ATZEKOZ AURRERA. Mikel Reparaz. Kazetaria

«'Fake news'-en aurrean tinko egon behar du kazetaritzak»

Mikel Reparaz kazetariak hurbiletik landu du Donald Trumpen «fenomeno handia». Hura boterean denetik «erabat aldatu da» lan egiteko era, eta astindu bat eman dio nazioarteko politikari.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Andoni Imaz
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Nazioarteko gaien inguruan aritu da beti Mikel Reparaz kazetaria(Arbizu, Nafarroa, 1975). Balkanetako gerraren azken uneen berri eman zuen 1995ean, eta ordutik lau kontinentetan aritu da lanean; 2013tik 2018ra New Yorken, AEBetako berriemaile lanetan EITBrentzat. Bertatik bertara ikusi zuen Donald Trump Etxe Zurira iristen: ondo gogoan du 2016ko azaroaren 8ko gaua. Ordutik honako gakoak azalduko ditu gaur Aretxabaletan (Gipuzkoa) emango duen Trumpen Amerika hitzaldian (19:00).

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ajea oraindik gorputzean, Trumpek irabazi zueneko zer oroitzapen gordetzen duzu?

Igande gauean burura etorri zitzaidan gau hura. Kazetaritza aldetik, ikaragarria izan zen 2016ko gau hari erreparatzea. Orduan, inor gutxik espero zuen Trumpek hauteskundeak irabaztea, baina irabazi egin zituen. Espainiako hauteskundeetan ere inkognita handi bat zegoen: eskuin muturrak zenbaterainoko emaitzak aterako zituen. Europako ultraeskuinak Trumpen eta Steve Bannonen gidaliburu guztia erabili duenez, askok uste zuten azkenean atera zituzten emaitzak baino handiagoak lortuko zituztela.

Trumpek beti jomugan izan ditu kazetariak. Aldatu da AEBetan lan egiteko modua?

Nire esperientziatik, erabat aldatu zen atzerriko prentsari dagokionez. Aurreko administrazioarekin bagenituen iturriak, eta nahiko gardena zen; Trump iritsi, eta dena bertan behera gelditu zen. Gainera, kazetarionganako jarrera erabat oldarkorra sumatu genuen gobernuaren eta presidentearen aldetik.

Trumpen garaiak ekarri ditu egia-oste eta fake news kontzeptuak, esaterako.

Trumpek beti erabili du gezurra: enpresaria zenean eta politikan hasi zenean. Gezurrei esker dago dagoen lekuan, neurri handi batean. Berak sortu du albiste faltsuen unibertsoa, eta oso emaitza onak eman dizkio AEBetan. Europako alderdi askok errezeta hori hartu dute, eta gezurra da osagai nagusia.

Presidentea baino gehiago, fenomenoa da Trump?

Fenomeno handi bat da. Berebiziko aldaketa ekarri du Mendebaldeko demokrazietan; handik sortu dira hainbat kopia eta adar, batez ere Europan, baina baita Hego Amerikan ere. AEBetan, kontuan hartu behar da arrazaren gatazka: oraindik bizirik dagoen gatazka historiko batek konfiguratzen du herrialdea. Halere, baditu osagai unibertsalak ere: beldurra erabiltzea, gezurra, autokrazia...

Zertan da fenomenoa AEBetan?

Oraindik zalantza handiak daude 2020ko hauteskundeei begira. Nik uste dut oinarriak oraindik sendoak direla, bere alde daudela. Trumpek indar handia du oraindik nukleoetan, baina ikusi beharko da alderdi errepublikanoaren babesari eusten dion. Esango nuke Etxe Zurira iritsi zenean baino ahulagoa dela orain.

Zer erreakzio daude alderdi errepublikanoaren barruan?

Trumpen administrazioan izan diren dimisioek eta kaleratzeek sortu dute giro bat alderdian; etsai asko ditu. Aurkariek burua altxatuko duten ala ez ikusteko dago, batez ere ez dagoelako hautagai argirik.

Eta ezkerra aktibatu da?

Hori da AEBetako politikagintzako beste gakoa. Trump fenomenoak indar handia hartu du, baina, era berean, ezkerretik datorren erresistentzia bat aktibatu du, inoiz ez bezalakoa AEBetako historian. Nik esanen nuke Roosevelt presidentearen garaitik ez dela horrelakorik izan AEBetan; eskubide zibilen borrokaren pareko gauza bat gertatu da. Horrek alderdi demokrata ezkerrerantz eraman du.

Nola landu eskuin muturraren gorakada, hura hauspotu gabe?

Nik uste dut hor autokritika handia egin behar dugula kazetariok, batez ere AEBetan. Trumpek etengabe erabili du gezurra, eta kazetarion lana da gezurrak gezurtatzea, informazioa egiaztatzea eta testuinguruan jartzea, eta hori ez dugu behar bezala egin. Hori da ikasbide handienetako bat. Azkenean, kazetaritzak tinko egon behar du gezurrak eta fake news-ak erabiltzen dituztenen aurrean. Pixkanaka ikasten ari gara nola aurre egin horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.