Furgoneta kanperizatu onenaren bila hasi da Hamaika Telebista

Maiatzean estreinatuko dute programa berria. Aurkezlea Simon Macias eduki sortzailea izango da.

Hamaika Telebistaren 'Hamaikanper' saioa. HAMAIKA
Hamaika Telebistaren 'Hamaikanper' saioa. HAMAIKA
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 8a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ibilgailu edo furgoneta kanperizatu bat al duzu? Eta telebistan erakutsi nahi al duzu? Hau da zure aukera!». Modu horretan egin die deialdia herritarrei Hamaika Telebistak, Hamaikanper lehiaketarako partaideak lortzeko asmoz. Saio berri hori estreinatuko du euskarazko kateak maiatzean, eta Euskal Herriko ibilgailu kanperizatu onenak aurrez aurre lehiatuko dira.

Simon Macias @simonmontxu eduki sortzaile ezagunak gidatuko du programa. «Ibilgailuak kanperizatzeko orduan erakutsitako sormena, jasangarritasuna eta moldagarritasuna» balioetsiko ditu saioak hainbat erronkaren bidez. Gainera, kanper bizimodua ezagutzera emateaz gain, ikusleak naturara hurbilduko dituen udako saioa izango da: «Dinamikoa, entretenigarria eta askotariko esperientziak ezagutzeko aukera ezin hobea eskainiko duena».

Askotariko ezaugarriak dituzten pertsonak nahi ditu Hamaika Telebistak: familiak, lagun taldeak, bikoteak eta, oro har, natura maite duten guztiak. «Berdin dio zure ibilgailua furgoneta, autoa, bien arteko nahasketa edo zure neurrira egindako beste edozein kanperizazio mota den. Helburua ez da kanperizazio perfektua aurkitzea, baizik eta erakustea sormenez, grinaz eta dedikazioz edozein ibilgailu egokitu daitekeela», gaineratu dute saioaren arduradunek.

«Ez du axola zure furgonetaren tamainak edo diseinuak: garrantzitsuena kanperizazio berritzailea, jasangarria eta funtzionala izatea da», iragarri du Hamaikak. Saioan zehar, furgonetak espazioaren antolaketarekin, energia eraginkortasunarekin, jasangarritasun neurriekin eta klima baldintza desberdinetara egokitzeko gaitasunarekin lotutako probetan lehiatuko dira. Gainera, ikusleek beren furgoneta gogokoenaren alde bozkatzeko aukera izango dute.

Parte hartzaileen trebetasunak erakusteaz gain, Hamaikanper saioak haien istorioen, abenturen eta esperientzien berri emateko aukera eskainiko du. Parte hartzaile bakoitzak kontatu ahal izango du ere gurpil gainekoa nola bihurtu duen etxe, eta turismo autonomoaren askatasuna eta naturarekiko lotura nola bizi dituen.

Hamaikanper saioan parte izan nahi dutenek eta beren furgoneta telebistan erakutsi nahi dutenek erraza dute: Hamaikaren webgunean eman behar dute izena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.