France4 LTDtik kenduko dute, eta soilik Internet bidez ikusi ahalko da

France3ren tokiko saioak hirukoiztu nahi dituzte, eta sinergiak garatu France Bleu irratiarekin

Françoyse Nyssen Frantziako Kultura ministroa, artxiboko irudi batean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
urtzi urkizu
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezko sektorearen erreformaren hainbat zertzelada eman zituen atzo Frantziako Kultura ministro Françoise Nyssenek, eta iragarri zuen France4 katea lurreko telebista digitaleko eskaintzatik kenduko dutela —hemendik aurrera soilik Internet bidez ikusi ahalko da—. France4 kate publikoak 2005. urtean hasi zituen emankizunak —Festival izeneko katearen tokia hartuta—, bereziki haurrentzako eta gazteentzako edukiekin. Gauean helduentzako programak ere ematen ditu, gehienbat telesailak eta magazinak. Ministroak nabarmendu du kate hori berriro diseinatuko dutela, digitalean hartzaile gazteengana iristeko helburuarekin. Gazteentzako irrati bat ere jarriko dute martxan, Franceinforekin elkarlanean.

Beste alde batetik, France3 kateko tokiko saioen orduak hirukoiztu egin nahi dituztela iragarri du gobernuak. Horretarako, kateak France Bleue irratiarekin sinergiak baliatu beharko dituela azaldu du Nyssenek. Iban Etxezaharreta irratiko esatariak azaldu duenez, Parisen eta Marseillanhasiko dira «esperimentatzen»: France3k eta France Bleuk goizak komunean egingo dituzte. «Litekeena da aurrera begira digitalean pantaila komun bat izatea telebistak eta irratiak. Baina ez dizkigute xehetasunak eman. Tokiko arduradunak ere zain daude», gaineratu du Etxezaharretak.

France3 Euskal Herrian gaur egun hamabost langile ari dira beharrean; astegunetan zazpi minutuko albistegia egiten dute, larunbatetan magazin bat, eta hilean behin Txirrita saioa, igandez—euskaraz, 26 minutukoa—. Bordeleko eskualdeko albistegirako ere lantzen dituzte berriak. Rene Garat berriemaileak zalantza handiak ditu France3ko tokiko orduak hirukoiztuko dituzten berriarekin: «Ez dut uste halakorik gertatuko denik. Euskal Herrian, ziur ezetz. Egun, esate baterako, lantaldeko langile bat eri jarriz gero, ez dute ordezkatzen». Garatek aipatu du FranceinfoTV katean irratiko emankizunak grabatu eta emititzen dituztela. «Modu horretan bikoizten dituzte telebistako orduak».

2019an, aldaketa gehiago

France4 LTDtik kendu ez ezik, France O katea ere —atzerriari eskainia dago— aurki desager daiteke. «Beharrezkoa izango da Frantziatik kanpo bizi diren herritarrei galdetzea eskaintzen zaien zerbitzuaren inguruan eta ea bestelako eskaintza digitalak egitea egokiagoa izan daitekeen», esan du Kultura ministroak. France O ixteak 20 milioi euro aurreztea ekarriko lioke France Televisions taldeari.

Nyssenek iragarri du ikus-entzunezko enpresen artean sinergiak garatzen saiatuko direla, «eraginkortasunean» eta «ikusgarritasunean» irabazteko.

2019. urtean ikus-entzunezko publikoen erreformaren bigarren partea iritsiko da. Orduan hartuko dituzte finantzaketaren eta gobernantzaren erreformari buruzko erabakiak. Horrez gain, CSA Frantziako Ikus-entzunezko Kontseiluaren botereak eguneratu egingo dituzte, arautze berriarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.