Oso ohikoa da Interneten erabiltzaile guztien artean fitxategi handiak beste erabiltzaileekin partekatu beharra, oporretako argazkiak, lanerako dokumentuak edo familia giroan grabatutako azken bideoa. Eta lehenengoetariko saioa posta elektronikoz bidaltzea izaten da. Hala ere, posta zerbitzu askok mugatzen dute fitxategi handiak bidaltzeko aukera, eta ez dago zenbait MB baino handiagoak diren fitxategiak posta elektronikoz igortzerik. Posta zerrenda askotan ere mugatuta dago bidaltzen diren fitxategien tamaina. Horretaz gain, posta jasotzen duenarentzat ere deseroso samarra suerta daiteke fitxategi handi bat erantsita jasotzea mezu batean. Batez ere, posta ordenagailura deskargatu behar bada posta irakurtzeko mahaigaineko aplikazio baten bitartez, MS Outlook edo Thunderbird, esate baterako. Izan ere, posta pisutsu hori deskargatzen amaitu arte ez dira ondorengo mezuak deskargatuko. Eta kasuren batean posta elektronikorako aplikazioa ere blokea daiteke horrelako mezu handi baten deskarga prozesuan.
Hala, bada, posta elektronikoetan zuzenean fitxategi handia edo hainbat fitxategi handi eranstea baino, hobe da fitxategiak partekatzeko Internet zerbitzuren batera igotzea. Ondoren, zerbitzu horrek eskaintzen duen fitxategirako lotura kopiatu eta posta elektronikoan itsatsi besterik ez da egin behar.
Zerbitzu horiek, posta elektronikoz partekatzeko aukera emateaz gain, Interneten fitxategiak beste era batzuetan partekatzeko ere erabilgarriak izan daitezke; adibidez, berehalako mezularitzan, blogetan edo sare sozialetan (azken horietan fitxategi handiak partekatzea oso ohikoa eta gomendagarria ez den arren).
Dena dela, kontuan hartu behar da, zerbitzu horiek ez direla Dropbox, Google Drive edo Sky Drive modukoak, ez dira hodeian dauden disko gogor birtualak. Beraz, ez daude prestatuta fitxategiak gordetzeko, edo biltegi bat izateko; baizik eta era azkar eta erosoan partekatzeko.
File Dropper
File Dropper oso zerbitzu erosoa eta azkarra da, helbide honetan dago erabilgarri: http://www.filedropper.com/.
Zerbitzua erabiltzeko ez da izena eman behar, ezta saioa hasi behar ere. Sartu eta berehala fitxategia karga daiteke, eta laster batean agertzen da fitxategirako lortura kopiatzeko edo html kodea webgune edo blog batean lotura txertatzeko. Fitxategia deskargatzeko download botoiari sakatu eta captcha irudi bat bete behar da. Zerbitzua doakoa da eta, gehienez, 5 GBeko fitxategiak ezar daitezke. Ordainpeko aukeretan, 50 GBeko fitxategiak ere jar daitezke, eta, aukeraren arabera, 250 GBekoak ere bai.
Fitxategiak deskargarik egon ez denetik 30 egunean mantentzen dira zerbitzuan. Denbora hori pasatu eta gero ezabatu egiten dira.
Large Document
Large Document ere oso zerbitzu interesgarria da (http://www.largedocument.com). Kasu horretan ere ez da eman behar izena, eta, beraz, beste ezer egin gabe, fitxategia jar daiteke. Behin fitxategia kargatuta, Facebook, Linkedin eta Twitter webguneetan partekatzeko zuzeneko loturak eskaintzen ditu. Halaber, Gmailen edo sisteman konfiguratuta dagoen posta elektronikorako aplikazioan igorri ahal da zuzenean, edo paper-zorroan kopia daiteke, nahi den lekuan itsasteko. Gero, fitxategiaren deskarga zuzena da jasotzen den loturan klik eginda. Zerbitzu honen bitartez, gehienez 2 GBeko fitxategiak karga daitezke, eta 64 biteko sistemetan, 8 GBeko fitxategiak kargatzea badago. Zerbitzu honek, gainera, Gmail eta Google Chromerako gehigarriak ditu eta Android sistemetarako aplikazioa ere bai.
Drop Send
Drop Send ere doako zerbitzua da, 2 GBekoak edo txikiagoak diren fitxategiekin. Kargatutako fitxategirako lotura eman beharrean, bertatik posta elektronikoz bidaltzeko aukera eskaintzen du. Mahaigaineko aplikazioa du MS Windows eta Mac sistemetarako. Iphonetarako aplikazioa eta MS Outlook aplikaziorako gehigarria ere eskaintzen ditu. Zerbitzuaren helbidea ondorengo hau da: http://www.dropsend.com/index.php.
File Tea
File Tea, besteak bezala, doan erabil daiteke, eta, gainera, ez dauka fitxategi tamaina mugarik eta software librea da. Fitxategiak Add files loturaren bitartez edo arrastatu eta jaregin eginez kargatu ahal dira. Hau da proiektuaren webgunea https://filetea.me.
Wetransfer
Wetransferren kasuan ere (https://www.wetransfer.com/) erabiltzaileak nahi dituen fitxategiak kargatu ahal ditu webgunetik bertatik, hartzaileari posta elektronikoz bidaltzeko. Muga2 GBekoa da. Kasu honetan, hainbat hizkuntzatan dago, baina euskaraz, ez.
Zibergela
Fitxategi handiak Interneten bitartez bidaltzeko aukerak
Oso ohikoa da fitxategi handiak posta elektronikoz partekatu beharra, baina, askotan, oztopoa izan daiteke, handiegiak direlako modu horretan bidaltzeko. Badaude doako aukera batzuk arazo horri irtenbidea emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu