Gabon gauean, 'Herri txiki, kantari' ETBn

Euskal kantu ezagunak abestuko dituzte bihar gauean euskarazko katean. Gau berean, ETB2k 'Dancing Laguardia' saioa emango du

Gure Zirkua osatzen duten artistek aurreneko aldiz kantatuko dute ETB1eko Gabon gaueko saioan. ETB.
urtzi urkizu
2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Olentzeroren etorrera eta euskal kantuen gaua banaezinak dira Euskal Herrian. Bihar Gabon gauean ETB1ek Herri txiki, kantari saioa emango du, 23:15ean. Hainbat eremutako pertsona ezagunak azalduko dira kantuan, eta aurkezle lanak Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadizabalek egingo dituzte. Laugarren urtea da Herri txiki, infernu handi saioko aurkezleek gidatzen dutena ETB1eko Gabon gaua, eta, aurreko hiru urteetan bezala, Mungiatik (Bizkaia) arituko dira.

ETB1eko saioaren klasiko bat Eusko Legebiltzarreko taldepolitikoetako ordezkariak elkarrekin kantuan jartzea da. Eta biharko emankizunean, Benito Lertxundiren Itsasoari begira kantatuko dute Andoni Ortuzarrek (EAJ), Jone Goirizelaiak (EH Bildu), Lander Martinezek (Elkarrekin Podemos), Eneko Anduezak (PSE-EE) eta Laura Garridok (PP).

ETB1eko Gabon gauean aurreneko aldiz azalduko dira, ordea, Gure Zirkuko artistak. Bi gizarte mugimenduk ere presentzia berezia izango dute biharko programan: pentsiodunek eta emakumeek. Mobilizazioetan ibili den pentsiodun talde batek L'estaca kantaren euskarazko bertsioa abestuko du. Emakumeen aldarriak islatzeko, berriz, ETBko albistegietako lau andrek Urtz taldearen Ez gaitu inork geldituko eta Huntzaren Zer izan kantatuko dute.

Aitzol Atutxa eta Iker Vicente aizkolariek Mendian gora abestuko dute: Super Amara Bera Bera eskubaloi taldekoek Maixa eta Ixiarren Eguna jaio arte kanta; eta zazpi euskaltzainek, Xabier Leteren Kontrapas.

ETBko saioetako aurpegi ezagunak ere azalduko dira kantuan: Go!azen telesailekoek Mugimenduan tinko kantatu eta dantzatuko dute; El conquistador saiokoek, Sorotan Beleren Arratsalde honetan; eta sukaldaritza saioetako aurkezle Zigor Iturrietak, Joseba Argiñanok, Ander Gonzalezek, Gabriela Uriartek eta Javi Sierrak, Gozategiren Kalanbreak.

Kantuez gain, zenbait kirolari ospetsurekin grabatutako bideoak tartekatuko dituzte. Beste alde batetik, Mikel Laboa zenari omenaldi txiki bat egingo dio Zuhaitz Gurrutxagak, Erramun Martikorenarekin batera.

Herri txiki, infernu handi saioaren 100 atalak ospatzeko, berriz, Zamudioko, Gamiz-Fikako eta Arrietako (Bizkaia) hainbat herritarrek ezusteko bat eramango dute programara: Izaro Andresen La felicidad kantaren bertsio berezi bat interpretatuko dute, bideoklip umoretsu batean.

Plentziako (Bizkaia) Kantaguneko Lagunak eta Mungiako Barikuetako Kantariak taldeek Txomin Artolaren Aberriaren mugak abestuko dute.

Eguberri egunean berriro ikusi ahalko da saioa ETB1en, 12:25ean.

ETB2k Gabon gauean Dancing Laguardia musika eta dantza saioa emango du, 21:45ean. Dantza erraldoi batek Guardia (Araba) herria zeharkatuko du. Ion Aramendi aurkezleak —¡Qué me estás contando! aurkezten du ETB2n— Gotzon Poza koreografoaren laguntza izango du, eta hainbat lagun topatuko ditu herrian: Oscar de Marcos futbolaria, Azkoa flamenko dantzaria, Joseba Beloki txirrindulari ohia, Titin III.a pilotari ohia eta Javi Sierra sukaldaria.

'Gau magikoa' ikuskizuna

Egunotan, bestelako emankizun berezi batzuk ere programatuko ditu Euskal Telebistak. Esate baterako, ETB3k Gontzal Mendibilen Gau magikoa ikuskizuna emango du gaur, 20:00etan —asteartean, Eguberri egunean, berriro ikusi ahalko da ETB1en, 16:00etan—.Antzerkia, musika eta kantuak uztartzen ditu ikuskizun horrek, eta eskolatik ihes egiten duten gazte batzuen abenturak kontatzen ditu.

Abenduaren 30ean, Berriro Gabonak ikuskizuna emango du ETB3k. 3txulo saioko pertsonaien ikuskizun berezi bat izango da.

Gabonen amaiera aldera, berriz, beste ikuskizun bat emitituko du ETB3k: Ene kantak jai erraldoia. Urtarrilaren 5ean izango da ikusgai, 20:00etan —urtarrilaren 6an errepikatuko dute, 14:30ean—. Nafarroako erraldoien eta kilikien zazpi konpartsatako 32 erraldoik parte hartuko dute jaialdi horretan. Iruñeko emanaldia grabatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.