Film adimendunak sortzen

Adimen artifizialarekin lotutako gaiak aztertzen ditu Sami Arpak Europako Parlamentuan. Largo Ai sortu du, teknologia berrien bidez ikus-entzunezkoen sormen prozesua azkartzeko asmoz.

Sami Arpa Serieslandeko gonbidatuaren How to use IA in your next film hitzaldia, Getxoko Biscaytik fundazioan, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
iraia vieira gil
Getxo
2023ko azaroaren 11
00:00
Entzun

Adimen artifizialak pelikuletako sorkuntza prozesuak azkartu ditzakeela ziurtatu zuen Sami Arpak, Biscaytik fundazioan (Getxo, Bizkaia) eskaini zuen hitzaldian, atzo. Adimen artifizialarekin lotutako gaiak aztertzeko kontratatu du, hain zuzen, Europako Parlamentuak, eta orain arte egin dituen hausnarketetako batzuk partekatu zituen Seriesland Bilbao International Digital Festival-eko ikus-entzunezkoen sortzaileekin.

Bertaratu zirenek hasieratik eta arreta handiz entzun zituzten Arpak eman beharreko azalpenak; ikusleetako batzuek ingelesetik gaztelerako zuzeneko itzulpena eskaintzen duten kaskoak ere jantzi zituzten. «Oso garrantzitsua da jakitea nondik gatozen eta nola lortu dugun hona heltzea», azpimarratu zuen, eta historia digitalaren inguruko klase labur bat emateari ekin zion.

«2006 eta 2007 bitartean, erabiltzaile bakoitzari egokitutako ikus-entzunezkoen gomendioak egiten hasi ziren streaming plataformak». Urte batzuk geroago, 2013an, plataforma horietako arduradunak konturatu ziren askoz ere merkeagoa zela eduki propioa sortzea, bestelako edukien salerosketa etengabean aritzea baino. «Gaur egun, Netflixeko edukiaren %50 originala da».

2025ean, ordea, garai horri amaiera eman eta edukiak kontsumitzeko beste bat hasiko dela aurreratu zuen Arpak: «Adimen artifizialaren eta big data-ren aroa». Garai horren parte izan nahi du berak eta, aldi berean, ikus-entzunezkoen arloan lan egiten jarraitu. Horretarako sortu du, lantalde handi baten laguntzaz, Largo Ai enpresa. Bera da zuzendari nagusia.

Hazten ari den umea

Sormen prozesuan dauden ikus-entzunezkoek pertsonengan eragin ditzaketen emozioak, edukiek lantzen dituzten generoak, pertsonaia bakoitza interpretatzeko egokiena den aktorea edota ikusle potentzialak identifikatzeko gaitasuna du Largo Ai softwareak. Oraindik, ordea, ez da Arpak nahiko lukeen bezain profesionala: «Haur baten antza du. Big data-ren bitartez ari da ikasten, eta oinarrizko kontzeptuak interpretatzen hasten».

Zertarako balio du software horrek, zehazki? «Filmaren kontakizuna sortzen ari garenean, eskema batean oinarritutako eta sortzaile bakoitzaren beharretara egokitutako irudiak sortzea nahi dugu», adierazi zuen hizlariak. Ez da lan erraza, ordea. «Horrek esan nahi du norberaren datu pribatuek softwarearen eskura egon behar dutela». Eta jende asko ez dago horretarako prest.

Eduki sortzaileak gehien kezkatzen dituzten bi arazoak kontuan hartuta sortu dute Largo Ai: «Finantzaketa eta castinga». Ideia hori azaldu zuenean galdetu zion sortzaile batek Arpari adimen horrek ez ote zituen soilik ekoizpen enpresa handien beharrak asetzen. Hurrengoa erantzun zion adituak: «Ekoizpen enpresa handiek inbertitzen dute gehienbat horrelako proiektuetan, eta haiek irabazi ekonomikoak lortu nahi dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.