Komunikazioa

'France3 Euskal Herri'-ren aldeko elkarretaratzeak gaur 13 herritan

«Pantaila beltz» egiteko deialdia egin dute Ipar Euskal Herriko kultur eta gizarte eragile zein hautetsi ugarik

Ipar Euskal Herriko hainbat esparrutako lagunek egin dute gaurko elkarretaratzeen deialdia. BERRIA.
urtzi urkizu
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
France3 kate publikoko Euskal Herri albistegiaren etorkizuna kolokan da, eta emankizun hori mantentzeko eskaera egiten ari dira azkeneko asteetan Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hainbat arlotako lagunak. Eskaerak zein mobilizazioak. France3 Euskal Herri Ez Hunki elkarteak deituta, gaur arratsaldean elkarretaratzeak egingo dituzte hamahiru herri eta hiritan. 19:10ean hasiko da Pantaila beltza izeneko protestaldia, eta horrekin France3 ez ikusteko eskatuko dute. Honako herri eta hiri hauetan egingo dituzte elkarretaratzeak: Iholdi, Garazi, Donibane Lohizune, Baigorri, Hazparne, Hiriburu, Senpere, Uztaritze, Itsasu, Donapaleu eta Baionan. Guztietan, udalen sostengua dute protestaldiek.

Baionako protestari garrantzi berezia eman diote antolatzaileek. Bertan, pantaila beltz bat irudikatzearekin batera, azken bi asteotan emisiotik kanpo geratu diren berri guztien zerrenda zabalduko dute. Txalaparta eta kantua ere izango dira protestaldian.

Albistegirik ez egunotan

Omiasainduko oporrekin bat, hamabost egunez France3k tokiko albiste saioak eten egin ditu. Tartean Euskal Herri albistegia. Abenduko Eguberrietako oporretan ere astebetez saioa eteteko asmoa du kate publikoak. Eta halakorik ez egiteko deialdia egin dute kultur eta gizarte eragileek, baita hautetsiek ere. «Saioa kentzea ezin onartuzkoa da. Bi astez itxi izana eta Eguberrietan itxiera mantentzea gaitzesten dugu», adierazi du Franck Dolosor ETBko kazetari eta France3 Euskal Herri Ez Hunki elkarteko kideak. «Dirua aurrezteko beharra aipatzen dute France3ko arduradunek, baina txikienei egiten dizkiete murrizketak, eta bat ere ez Parisen». Kontuan hartu behar da albistegiak 20 urte dituela eta oso ikusle datu onak dituela. «Horrek frogatzen du zergatik den erantzuna hain zabala».

Gaurko elkarretaratzeen aurretik, beste bi protestaldi egin dituzte Lapurdin. Eta, horrez gain, udaletan mozioak onartu dituzte; France3ri eskatu diote saioa ez eteteko. Mozioetan adierazi dute «lurraldearen ukatze gisa» sentitzen dutela etetea. «Mozio horiek Frantziako Kultur eta Komunikazio ministroari helarazi dizkiogu, eta ez dugu inongo erantzunik izan. Euskal Herriarekiko errespetu handiagoa espero genuen», adierazi du Jean Rene Etxegarai Baionako hautetsiak.

Kateko arduradunek 700.000 euro aurrezteko asmoa azaldu dute etetearen argumentutzat. Fabien Cordier Baionako taldeko langileak, berriz, azaldu du 15 langileko taldea ez dela gastu horien oinarrian: «Itxurazko murrizketa bat da». Adierazgarria da Interneten ere tokiko berri sailak aurkitzeko bideak zaildu dituztela.

Deialdi aniztunak

Testuinguru horretan, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hainbat esparrutako lagunek egin dute deialdia gaurko elkarretaratzeetan parte hartzeko. Herenegun egin zuten aurkezpenean parte hartu zuten L'Atalanteko lehendakari Jean Pierre Saint-Picqek, Bizi mugimenduko kide Txetx Etxeberrik, Maialen Errotabehere kantariak, Jean Rene Etxegarai hautetsiak eta Franck Dolosor ETBko kazetariak. Herritarren %90 ordezkatzen duten 95 hautetsik bat egin dute, halaber, saioaren aldeko mozioekin. Parisen, ordea, oraingoz, entzungor egiten ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.