ATZEKOZ AURRERA. Josep Vicent Frechina. Ikerlaria

«Finaleko emozioak ez du parekorik munduan»

'Caramella' katalanezko kultur aldizkariaren koordinatzailea da Frechina. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean egon da, eta liluratuta dago bertsolari guztiekiko dagoen errespetuarekin.

IÑIGO URIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Musika eta literatura kritikaria da Josep Vicent Frechina i Andreu (Massalfassar, Herrialde Katalanak, 1966). Valentziako katalanezko musikaren eta herri kulturaren ikerlaria da, eta hainbat aldizkaritan kolaboratzen du, baita musika tradizionaleko hainbat jaialdirekin ere.

Nola bizi izan zenuen Nafarroa Arenako igandeko finala?

Emozio handikoa izan zen. Azkeneko urteetan gertutik aztertu dut bertsolaritza, eta 2016an antolatu zen Europa Bat-batean topaketara gonbidatu ninduten. Poztu nintzen, esaterako, Alaia Martin finalean kantuan ikusita.

Zerk hunkitzen zaitu gehien?

Finalaren beraren kontzeptuak hunkitzen nau: 13.000 herritar bertso inprobisatuak zortzi orduz entzuten ikustea, eta dagoen errespetua, isiltasuna eta emozioa hainbeste orduz... Finaleko emozioak ez du parekorik munduan, ez dago zerekin alderatu. Final horretan sortzen diren energiak sekulakoak dira. Ordu bat balitz, tira, baina ordu asko dira.

Ikusleen erantzunaz zer esango zenuke?

Une oro txaloka ari dira, nahiz eta zale bakoitzak bere bertsolari kutunak izan. Sari banaketan intentsitate berarekin txalotzen da zortzigarren gelditzen dena eta txapelduna, eta hori harrigarria egiten zait kanpotik begiratuta. Goizean hasieran bertsolariak sartzen diren unea ere oso berezia da, oso hunkigarria. Bertsolariarekiko errespetu handia dago: bertsolariaren meritua ondo ulertzen dute herritarrek, eta jendea identifikatuta sentitzen da bertsolariarekin, nolabait.

Bigarren finala zenuen. Bertsolarien lanetatik zerk harritu zintuen gehien?

Maialen Lujanbiok harritzen nau, ematen dioten gaia bat ala bestea izan, nola bilatzen dion originaltasuna; hainbeste urte pasatuta, Lujanbiok burua hain fresko eta arina izatea argudioei buelta emateko. Espero gabeko tokitik ateratzen da beti. Gainera, ganbarako ariketa oso erakargarria egiten zait, bertsolariek duten ahalmenagatik. Narratiboak eta poetikoak dira aldi berean, eta formalki akatsik gabe egin behar dute. Alaia Martinen irribarre konplizearen bertsoaldia, adibidez, ikaragarri gustatu zitzaidan, edukiaren eta melodiaren artean lortu zuen osotasuna.

Txapeldunaren beste zerbait?

Bai, arratsaldeko ganbarakoan esan zuenean gehien beldurtzen gaituena dela etorkizuna gure eskutan dagoela. Kontzeptu hori sekulakoa da.

Zer artikulu idazteko asmoa duzu bertso txapelketaz?

Lehenbizi, egunotan El temps de les Arts katalanezko hedabide digitalean idatziko dut. Aktualitatearekin lotuago egongo da hori, eta emozioei lotua. Caramella aldizkaria, berriz, sei hilean behin argitaratzen da, eta bertan aurrerago idatziko dut. Kasu horretan, hausnarketa sakonagoa egingo dut.

Valentzian herritarrek ba al dakite zerbait bertsolariez?

Bai, zerbait badakite. Euskal kulturak begikotasuna sortzen du Valentziako herritar xeheengan. Gainera, Valentziako jende asko joaten da Iruñeko sanferminetara, eta pilotaren gaia ere hor dago. Valentzian kantu inprobisatua ere badago, eta badago gutxieneko ezagutza. Lujanbio Valentziara etorri zen Bertsolari filmaren aurkezpenera, eta orduan ezagutu genuen elkar.

Caramella aldizkaria Herrialde Katalanetako hainbat tokitan saltzen da. Nolako aldizkaria da?

Hiri garrantzitsuenetako liburu dendetan saltzen da. Batez ere harpidetza bidez funtzionatzen du. 1999an sortu genuen aldizkaria, eta xede nagusia Herrialde Katalanetako herri kultura eta musika tradizionala zabaltzea da. Erreportaje eta elkarrizketa luzeak argitaratu ohi ditugu. 500 kolaboratzaile baino gehiago izan ditugu, eta gai bakoitzarentzat aditu bat bilatzen dugu.

Finantzaketa nola doa?

Diru iturri nagusia harpidetzak dira. Publizitate pixka bat dugu, eta diru laguntzak oso txikiak dira. Gurearen gisako aldizkarientzat diru laguntzak eskasak dira. Finantza aldetik, aldizkaria beti estu dabil.

2026ko bertso finalera etorriko zara?

Ahal dudan guztia egingo dut bertan egoteko, ziur egon [Barreak].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.