Frantziako Asanblearako hauteskundeen bigarren itzulia dute bihar Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta hainbat komunikabidek emaitzak eta erreakzioak emango dituzte arratsean. BERRIAk bozetako emaitzak jarriko ditu webgunean igande gauean, eta Ipar Euskal Herrian eta Frantzian gertatzen denaren berri eman. Euskal Irratiek (Gure Irratia, Antxeta Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza) 18:30ean hasiko dute emankizun berezia: mahai inguruan, 19:30ean hasita, Pauline Guelle, Battitta Boloki, Andde Saint-Marie eta Jojo Bidart ariko dira solasean. Erreakzioak eta analisiak ez dira faltako. BERRIAren webgunean ere entzun ahalko da Euskal Irratien emankizuna.
EITB taldeak ere hauteskundeei erreparatuko die bihar: ETB1eko eta ETB2ko albistegiak Paristik egingo dituzte, Lierni Agirrezabalak eta Xabier Ormazabalek gidatuta. Mikel Reparaz, Olatz Arrieta eta Iñaki Esnal kazetariak ere han izango dira. Bestalde, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak albistegietan tartea egingo diote egunak emango duen guztiari, eta emaitza guztiak Eitb.eus webgunean, EITB Albisteak aplikazioan eta sare sozialetan ere emango dituzte.