'France3 Euskal Herri' itzuliko da, hiru hilabeteko etenaren ostean

Astelehenean hasiko da saioa, eta uda osoan emango dute. 'Txirrita' saioa irailean bueltatuko da

France3 Euskal Herri saioaren aldeko elkarretaratze bat, 2012an. BOB EDME.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Martxoaren erdialdean, COVID-19aren krisialdia iritsi zenean, France3 kateko lurralde zerbitzuetako edukiak berrantolatu egin zituen talde publikoko zuzendaritzak. Akitania Berriko eskaintza Poitou-Charentes eta Limousin erregioekin elkartu zuen France Televisionsek, eta, orduz geroztik, ez da euskarazko edukirik entzun France3n. «Zeharreko biktima izan gara», azaldu du France3 Euskal Herri-ko lantaldeak. Baina eten hori bukatzear da. Datorren astelehenean itzuliko da France3 Euskal Herri albistegia, 18:55ean. Uda osoan emango dute, gainera.

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako informazioa lantzen duen taldea kezkatuta zegoen egoerarekin. Gizarte arloko jende asko ere bai. Max Brisson Les Republicains alderdiko senatariak igandean txio bat idatzi zuen salatuz udan ez zela France3 Euskal Herri izanen. Astelehenean, ordea, France3ko Akitania Berriko zuzendaritzak erantzun zion ez zela hala izango. Saioko lantaldeari ere jakinarazi zion datorren astean itzuliko dela lurraldeko tarte berezitua.

Azkeneko hiru hilabeteetan, France3 Euskal Herri-ko lantaldeak egin ditu erreportajeak aipatutako hiru erregioen saiorako, baina euskaraz ez du tarterik izan. Allande Boutin kazetariak nabarmendu du hilabeteotan gehiago aritu direla webgunerako artikuluak idazten. «Artikuluak euskaraz idazteko baimena eskatu nuen Akitania Berriko zuzendaritzan, eta baiezkoa jaso nuen. Horrenbestez, ohi baino artikulu gehiago argitaratu dira euskaraz France3ren webgunean. Dena den, osagarrizko lana egiten aritu gara, gehienak etxetik».

Baina lantaldea ez zen konforme udan France 3 Euskal Herri saioa ez egitearekin. Boutinen arabera, Akitania Berriko zuzendariak presioa egin du euskarazko eta gaskoizko saioak itzul zitezen. Horrenbestez, Euskal Herriko albistegi propioan euskara entzungo da berriz ere, mintzakideak euskaldunak direnean. Tokiko albistegia egitera itzuliko dira, hiru hilabeteren ostean.

'Txirrita' ere bueltan da

Koronabirusaren krisia iritsi zenean, Txirrita euskarazko emankizuna ere eten egin zuten. Baina Boutinek iragarri du ez dela behin betiko etena izango. Uztailaren hasieran Txirrita-ren erreportaje berezi bat egingo du Garrüze (Nafarroa Beherea) herriari buruz. Era berean, irailean ohi bezala egingo dute saioa. Txirrita saioa euskara hutsean gidatzen du Boutinek France3rentzat, hiru igandetik behin. 2012ko urrian estreinatu zuten.

France3 Euskal Herri-ko lantaldearen euskarazko lehen emankizuna 1971. urtean ikusi ahal izan zen, ETB sortu baino 11 urte lehenago. Behin baino gehiagotan egon da kolokan France3 Euskal Herri saioaren iraupena, baina, azkeneko urteetan, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ideologia guztietako eta alor askotako eragileen eta norbanakoen babesa jaso izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.