Bideopodcastak

'Flop kultura'-k Laban amaituko du denboraldia, gaur

Pello Reparaz eta Euskoprincess musikariak izango dira gonbidatuak. Euskalerria Irratiak iragarri du bigarren denboraldia irailean hasiko dela.

Danel Pascual eta Eneko Garcia. EUSKALERRIA IRRATIA
Danel Pascual eta Eneko Garcia. EUSKALERRIA IRRATIA
urtzi urkizu
2024ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun

Divina Comedia drag queen-a da Danel Pascual (Arrasate, Gipuzkoa, 1998) eta Albina Stardust da Eneko Garcia (Burlata, Nafarroa, 1997). Askotariko saltsatan aritzen dira. ETB1eko ikus-entzuleek Piztu telebista saiotik ezagutuko dituzte. Edo bestelako kolaborazio eta ikus-entzunezko lanetatik ere bai. Euskalerria Irratiarentzat Flop kultura bideopodcasta egiten dute. Irailean ekin zioten saioa egiteari, eta gaur jendaurrean egingo dute denboraldiko azkeneko atala. Iruñeko Laban egingo dute saioa, zuzenean, 19:00etan —gonbidapenak 18:00etatik aurrera banatuko dituzte—.

Gaurko atalean, bi gonbidatu berezi izango dituzte: Pello Reparaz eta Euskoprincess. Reparazek iragarri du Zetak taldeak Mitoaroa ikuskizunarekin ospatuko duela bere bosgarren urtemuga —2025eko urtarrilaren 4an, Nafarroa Arenan—. Gainera, uztailaren 8an, aurtengo Iruñeko sanferminetan, Gazteluko plazan joko du.

Euskoprincess artistari dagokionez, musika urbanoan arrastoa uzten ari da azkeneko hilabeteetan. Plazaratu zuen lehen kanta Lehendakari izan zen, eta handik gutxira, Hollywood star system EPa eman zuen argitara.

Euskalerria Irratiak iragarri du Flop kultura bideopodcastak bigarren denboraldia izango duela. Lehen denboraldian 35 atal egin dituzte. Gaur izango da 36.a, eta lehen aldiz egingo dute jendaurrean. Ziurtzat jo daiteke irailean itzuliko direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.