Ikus-entzunezkoak

Filminek euskarazko azpidatziak jarri dizkie ehun filmi baino gehiagori

Eusko Jaurlaritzaren Irekia plataforman jarriak daude azpidatziak. Pantailak Euskaraz-ek egokitu ditu Filmin ordainpeko plataformak erabil ditzan.

Filmin plataforman ehun filmen euskarazko azpidatziak jarri dituzte. PANTAILAK EUSKARAZ
Filmin plataforman ehun filmen euskarazko azpidatziak jarri dituzte. PANTAILAK EUSKARAZ
urtzi urkizu
2024ko uztailaren 3a
13:00
Entzun

Back to the Future trilogia, Carol, Estiu 1993, Les Misérables, Taxi Driver, La vie de Adèle, In the Mood for Love, Total Recall, Ida, Vertigo eta askotariko beste ehun film inguru euskarazko azpidatziekin ikus daitezke Filmin ordainpeko plataforman. Euskarazko azpidatzi horiek diru publikoarekin eginak zeuden: Eusko Jaurlaritzaren Irekia plataforman jarriak daude. Pantailak Euskaraz taldeak bere kabuz egokitu ditu azpidatzi horiek Filminentzat, eta Herrialde Katalanetako plataformak azkeneko asteetan kargatu ditu bere zerbitzura, pixkanaka-pixkanaka. 

Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak azaldu duenez, duela urtebete baino gehiago onartu zuten Espainiako Ikus-entzunezkoen Legea, baina pauso batzuk ez dira eman. «Ikusita Jaurlaritzaren Irekia gunean dauden euskarazko azpidatziak ez zirela iristen streaming plataformetara, gure kabuz jarri ginen plataforma horiekin harremanetan. Filminekoak lankidetzarako prest azaldu dira, eta azpidatzi horiek egokitzen eta bidaltzen aritu gara». Ekimena hartu du, beraz, Pantailak Euskaraz-ek. Eta euskaldun zinemazaleen mesederako izango da urratsa.

Pantailak Euskaraz-ek banan-banan aztertu zituen Irekia gunean dauden euskarazko azpidatziak, ikusteko filmak eta telesailak zein ordainpeko plataformetan dauden. Hala, Pantailak Euskaraz-ek sinkronizazio lanak egin ditu Filmin plataformarentzat, eta, horri esker, dozenaka pelikula ikus daitezke jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpidatziekin.

Aipatutako filmez gain, badira beste lan esanguratsu batzuk ere: A Call to Spy, Becky, Benedetta, Benediction, Carlito's Way, Druk, Fargo, Gattaca, Gladiator, Happy End, Mirai, Offret, Schindler's List, The Farewell, Under the Skin, Very Bad Things eta beste hainbat. Klasikoak batzuk, berriagoak besteak.

Aintzat hartu behar da Filmin plataformak euskarazko audioa duten hainbat lan dituela bere katalogoan. Horietatik gehienak Euskal Herrian ekoitzitako filmak, dokumentalak, film laburrak eta telesailak dira.

Netflix eta Amazon

Gainontzeko streaming plataformei dagokienez, Netflix eta Amazon Prime Video dira euskarazko bikoizketa eta azpidatziak dituzten lan gehien estreinatzen ari direnak. Esate baterako, Richard LaGravenese zinemagilearen A Family Affair filma da gehien  Netflix plataforman ikusten ari dena egunotan, eta euskarazko bikoizketarekin eta azpidatziekin ikusteko modua dago. Nicole Kidman eta Zac Efron aktoreak dira film horretako protagonistak.

HDisney Plus plataformak, baina, bestelako jokabidea du auzi horren harira. Katixa Agirre idazle eta EHUko irakasleak salatu duenez, Disney Plusek Irabazi arte telesaila du bere katalogoan, baina ezin da euskaraz ikusi, gaztelaniara bikoiztuta soilik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.