Uda giro, festa eta kantu giro. Jaien inguruko askotariko formatuak ikusi dira telebistan azkeneko udetan. Aurten, berriz, karaokea eta jaia uztartuko ditu ETB1eko Kantugiro saioak. Datorren astelehenean estreinatuko dute, eta, handik aurrera, astelehenetik ostegunera emango dute, 21:15ean. Irailaren lehen astera arte iraungo du programak.
Prime-Time Media ekoizpen etxearen eta Euskal Telebistaren artean ekoitziko dute programa. ETBko saioaren arduradun Itziar Azpeitiak atzo (Gipuzkoa) iragarri zuen, Hernanin, Kantugiro-k bi zati izango dituela: «Alde batetik, herrietako jaietan dagoen giroa biltzen eta islatzen saiatuko gara. Bestetik, karaokea antolatuko dugu herri bakoitzean». Karaoke horretan, egun bakoitzean bederatzi herritarrek hartuko dute parte, eta horietako bat izango da irabazlea; 200 euro eramango ditu. «Herri bakoitzean, gonbidatu berezi bat izango dugu karaokean onena zein den erabakitzeko». Azpeitiak nabarmendu zuen helburua izango dela «ondo pasatzea», bai karaokeko parte-hartzaileei begira, bai ikus-entzuleei dagokienez. Horretarako, kanten hitzak ikusiko dira telebistako pantailan, etxekoek ere kanta dezaten.
Hernanin aurkeztu zuten atzo saioa, herri horretan baitzuten grabazioa —aurrenekoa Eibarren egin zuten, igandean—. Xabi Solano Esne Beltza taldeko kantaria izan zen gonbidatua —karaokeko onena aukeratu behar izanzuen—. Asteleheneko estreinako programan Hernaniko karaokea izango da ikusgai.
Berriemaile kantari bila
Oscar Perez saioko zuzendariak iragarri zuen herri bakoitzean jarriko duten oholtza izango dela Kantugiro-ko platoa. «Hiru berriemaile ibiliko dira herrietako jaietan karaokerako parte-hartzaileak bilatzen: Nerea Alias, Joseba Olagarai eta Nahiara Gago». Azaldu zuenez, hurrengo grabaketa Lekeitioko (Bizkaia) sanpedroetan egingo dute, hilaren 30ean. Usurbil, Zumarraga, Lesaka, Oñati, Zornotza eta Markinako jaietara ere joango dira, besteak beste.
Programako aurkezleak Zuriñe Hidalgo (Sorgintxulo) eta Xabin Fernandez (Euskal Herria Zuzenean-Talent Txou) izango dira. Hidalgok nabarmendu zuen ez dituztela kantari profesionalak nahi: «Denetarik behar dugu». Fernandezek azaldu zuen herrietako giroa jasoko dutela kantariak bilatzeko aitzakiarekin. «Tokian tokiko jendeari ere kantatzeko eskatuko diogu, nahiz eta gero ez etorri gure karaokera».
Juan Carlos Lopez Prime Time Mediako ekoizle eragileak nabarmendu zuen jende guztia entretenitu nahi dutela saio berriarekin. «22 herritan ibiliko gara, bakoitzean bi programa grabatzen. Espero dugu jendeak saioarekin gozatzea».
Saioan parte hartu nahi duenak [email protected] helbide elektronikora idatz dezake. Whatsappeko 626181417 zenbakira ere idatz daiteke. Baldintza bakarra da 14 urte baino gehiago izatea.
Festarik festa, karaokean
ETB1ek 'Kantugiro' saioa estreinatuko du astelehenean.Egunero 200 euro izango dira jokoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu