Telebistako dokumental baten bitartez iritsiko dira, lehenbizi,euskarazko bertsoak Frisiara. Eta, bigarren pausoan, bertsoak frisieraz egiten ikasteko prozesua martxan jarri nahi dute datozen hilabeteetan —Elmar Kuiper poetak kantatu zuen frisierazko lehen bertso inprobisatua, urrian, Omrop Fryslan katean—.
Euskal kulturarekin lotutako aste bat antolatuko dute ekainerako Frisian —gonbidatuetako bat Xabi Paya izango da—. Euskal kulturaren eta frisiar kulturaren arteko harremanak sakondu nahi dituzte hor. Eta jaialdi horren atarian, Omrop Fryslan telebista kateak bertsolaritzari buruz egindako dokumental bat estreinatuko du —Frisian ez ezik, Herbehereetako lurralde guztietan ikusi ahalko da kate publiko nazionalean—. Lana euskaraz, frisieraz eta ingelesez izango dela iragarri du Bart Kingma kazetari eta dokumentalaren zuzendariak.
Euskal Herrian abenduaren 15etik 20ra izan dira dokumentala grabatzen. Kingmarekin batera, Jan Bensliman kameraria eta Elmar Kuiper poeta eta musikaria egon dira, baita Mirjam Vellinga Hizkuntzen Etxea proiektuko zuzendaria ere.
Joxan Goikoetxea musikariaren estudioan, Hernanin (Gipuzkoa), opari bat baino gehiago jaso dituzte Kingmak eta Vellingak. 1918. urtean Pello Errotak eta Txirritak jokatutako desafioaren bertsoak entzuten aritu dira—Idoia Noble itzultzaileak aldi berean itzuli dizkie bertsoak—, eta CD batean eraman dituzte duela 99 urteko bertsoak, dokumentalean erabiltzeko.
Finalarekin «hunkituta»
Joan den igandeko BECeko finaleko irudiak ere izango dira ikusgai dokumentalean. Eta, tartean, hainbat elkarrizketa, Kingmak azaldu duenez: «Saroi Jauregi Mintzola ahozko lantegian elkarrizketatu genuen, Villabonan [Gipuzkoa], eta txapelketaren antolaketaz aritu zitzaigun. Zarautzen [Gipuzkoa], Andoni Egañak bertsolaritzaren historiaz eta eboluzioaz hitz egin zigun. Imanol Lazkano bertsolariarekin ere egon ginen, frankismoaren garaiko bertsolaritzaz». Biriatun (Lapurdi), berriz, Amets Arzallus elkarrizketatu zuten. «Azaldu zigun zein den bere motibazio pertsonala bertsolari izateko, eta nola bizi izan duen aurreko txapelduna izatea. Erantzun oso sakonak eman dizkigu».
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko prestaketak grabatu zituzten. Eta finala bizitzea «oso hunkigarria» izan zela nabarmendu du Vellingak: «Emozio asko izan genituen. Guretzat sekulakoa izan zen ikustea nola 15.000 lagunek euskarazko inprobisazioarekin gozatzen zuten. Inspiratzailea izan zen. Agian guk antzeko zerbait egin dezakegu frisieraz; agian zerbait berria sor dezakegu Frisian». 2018an Europako kultur hiriburua izango da Leeuwarden —Frisiako hiriburua—, eta horrekin lotutako proiektuetan ari da lanean Vellinga. Kingmak azaldu duenez, 500.000 herritarrek hitz egiten dute frisieraz. «Baina horietako ehuneko txiki batek irakurtzen du frisierazko literatura». Vellingak eta Kingmak esan dute herritar gutxik erabiltzen dutela frisiera literaturarako, poesiarako eta sormenerako. «Erabilera praktikoa nagusitzen da».
Kingmak oroitu du 2016an ezagutu zuela bertsolaritza. Other Words proiektuko egonaldiaren barruan, Xilabako finalera joan zen, Baionara. «Liluratuta gelditu nintzen». Barakaldoko (Bizkaia) finala «sekulakoa» iruditu zitzaion: «Jakin genuen milaka eta milaka euskaldun finala telebistaz ere ikusten ari zirela. Hainbeste jende hizkuntza modu literario batean gozatzen ikustea zoragarria iruditu zitzaigun. Uste dugu ederra izan daitekeela hori guztia Frisian erakustea».
Vellingari, bestalde, interesgarria iruditu zitzaion finalean kantatutako bertsoetan «agenda soziopolitiko aurrerakoia» aurkitzea. «Bertso eskolen berri ere izan dugu bidaia honetan, eta oso interesgarria iruditu zaigu». Irungo (Gipuzkoa) Dunboa ikastetxean, bertso eskolak nola ematen dituzten grabatu dute.
Dokumentalak, printzipioz, 30 minutu iraungo du. Baina ez dute baztertzen bi atal egitea. Ekainean jakingo da hori.
Frisiatik, bertsolaritzaz bustitzera
Omrop Fryslan telebista kateak bertsolaritzari buruzko dokumental bat grabatu du. Frisieraz bertsotan egiteko saiakera egin nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu