Go!azen telesaila indartu egin da. ETB1eko fenomenoak bizirik eta sendo eusten dio. Aurreko denboraldian, 2020-2021ekoan, beheraldi bat izan zuen: atalen batez besteko ikusle kuota %3koa izan zen. Go!azen 8.0-k, baina, kopuru hori halako bi lortu du, eta atalen batez besteko ikusle kuota %6koa izan da 2021-2022ko sasoian. Atal bakoitzak 40.000 ikusle inguru izan ditu. Zortzigarren atalak jo zuen goia, %8,4ko ikusle kuotarekin. Bada nabarmentzeko beste datu bat: telesailak astero lortu du ikusle kuotarik handiena 4 eta 12 urteko adin tartean; ia astero 25-45 urtekoan. Hamargarren saioa baino ez da falta denboraldia amaitzeko: ostiralean emango dute, 21:00etan.
«Iaz ere gustura amaitu genuen denboraldia», nabarmendu du Itziar Gomez Go!azen 8.0-ren zuzendariak. «Baina aurtengoa espero baino askoz ere hobea izan da». Ikusle datuez ari da, baina baita audientzia lortu beharreko testuinguruaz ere: «Esanguratsua da euskarazko produktu batek, dagoen lehiakortasun guztiarekin eta telebista kontsumitzeko modu ezberdin guztiekin, halako datuak lortzea. Ikusleak badaude, zorionez».
Aurretik aipatutako datu guztiak ikustaldi tradizionalenak dira, hau da, telesaila ematen denean telebistaren aurrean daudenenak. Orain, baina, ikusle askok ez dituzte atalak zuzenean ikusten, ezta telebistaz ere. Go!azen-ek, esaterako, badu aplikazio bat, eta Youtuben ematen ditu atalak, abestien bideoak... Abestiek milioi bat ikustaldi baino gehiago izan dituzte. Gomezek uste du ohiko ikusle datuetan ez ezik sare sozialetakoetan eta Internetekoetan ere arreta jarri behar dela.
'Go!azen 9.0'-n lanean
Gazteen telesaila da ETB1eko programazioaren ikurretako eta indarguneetako bat, bai lortutako ikusle kopuruagatik, bai telebistatik kanpo izan duen zabalkundeagatik ere. Aurten 70 kontzertu baino gehiago egingo dituzte Euskal Herrian. Fenomeno bat da. «Oso zaila da horrelako zerbait lortzea», Gomezen arabera. «Beste hizkuntza batzuetan hainbeste eduki egonda, euskarazko halako eduki bat, arrakastatsua, ondo zaindu behar da. Duen balioa eman behar zaio. Haurrak euskaraz abesten eta dantzatzen ikusten dituzu, betiko abestiekin».
Go!azen 8.0 amaitzear da. Izango da Go!azen 9.0. EITBk baieztatu zuen, eta Pausoka ekoiztetxea hasia da lanean. «Aurrena, gidoilariek trama egiten dute, eta, gero, produktua atalka lantzen da», zehaztu du Gomezek. «Gidoilariek lanean hasi behar dute, bestela ez ginateke iritsiko». Udan grabatzen dute Go!azen, bi hilabetean.
Aldaketak izango dira, baina zuzendariak argitu du ez dela «haustura urtea» izango, hau da, ez dutela guztia hankaz gora jarriko eta aldatuko. «Ondo pentsatu behar da. Zerbaitek funtzionatzen badu, ez da oso zentzuzkoa aldatzea». Normalean, hiru edo lau urteko zikloak egin ohi dituzte. Zortzigarren denboraldian lau pertsonaia berri sartu zituzten. Aurtengo berrikuntzetako bat Soin Hezkuntzako irakaslea izan da.
Egitura ez da aldatuko: Basakabi udalekua, gazteen arteko harremanak, musika... Noiz arte iraungo du Go!azen-en arrakastak? Badute arrakastaren formula agortzeko beldurrik? «Beldurra beti izaten dugu», erantzun du Gomezek. «Fenomeno bat da. Iaz gustura geunden [Goi!azen 7.0-z ari da], baina ikusle datuek behera egin zuten».
Go!azen 8.0 bukatzean, ETB1ek Irabazi arte telesaila emango du ostiral gauetan, hori ere haur eta gaztetxoentzat sortutako produktua. Haurrentzakoa bai, baina hutsune handia dago gazteentzako eskaintzan, eten bat. «Arrakala» deitu dio Gomezek. «Euskara indartu nahi badugu, eta ETBn ikusleak fidelizatu, segida bat izan behar da. Go!azen-en ondoren ezer ez dagoela ikusten badute, galdu egiten dituzu. Behin galduta, oso zaila da berriro erakartzea. Apustu handixeagoa egin beharra dago. Hori zaindu behar dugu».