu, istorioak kontatu behar dituzu». Gaztea-ko esatariarentzat, Yoko Ona «goxoki» bat da. «Olatz Salvador eta Lore Billelabeitia erreferenteak dira niretzat, plazera da haiekin batera aritzea. Bi musikariak beren roletik kanpo daude, baina gauza oso interesgarriak dituzte kontatzeko».

Yoko Ona-ren lehen denboraldian musikan zentratu ziren. Bigarren denboraldian, beste gai batzuk jorratzen hasi ziren, etaAndrea Aranburu batu zen taldera. Atal bat oso gogoan du Vitoriak: «Hilekoari buruz hitz egin nahi genuen atal batean, eta gaiaz dakien norbait ekarri genuen: Veronica Satrustegi. Eta asko ikasi genuen. Bitxia da, baina gai guztietan Salvadorrek eta Billelabeitiak topatzen dute zerbait komunean gonbidatuarekin».

Bestelakoa da Harresi ikusezina dokumental-podcasta. Tapia da zuzendaria: «Berakoa [Nafarroa] naiz, eta ahizpa Urruñan [Lapurdi] bizi da. Errepide bazterrean ikusten nuen jendea. Irakurtzen dituzu albisteak, baina pertsonak ikusten dituzunean eta errealitate horrek eragiten dizunean, hasten zara gaiaz pentsatzen». Ulu Media ekoiztetxekoek istorio bat ikusi zuten hor, eta grabaketak egiten hasi zituzten. Ez dute prozesu erraza izan. Urte eta erdiz aritu ziren grabatzen, jakin gabe zer forma hartuko zuen.

Antsorregiren Korapiloak podcasta gidoilariak proposamen bat jaso zuelako sortu zen. Buru osasunari buruzko tarte bat egitea eskatu zioten ETBko Biba zuek saioan, eta gero hori podcastera eramatea. «Banuen gogoa elkarrizketatzaile rolean neure burua probatzeko. Bestetik, garrantzitsua iruditzen zitzaidan publikoari buru osasunarekin lotutako gaiak helaraztea».

Elkarrizketak askotarikoak izan daitezke podcastetan. Tapiak bizi izan du hori: «Migranteak izan dira zailenak elkarrizketatzeko. Haiengana joan izan garenean, egoera berezia izan da. Ulertu behar da Irunen [Gipuzkoa] egoera zailean daudela. Barrutik haustea izan daiteke haientzat elkarrizketa bat. Gogorra izan zen prozesua, eta pentsatu izan nuen gelditu egin behar nuela». Grabaketen ostean Ulu Mediako langileak «gaizki» joaten ziren etxera. «Batek kontatzen dizunean 2 urteko haurra hil zaiola itsasoan, zein da hurrengo galdera?».

Antsorregiri ere asko kostatu zaio gai batzuekin lan egitea: «Eskizofrenia, alkoholismoa, agerraldi psikotikoak eta halako gaiekin hasten zarenean, zaila egiten da». Gonbidatuek egun berean bi elkarrizketa grabatzen dituzte: telebistarako eta podcasterako. «Askotan telebistakoaren ostean elkarrizketatuak lasaitu egiten dira podcastean. Ni, berriz, aje emozionalarekin ateratzen naiz sarri».

Soilik entzutekoak dira Harresi ikusezina eta Korapiloak. Ikusteko ere bada Yoko Ona. Vitoria horretaz ere aritu zen solasaldian: «Gaztea unibertsoa dela esaten gabiltza, eta hor irudia ere badago. Apustua da Youtuben erakustea». Jendaurreko atal bat ere egin zuten Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, sexuari buruz. «Soilik han zeudenentzat izan zen, Onintza Enbeitarekin. Badugu gogoa horrelako beste bat egiteko», gaineratu zuen Vitoriak.

Antsorregi gustura dabil podcastarekin, eta zera aipatu zuen: «Korapiloak izan badaiteke jendeak gai hauez naturaltasunez hitz egiteko, zoragarri. Askok esaten didate identifikatuta sentitzen direla elkarrizketekin».

Vitoriak, berriz, «poza» hartu ohi du entzule mutilen batek idazten dienean. «Baina oraindik falta da mutilak publikoki azaltzea Yoko Ona podcasta entzuten dutela esanez».

Parentesi gaur amaituko da

Parentesi jaialdia gaur amaituko da, bi mahai ingururekin:eguerdian, podcasten etorkizunaz mintzatuko dira OierAranzabal (Barruan gaude eta Artxipelagoa), Ines Hernand eta Nerea Perez de las Heras (Saldremos mejores) eta Jorge Carrion (Solaris). 19:00etan, berriz, feminismoaz eta aniztasunaz hitz egingo dute Arsénico Caviar-eko Beatriz Serranok eta Guillermo Alosnok, eta No hay negros en el Tibet-eko gidari Frank T-k. Koldo Mitxelenan izango dira solasaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.