RTVEko kazetaria

Lorenzo Mila: «'Fake news' kontzeptua ezabatu behar da»

Donostiako Agora K-2050 hitzaldi zikloan parte hartu du berriki Milak. Klima larrialdiaz mintzatu da TVEko kazetaria. Desinformazioa «zorroztasunaren bidez» borrokatu behar dela esan du.

Lorenzo Mila, TVEko kazetaria. JON URBE / FOKU
Lorenzo Mila, TVEko kazetaria. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2024ko ekainaren 11
05:00
Entzun

Kazetaritza ibilbidea 1983an hasi zuen Lorenzo Milak (Esplugas de Llobregat, Katalunia, 1960). Askotariko lanak egin ditu TVEn: besteak beste, berriemailea izan zen New Yorken eta Erroman. Egun, Objetivo Planeta (Canal 24 Horas) eta En Portada (La2) saioak aurkezten ditu.

TVEk Objetivo Planeta saioa jarri zuen martxan, zu bezalako aurkezle prestigiodun batekin. TVEn ingurumena garrantzitsua den seinale da?

Oso garrantzitsua da, eta hainbat saio daude ingurumenaren inguruko kezka dutenak: Aquí la Tierra, esaterako. La2 katean dokumental ugari ematen dituzte. Canal 24 Horas kateak interes handia du niretzat; ikusle batzuk adi egoten dira berriak entzuten, eta halako batean ni agertzen naiz saguzarrez, ibaien kutsaduraz edo beste kontu batzuez hitz egiten.

Natura eta zientzia zure gustuko gaiak izan dira. Nola sentitzen zara orain horiek jorratzen?

Nire esentziara itzuli naizela sentitu dut. Biologia ikasten hasi nintzen, baina ezin nuen jarraitu matematika, fisika eta kimika gaietako mailarekin. Bizitzak kazetaritzara eraman ninduen gero. Orain, berriz, saiatzen ari naiz biologiari lotua zegoen nire parte hori berreskuratzen.

Nola sortu zen klima krisialdiaz hitzaldiak ematearen kontua?

Hori San Telmo museoaren eta Kristinaenea fundazioaren ideia izan da, eta harritu ninduen. Baina pozik nago ekarpena egiteaz. Halakoak beharrezkoak dia klima larrialdia zer den ulertzen laguntzeko; hau da, informazioa xirimiria bezala eman, tantaz tanta, etengabe. Gaia eztabaida politikotik atera behar da; klima larrialdiak ez luke inoiz eztabaida politikoan egon behar. Zientzia gaiak dira, eta ez lukete eztabaidarik sortu behar. Kontua da gaia eztabaida politikora eraman dela, eta horrek jende asko nahastu duela; izan ere, zure alderdi politikoko buruak esaten badu txorakeria dela, ba alderdiz aldatzen duzu edo sinetsi egiten duzu.

Komunikabideetan gai hauek ondo lantzen direla uste duzu?

Bai, hedabide konbentzionalek zorrotz lantzen dituzte. Akaso, ez diote behar adina denbora eskaintzen. Hala ere, asko hedatu da ingurumenaren inguruko kazetaritza.

Zenbaitetan ematen du lerroburu handi bat behar dela gaiak toki esanguratsu bat izan dezan, ezta?

Krisialdi politiko eta ekonomiko handiak daudenean, ingurumena albo batera gelditu ohi da. Baina gaiak modu transbertsalean eragiten dio gure bizitza guztiari: ekonomiari, osasunari... Klima larrialdia hor dago. Komunikabideok lagundu egin behar dugu.

Negazionistak ere badaude.

Bai, eta normala da halakoak egotea. Batetik, alderdi politiko batzuek zientzia ukatzen dutelako. Bestetik, klima aldaketak beldurra eragiten duelako; eta zerbaitek ikaratu egiten duenean, gizakiok joera dugu beste alde batera begiratzeko. Horregatik, kontakizun bat behar da gaia azaltzeko, errealismoarekin, baina dramatismorik gabe. Herritar bakoitzari zerbait egin dezakeela ere azaldu behar zaio.

En Portada saioan, beste alde batetik, zer lan eman dituzue azken boladan?

Japoniako adineko herritar batzuen istorioa kontatu dugu; hainbatek nahiago dute espetxera joan, zer jan eduki ahal izateko. Amerikako herrialde batzuen egoeraz ere aritu gara. Aurrekoan, Espainiako emakumezkoen futbolaz aritu ginen, eta duela urte batzuk haien egoera nolakoa zen gogoratu genuen. Jendeak jakin dezala duela urte batzuk zer egoera absurdo bizi izaten zituzten emakumezko futbolariek.

«RTVEko langileok oso argi dugu zeinek izan behar duen eredua: independentzia profesionala behar da. Presidentea lehiaketa publikoz izendatu beharko litzateke, baita telebista autonomikoetan ere»

Ikerketa dokumentalei nahikoa balio ematen al zaie?

Balioa ematen zaie hedabideek egiten duten lanari? Ziur aski, ez. Internetek leherketa bat eragin du komunikazioan, saturazioa dago, eta ez zaie nahikoa balio ematen hedabideei. Baina ikerketa dokumentalak egitea funtsezkoa da.

RTVEk egun duen presidenteak PSOEren karneta zuen izendatu zutenean. Zer iritzi duzu gobernantza ereduaz eta presidentearen aukeraketaz?

RTVEko langileok oso argi dugu zeinek izan behar duen eredua: independentzia profesionala behar da. Presidentea lehiaketa publikoz aukeratu beharko litzateke. RTVEko albistegietako kontseiluek hamaikagarren aldiz eskatu dute alderdi politikoak ados jar daitezela, eta presidentea meritu profesionalengatik izenda dezatela; lehiaketa publikoz, alegia. Irrati-telebista autonomikoetan ere gauza bera egin beharko litzateke.

Desinformazioak eragiten dituen arazoak nola ikusten dituzu?

Arazo handi bat da hori, minbizi bat. Denen artean geldiarazi behar dugu desinformazioa. Interneten badira batzuk haien interesak sustatzeko aritzen direnak, eta horregatik zabaltzen dituzte gezurrak. Mendebaldeko herrialdeen demokrazietan eragin handia izaten ari dira. Egiaztatze sailetan gehiago inbertitu beharko litzateke. Desinformazioa zorroztasunaren bidez borrokatzen da, informazioren bidetik. Fake news kontzeptua ezabatu behar da, hedabideei prestigioa kentzeko sortu baita. Albiste bat ezin da faltsua izan, faltsua bada ez baita albistea. Desinformazioa da hor dagoena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.