Omiasainduko oporraldietan France3 Euskal Herri berrisaila ez zuten egin. Eta datorren astean gauza bera gertatuko da. Hala, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako albisteak jaso gabe geldituko dira bost egunez France3ko ikus-entzuleak.
Azaroan mobilizazio ugari izan ziren etenaldi horien aurka. Hamabost elkarretaratze egin ziren, eta ehunka pertsona irten ziren kalera. Larunbat honetarako beste protestaldi batera deitu dute: giza kate handi bat France3 Euskal Herri-ren alde. Baionako merkatuan izango da protestaldia, 16:30ean.
«Mobiliza gaitezen bertako errealitatea eta gaurkotasuna islatzen duen berri saioa sostengatzeko. Mobiliza gaitezen Ipar Euskal Herritarrok bertako berriak entzuten eta ikusten segitu ahal izateko», aldarrikatu dute Txetx Etxeberri eta Franck Dolosor France3 Euskal Herri Ez Hunki elkarteko kideek. «Segi dezagun mobilizatzen eta larunbatean jende andana bat bil gaitezen France3 telebistako erredakzio lokalari sostengua adierazteko. Eta telebista kate publikoari Ipar Euskal Herriko saioa atxikitzeko eta errespetatzeko eskaera egiteko».
Murrizketen arriskua
Frantziako Kultura ministro Aurelie Filippettik berriki azaldu du datorren urtea ez dela hobea izango France Televisions taldean: «France3ko aurrekontuaren murrizketa handiagoa izango da 2013an, France Televisions taldeak ahalegin ekonomiko handi bat egin behar baitu. Egoera horretan, behin-behineko lana gutxiagotzeko neurriak areagotu egingo dira». France3 Euskal Herri Ez Hunki elkarteko kideak ez dira batere gustura gelditu erantzun horrekin eta Parisen bilera bat egiteko eskaera egin dute.
Komunikazioa
'France 3 Euskal Herri'-ren aldeko giza katea larunbat honetan Baionan
Hilaren 24tik 28ra France3 kate publikoak ez du egingo Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko saioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu