Haur, gazte eta helduak gogoetatzen, filosofatzen, oinarri-oinarrizkoenari buruzko galderak egiten eta horiei erantzunak bilatzen jartzen ditu Iñigo Martinezek Galdera basatiak podcastean. Apirilaren 6an estreinatu zuen Argia aldizkariak podcast berria, eta igandeetan sareratzen dituzte atalak —zortzi izango dira, orotara—.
«Zergatik hau, zergatik hori, zergatik hura...». Horrela galdetzen zion alabak Martinezi, «modu nekaezin eta tematian», 5 urte besterik ez zituenean. Horrela aritzen ziren, aitak alabari «ez dakit, zer uste duzu zuk?» galdetzen zion arte. Hau da, erantzunak ematetik galderak egitera pasatu zen. Hor dago, bada, podcastaren gakoa: galderak jolas bilakatu, eta egin eta egin galderak, galdera existentzialak, 5 urteko haurrek egiten dituzten modukoak. Eta eman erantzunak, Martinezek dioen moduan, «behin-behinekoak» badira ere, gero, erantzuna zalantzan jarriko baitute. «Haurrak dira galderak modurik basatienean bizi dituztenak, galderen erresuman haurrak baitira nagusi», azaldu dute Argia-koek. Eta horregatik jarri diote podcastari Galdera basatiak izena.
Haur filosofiako tailerretan aritzen direnak gonbidatuko ditu Martinezek Argia-ko estudiora. Tartean izango dira haur filosofia tailerretan dabiltzan nerabeak ere, edo ibili direnak, bederen. «Galdera bizi eta basatiak egiten diren lekuek ahotsa izango dute podcastaren mikrofonoetan, arinagoak zein potoloagoak diruditen gaien inguruan gogoetatzeko: heriotza, maitasuna, errealitatearen mugak...». Iraupen muga badu, ordea, podcastak: ordu erdikoak dira atalak.