Bidaiak, kirola eta gastronomia uztartzen dituen saio bat aurkezten du Zigor Iturrietak (Zornotza, Bizkaia, 1974) ETB1en.
Bigarren denboraldia du Chiloe Lasterka Munduan saioak. Lehen denboraldiko zein akats zuzendu dituzue bigarrenean?
Akats handiagoak egin ditugu bigarren denboraldian: bidaia gehiago egin ditugu. Bigarren denboraldia azken unean antolatzen ibili ginen, eta dena pilatuta etorri zait. Baina akatsetatik ikasi dugu. Estreinako denboraldian aste osoan ibiltzen ginen turismoa egiten, gauzak ikusten, eta astearen amaieran egiten genuen lasterketa. Desastrea zen: jatetxe eta leku berezietara eramaten gintuzten, jatekoak probatzera, eta ezin dastatu, asteburuan lasterketa nuelako. Neure burua zaintzen ibiltzen nintzen aste osoan, kameraria eta zuzendaria nire aurrean lepo jartzen ziren bitartean. Oraingo sasoirako moldatu egin dugu: lehenbizi lasterketa egin, eta gero egiten genuen alde gastronomikoa.
Horrek ez du arazorik sortzen?
Sistema honekin lasaiago ibili naiz, etxean entrenatzen nintzelako joan aurretik, grabaketa egunetan ero moduan trebatzeko denbora ateratzen ibili beharrean. Orain, lasterketa egin, eta gero aste osoan jai, hau eta bestea jaten. Ez dakit hirugarren denboraldia egongo den, baina, agian, iazko estrategiara itzuli eta formatua aldatu beharko dugu: bi kilo hartu ditut sasoi honetan.
Mexikon, Baltikoan eta Bretainian ibili zara, besteak beste. Zer tokik harritu zaitu gehien?
Aurten ez gara horren leku exotikoetan ibili, gertuago ibiltzea bilatu dugulako. Baina ez duzu urrutira joan behar gauza interesgarriak aurkitzeko: Portugal asko gustatu zait, jendea, lekuak, gastronomia; lasterketa bera ere, ikusgarria; ibilbiderik politena izan du. Formenterak [Herrialde Katalanak] ere joko handia eman digu, uharte txiki bat izan arren.
Golfaz esan zuten behin zapuztutako paseo bat zela. Kirola ez al da bidaia eder bat izorratzeko modu ona?
Kirol turismoa modan dago. Jendeak pasioak uztartzen ditu. Etxean korrika egitea ondo dago, baina jendeak aldizkarietan argazki ederrekin agertzen diren lasterketa horiek ere egin nahi ditu, munduaren beste puntan. Baina, noski, hori egin nahi duzula etxean esaten duzunean, bikotekideak erantzuten dizu: «Oso ondo; joango zara, baina etxeko guztiokin». Beraz, hamabost egun oporretan zaude, eta, gainera, gustuko duzuna egiten duzu. Hango gastronomia ezagutzea gehitzen badiozu horri...
Jende askok galdetzen dizu zurea lana ote den?
Denei erantzun bera ematen diet: «Ikasi besterik ez zenuen». Mauka da. Nire hiru pasioak uztartzen ditut, eta, gainera, kobratzen. Turismo bulegoekin lan egiten dugu, eta, saioaren parte direnez, zer saldu nahi duten esaten digute. Alde gogorra ere badu: jendeak ez du ikusten, baina hamalau orduko lanaldiak egin izan ditugu. Hona joan eta hara joan, gelditu gabe, eta beti irribarretsu egon behar. Agian agertzen naiz masaje bat hartzen, baina hamar minutu egin ditut grabatzeko; gero, gauzak hartu eta beste leku batera.
Axola dizu zein postu egiten duzun lasterketan?
Zuzendariak esaten dit lasai ateratzeko. Baina ez dakit zer gertatzen zaidan: beti ateratzen naiz irabaztera. Nire akatsa da. Formenteran 21 kilometroko lasterketa egin behar nuen. Esan nion zuzendariari: «21 kilometro bakarrik? Hori praka bakerotan egingo dut». Azkenean ez genuen egin, bestela aditu beharko genituelako.
Hirugarren denboraldirako zein izango litzateke zure ametsa?
Beste kirol batzuk sartzea: mendiko bizikleta, triatloia, patinak, abenturazko raid-ak... Eta sugea probatuko nuke gustura, ez baitut sekula jan. Edo tropikoetan zuhaitzetan egoten diren apo lodi horiek. Probatu esan dut, eta gero: «Oso ondo, orain badakit zer den. Orain, goazen jatera».
Zigor Iturrieta. Kirolaria, sukaldaria eta aurkezlea
«Formatua aldatu beharko dugu: bi kilo hartu ditut sasoi honetan»
'Chiloe Lasterka Munduan' saioaren bigarren denboraldia ematen ari dira egunotan ETB1en. Kirol turismoaren modaren zergatiaz, hurrengoan abentura saio bat egiteko asmoaz eta sugea jateko gogoaz mintzatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu