Zortzi urtez ETB2ko arratsaldeetan aritu eta gero, denboraldi honetan ETB1en ari da Klaudio Landa (Ea, Bizkaia, 1967). Euskarazko aurreneko late night-a aurkezten du, astelehenetik ostegunera.
Zer moduz joan zaizkizu aurreneko asteak Egunak egin du saioa aurkezten? Eroso sentitzen ari zara?
Oso ondo joan dira lehen asteak. Saioa ikusten dudanean, nabaritzen dut gustura nagoela. Eginez joan gara. Kontuan hartu behar da pertsonekin egiten dugula lan, eta niri sentimenduen kudeaketa bat egokitzen zait. Arlo soziologikoan eta giza harremanetan ere asko ikasten ari naiz gauero.
Sorginen laratza-ren garaietara itzultzea bezala al da zuretzat saio berri hau?
Ez, desberdina da. Iragana iragana da. Sorginen laratza-k bere zama du herri honen telebistagintzan. Baina orain beste zerbait egiten ari naiz. Erreferentziak bilatzen dira, eta konexioak egiten dira garai bateko Klaudiorekin. Baina ez da Klaudio bera.
Telebistaren mundua ere asko aldatu da.
Bai, eta egun bizi dugun eraldaketa teknologikoak guztiz baldintzatu du. Kontsumoa aldatu egin da. Horrek guztion lana baldintzatzen du. Egunak egin du gauez ikustekoa da, adibidez, baina konturatu gara edozein ordutan ikusten dela. Bitxia da.
Sofakideen artean giro ona sortzen al da beti ala zenbaitetan haiek estimulatzen aritu behar izaten duzu?
Norabide askoko energiak izaten dira platoan. Nik ez ditut asko estimulatu behar izaten. Gogoz etortzen dira; inor ez dator behartuta. Etortzeko gogoa pizten zaie. Saioa bukatzen denean, galdezka daude ea hurrengoa noiz izango den.
Kritikaren bat izan da Twitterren sofakide batek txiste arrazistak egin zituelako. Umore guztia da onargarria saioan?
Betiko eztabaida da hori. Sofakideek euren iritziak eta txisteak botatzen dituzte. Guk hor ez dugu mugarik jartzen.
Argia-ko elkarrizketa batean, Julen Telleriak esan du Hegoaldean denak oso espainiarrak garela kulturalki. Euskarazko kate batek ez luke ahalegin bat egin behar hortik ateratzeko?
Sofakideak adin batekoak dira, eta gerta daiteke haurtzaroko telebistako erreferenteak gaztelaniazkoak izatea, orduan ETB existitzen ez zelako. Beste alde batetik, niri mundu osoan egiten den telebista gustatzen zait: herrialde batera iristen naizenean, telebista pizten dut eta tokian tokiko saioak ikustea gogoko dut. Telebista herrialde bakoitzean nola egiten duten ikustea gustatzen zait, tokiko kontsumo joeraren erakusle delako. Azkenaldian Londresera joaten naiz sarri, eta Erresuma Batuko telebistaren erreferente asko dauzkat. Esango nuke ez dela beti Madrilen egiten den telebistara jo beharrik.
Saioaren ikusle datuek kezkatzen al zaituzte?
Ezagutzen nautenek badakite nire umorea ez dela aldatuko datu txar bategatik edo datu on bategatik. Datuak hor daude, eta saioaren bizitza baldintzatzen dute. Baina telebistako zuzendaritzako kideak dira horrekin kezkatu behar direnak.
Baina Egunak egin du-k Eguberrien ostean jarraitu ala ez, datu horiek baldintzatuko dute.
Ba ez badu jarraitzen, beste gauza batzuk egingo ditugu. Bizitza horrelakoa da. Eta egunen batean, erretiroa iritsiko zaigu... Neure indar guztia lanean enfokatzen dut: saioa ondo egin behar dut, kalitatezko produktu bat, eta egun horretan zerbait ikasi badut, bikain. Kuantitatiboa ez da garrantzitsuena niretzat.
Ez zara epe luzera asko begiratzekoa, ezta?
Ez. Momentua bizi behar da, momentuan pentsatzen dut. Gero etorriko direnak gero etorriko dira.
Saioak jarraitzen baldin badu, formatuak aldaketak izan ditzakeela uste duzu?
Formatua aparta da aldaketak egiteko. Egunero probatzen ari gara, eta ETBk ere horrela ikusten du saioa. Aurrekoan, adibidez, Alex Sarduiri deitu genion telefonoz eta zuzenean aritu zen oholtza gainean larru-hutsik jarri zen uneaz. Eduki berriak sartzen ari gara; 23:00etatik aurrera aritzeak aukera ematen du horretarako. Ordutegiak arnasa ematen du.
Klaudio Landa. 'Egunak egin du' saioko aurkezlea
«Formatua aparta da aldaketak egiteko»
Irailaren 2an hasi zuen bidea 'Egunak egin du' programak. Gidari lanak egiten ditu Landak, sofakideekin solasean. Uste du gaueko ordutegiak «arnasa» ematen duela. «Probatzen aritzen gara gauero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu