France3ko 'Euskal Herri' albistegia salbatzeko deia egin dute langileek

Parisek erabaki du 2018an bertan behera uztea telebista publikoko tokian tokiko emanaldiak

France3 Euskal Herri-ren alde 2012an eginiko elkarretaratzea. Antzeko irudia ikusiko da gaur Baionan. GAIZKA IROZ.
Edu Lartzanguren.
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Defenda dezagun France3 Euskal Herri», idatzi zuen atzo Euskal Elkargoko presidente Jean-Rene Etxegaraik Twitterren. Frantziako telebista publikoko saioa Ipar Euskal Herriaren eta «gure tokian tokiko demokraziaren ondarea» dela gaineratu zuen Etxegaraik. Gaur kalera ateratzeko eskatu diete herritarrei saioko langileek. Izan ere, France3ko zuzendaritzak joan zen astean iragarri zuen 2018ko urtarrilaren 1ean bertan behera geratuko direla kateko tokian tokiko albistegiak. Euskarak France3ko albistegietan duen denbora apurra ere arriskuan jarri du erabakiak.

«Urtarrilean 25 urte beteko ditu Euskal Herri albistegiak», azaldu du Allande Boutin kazetariak, «baina urteurren tristea izango da». Hainbat ondorio ekarriko ditu Parisen erabakiak, langileek adierazi dutenez: albistegi beteranoa galtzea, euskarazko informazioa amaitzea, lanpostuak galbidean jartzea, eta larunbat gaueko Ipar Euskal Herriaren inguruko magazina arriskuan jartzea.

Urte luzeko hilzoria

Duela urte batzuk, tokian tokiko albistegiak 40 ziren France3 katean. Gaur, 15 baino ez dira geratzen. Euskal Herrikoaz gain, Bretainian bi daude (France3 Brest eta Finistereko France3 Iroise) eta beste bat Ipar Katalunian (France3 Perpignan). Horiek guztiak kendu nahi dituzte orain, dirua aurrezteko aitzakiarekin.

Eguneroko zazpi minutuko albistegiak dira France3ko tokian tokiko tarteak. Langileek salatu dutenez, halako tartea egiteko langile gehiegi daudela argudiatu du Parisek. «Lehen 10 minutukoak ziren tarteak, baina Parisek berak erabaki zuen murriztea», esan du Andde Irosbehere France3ko langileak.

Zuzendaritzak ematen duen beste arrazoi bat: emanaldiak ezin dira jaso kable bidezko telebistan, ezta sateliteren bidez ere. Baina langileek urteak daramatzate Parisi eskatzen tokian tokiko tarteak horietan ere emateko bidea eman zezan. «Ez dute ezer egin», esan du Boutinek, «eta, orain, aitzakia darabilte».

Arriskuan dago Boutinen taldeak larunbat gauean egiten duen magazina. Erreportajeak ematen dituzte, eta, Boutinen arabera, herenak euskarazkoak izan ziren iaz. Kazetariak Txirrita saioa egiten du hiru igandetik batean, eta hori, printzipioz, ez dago zuzenean arriskuan. «Bai, ordea, zeharka». Izan ere, artxiboko irudiekin egiten duBoutinek. Baina artxiboa ez bada irudi berriekin elikatzen, ezingo du lanean jarraitu geroan. Txirrita-k, gainera, ez du gaurkotasuna jorratzen, albistegiek ez bezala. «Euskarak antenan presentzia izan dezan engaiamendu batzuk izan dira orain arte, baina ez dakigu orain zer gertatuko den», adierazi du Irosbeherek.

Ipar Euskal Herriari, Paueri eta Perigord eskualdeari eskainitako tarteak galduz gero, Bordeletik arituko dira horien guztien inguruan urtarrilaren 1etik aurrera.«Oso gune handia jorratu beharko dute», esan du Boutinek. «Norbaitek uste du ikastolen inguruko albisteei buruzko erreportajerik eskatuko digutela Bordeletik? Edo pastoral batez, edo Atharratzen eginiko mobilizazio bati buruz?», galdera bota du. «Korrespontsalak bihurtuko gara», erantzun dio kazetariak bere buruari.

Boutinek eta Irosbeherek ez dute uste 2018an langileak kalean geratuko direnik. «Kaleratzerik ez dela izango esan digute. Baina litekeena da erretiroa hartzen dutenak ez ordezkatzea, eta ordezkapenak egiten gabiltzanok berriz ez kontratatzea», esan du Irosbeherek.

Hitzordua dute France3 Euskal Herri tarteko sostengatzaileek gaur, 12:00etan, Baionako Industria eta Merkataritzan Ganberaren aurreran. Euskal Elkargoak bezala, Ganberak ere sostengua agertu die langileei. Boutinek gogoratu duenez, ETBk Iparraldearen Orena albistegiak jarraituko ote zuen zalantzan jarri zuenean ere mobilizazio handiak egon ziren, eta haiei esker lortu zuten albistegiari eustea. «Benetan pozgarria da sostengua sentitzea», esan du Boutinek. Tartean Iparraldearen errealitatearen aniztasuna islatzen dutela gaineratu du. «Euskara gutxiegi, agian. Baina hori ere kendu nahi dute orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.