Ikusle datuak

Gabarraren saioak %30,3ko ikusle kuota izan zuen ETB2n; %7,8koa, ETB1en

Atzo egun osoan ETB2k %15,9ko batez besteko kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ETB1ek, %5,1ekoa.

Athleticeko jokalarien ospakizuna, atzo. MIKEL MTZ. DE TRESPUENTES / FOKU
Athleticeko jokalarien ospakizuna, atzo. MIKEL MTZ. DE TRESPUENTES / FOKU
urtzi urkizu
2024ko apirilaren 12a
10:00
Entzun

Nahiz eta Euskal Herriko athleticzaleen ehuneko handi bat Bilbo Handiko kaleetan edo ibaiertzean izan zen atzo talde zuri-gorriaren garaipena ospatzen, telebistaz ere milaka lagunek ikusi zuten Espainiako Koparen ospakizuna. Gabarraren gaineko zuzeneko saio bereziek bost ordu baino gehiago iraun zuten ETB1en eta ETB2n, eta talde publikoak baliabide ugari erabili zituen (helikoptero bat, katamarana, droneak hirian zehar...). Euskarazko katean emanaldiak %7,8ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (33.000 ikus-entzule). ETB2ko emanaldiak, berriz, %30,3ko kuota izan zuen (111.000 ikus-entzule). Edonola ere, ikusle horiek baino askoz gehiagok sintonizatu zuten tarteren batean ETB. 678.000 herritarrek ikusi zuten uneren batean Athleticen ospakizuna. Hamaikak ere tarte luze batean Athleticen ospakizunak eman zituen, EITB Youtubeko kanalean egiten ari zen emanaldia baliatuta.

Ostegun baterako, eguneko batez besteko kuota oso handia lortu zuten atzo ETB1ek eta ETB2k: euskarazko katearen egun osoko batezbestekoa %5,1 izan zen. ETB2rena, berriz, %15,9. ETB2ko albistegiek ere sekulako datuak izan zituzten atzo: 15:00etakoak, %24ko kuota; eta gauekoak, %27,6koa. Azken horrek 165.000 ikus-entzule izan zituen.

Ospakizunen datu handi horiekin batera, gogoratu beharrekoa da joan den larunbateko finalaren penaltiek marka bat ezarri zutela: %83ko ikusle kuota. Aurreko marka 2010eko Munduko Kopako finaleko luzapenak zuen; Espainia eta Herbehereak izan ziren final hartan lehian, eta luzapenak %80,4ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Itzuliak datu hobeak iaz baino

Baina dena ez da Athletic kirol munduan. Eta nabarmentzekoa da joan den astean Euskal Herriko Itzuliak ere datu onak izan zituela: txirrindularitza probak, batez beste, %7,5eko ikusle kuota lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (euskaldunen artean, %14,8koa). Audientzia metatua 139.000 ikuslerena izan zen; eta aste osoan, 467.000 herritarrek ikusi zuten noizbait txirrindularitza proba ETB1en. Azkeneko etapak %10,1eko kuota izan zuen. Iaz, berriz, Itzuliaren batez besteko kuota %5,3 izan zen (euskaldunen artean, %11,1).

Pilota ere datu onak lortzen ari da etengabe. Agerikoa da buruz buruko txapelketako lehen partidek ikusmina piztu dutela. Lasok eta Bakaikoak joan den larunbatean jokatu zuten partidak %11ko kuota izan zuen. Gutxitan gertatu ohi den zerbait gertatu zen joan den larunbatean: ETB1ek egun osoan batez besteko kuota handiagoa izan zuen ETB2k baino.

ETBk kirol emanaldi garrantzitsuak eskainiko ditu datozen asteetan ere: aipatutako buruz buruko pilota txapelketaz gain, txirrindularitza denboraldiko 101 emanaldi aurreikusi ditu. Igandean, adibidez, Amstel Gold Race proba emango du, eta hilaren 17an, Fleche-Wallonne. Futbola ere ez da faltako: Realak eta Bartzelonak maiatzaren 18an Zaragozan (Espainia) jokatuko duten Espainiako Kopako finala ere emango du ETB1ek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.