Irrati esatari gisa dira ezagunak, baina telebistan badute eskarmentua Joseina Etxeberriak (Ataun, Gipuzkoa, 1968) eta Edurne Garmendiak (Ordizia, Gipuzkoa, 1972).
Nola izan zen Finlandia-n hasteko proposamena?
JOSEINA ETXEBERRIA. Programarekiko harremana lehenagotik datorkigu. Anjel Alkain eta konpainia Miramonen lanean ari direnez, gure artean gertutasun eta adiskidetasun bat sortu da. Kurtso honetan lipdub lehiaketaren tartea egin genuen Finlandia-n. Irratia, telebista eta webgunea lotzen genituen horrela. Aldaketa batzuk egin behar zituzten saioan, eta Alkainek proposamena egin zigun. Ezustekoa izan zen guretzat eta kristoren ohorea. Zuzendaritzaren baiezkoa behar zuten, eta, azkenean, baiezkoa etorri zen. Taldearekin oso kimika ona dugu.
Zer gertatu da Ainere Tolosa eta Aitziber Garmendiarekin?
EDURNE GARMENDIA. Haiekin ere oso harreman ona dugu. Irratira ekarri izan ditugu. Lan asko dituzte. Garmendiak antzezlan bat egin behar du Madrilen. Programari beste buelta bat eman nahi zioten, eta ezagunak zituzten bi ero behar zituzten. Baina ez dut uste Tolosak eta Garmendiak gaizki funtzionatzen zutenik.
J.E. Pena hartu genuen haiengatik. Alkaini esan diot guk hobeto ez dugula egingo.
Gidoi onak beharrezkoak al dira umore saio bat aurkezteko?
J.E. Bai, gidoilari talde bat dago. Eta guk hori errespetatzen dugu. Dena den, Anjel Alkainek eta Joxe Felipe Auzmendik esaten digute gidoia eskaleta bat dela. Txistera hurbildu behar dugu, baina ondo pasatuz. Inprobisaziorako tartea badago.
Di-Da saioko osagaiak sartuko al dituzue? Lehiaketak, adibidez?
J.E. Bai. Loturan sakondu nahi dugu, etxearen filosofiari jarraituz. Badugu Gaztean lehiaketa bat Thriller bideokliparen bertsioekin. Hori telebistara eraman nahiko genuke. Horrez gain, Finlandia-ko fikziozko pertsonaien hiru esketx jartzen ditugu gure atarian, jendeak botoak ematen ditu eta irabazleak netbook bat eramaten du.
Di-Da-ko entzule batzuk Finlandia-ra irits daitezkeela uste duzue?
E. G. Bai. Gainera, ezaugarri berekoak izan daitezke. Gaztetxoak eta gure adineko jendea, kar-kar. Gure irrati programak ondo funtzionatzen du entzule aldetik, eta, agian, norbaitek hori kontuan hartuko zuen.
Finlandia-n, orain, gonbidatuak fikziozko pertsonaiak dira. Zer abantaila eta desabantaila ditu horrek?
J. E. Abantaila da denok gaudela gurdi eta norabide beretik tiratzen. Denok dakigu nora eraman behar dugun gurdia. Benetako gonbidatu bat ekartzen duzunean, agian, ikaragarri emango dizu edo, agian, ezertxo ere ez. Kanpotik datorrenak eman dezakeen freskotasuna falta daiteke, baina hori lortu nahi dugu gidoira erabat ez lotze horrekin, inprobisazioarekin.
Finlandia-k kritika batzuk jaso ditu zenbait esketx gaztelaniaz direlako. Nola justifikatzen da hori?
E. G. Guardia zibilen esketxetan gertatzen da bereziki hori. Taldekoek esaten zuten oso arraroa dela guardia zibil bat euskaraz entzutea. Pertsonaiari sinesgarritasun bat eman behar zaio. Agian, min handiagoa egin diezaiokegu jendeari guardia zibil bat euskaraz hitz egiten jarrita.
Zer presentzia du musikak Finlandia-n?
J. E. Presentzia testimoniala da. Batetik, girotze lana dago, eta, bestetik, fikziozko gonbidatuak karaoke batean jartzen ditugu.
Umore gehiago beharko al genuke ETBn euskaraz?
E. G.Ai, ama! saioan ere badago umorea; txantxak egiten dituzte gonbidatuarekin. Norbaiti irribarre bat ateratzen badiogu, guretzat primeran.
J. E. Guri umore ingelesa asko gustatzen zaigu. Baita Woody Allenena ere.
Zuen aurkezle lanean zer izango lizateke inpresionaaaaaaaaaaantea?
J. E. Bizitzen ari garen unea da inpresionantea. Ilusio handia dugu. Oso finkatuta dago Finlandia-ko taldea, eta gu aintzat hartzea ohore handia da.
E. G. Ekarpenen bat egin nahi genioke, behintzat, saioari.
Di-Da saioaren entzule datuak oso onak dira. Zer esan dezakezue?
J. E. Goizean goiz jaikitzen gara, baina jendea hor dagoen bitartean benetako arrazoi bat dugu goiz jaiki eta egiten dugun lan hau gustura egiteko. EGMk azken neurketan emandako datuekin txundituta gaude. Ez dut uste euskarazko irratigintzak inoiz halako daturik eman duenik.
Komunikazioa. Edurne Garmendia eta Joseina Etxeberria. 'Finlandia' saioko aurkezleak
«Fikziozko gonbidatuekin denok dakigu nora eraman gurdia»
Goizero, 'Di-Da' saioa gidatzen dute Gaztean. Orain, igande gauetan, ETB1en ere aritzen dira, 'Finlandia'-ko aktoreekin kontu kontari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu