Maiatzaren 20an, Fox telebista kateak Facebook bidez estreinatu zuen Outcast telesaila. Sare sozial horren bidez telesail bat estreinatzen zen aurreneko aldia izan zen. Gaur, berriz, Facebookek futbol partida bat emango du zuzenean lehen aldiz. Madrilgo Cerro del Espino estadiotik Atletico Madril eta Athleticen arteko Lehen Mailako ligako partida 11:45ean ikusi ahalko da Internet bidez, Facebook.com/LaLiga orrialdean. BeIN Sports kirol katearen laguntzaren bitartez egingo dute emanaldia—kate hori ligako babesle ofiziala da—. Interneteko emankizunak ez du muga geografikorik izango, eta, horrenbestez, mundu osoan ikusi ahalko da.
Partida garrantzitsua izango da gaurkoa Athleticentzat. Txuri-gorriak lehen postuan dira, hiru jardunaldiren faltan, eta Bartzelonari puntu bat ateratzen diote. Bartzelonak, berriz, bihar eguerdian jokatuko du Oiartzunen zelaian, eta partida hori ETB1ek emango du zuzenean.
Azkeneko bi jardunaldietan, Athleticek Oviedoren aurka —etxean— eta Granadilla Egatesaren zelaian jokatuko du.
Finalez betetako asteburua
Athleticen eta Oiartzunen futbol partidez gain, asteburuak emango du zer esana kirol arloan. Eskubaloian, Bera Berak Helvetia Alcobendasen aurka jokatuko du gaur, eta, partida irabaziz gero, Espainiako Ligako txapelduna bihurtuko da; lehia ETB4 kateak emango du, 18:55ean. Emanaldia www.eitb.eus atarian ere ikusi ahalko da.
Milango San Siro estadioan (Italia), Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute Real Madrilek eta Atletico Madrilek; Hego Euskal Herrian Antena3 katean ikusi ahalko da partida (20:45). 60 kamera erabiliko dituzte. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ordainezko plataformetara jo beharko da lehia ikusteko. Eskubaloiko Txapeldunen Ligako Lauko Finala ere asteburuan jokatuko dute; final handia Teledeportek emango du, bihar, 17:50ean.
Txirrindularitzan, ETB1ek Italiako Giroko azkeneko bi etapak emango ditu: gaur, 13:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:30era; eta, bihar, 15:00etan.
Pilotazaleek, berriz, bihar dute egun handia. Buruz buruko finala jokatuko dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan Mikel Urrutikoetxeak eta Iker Irribarriak. ETBk emankizuna egiteko, 25 langile ariko dira beharrean. Bederatzi kamera erabiliko ditu Euskal Telebistako errealizazio taldeak, Fernando Lopetegi buru dela. Slow motion kamerarekin, jokoaren irudi geldoa eta zehatza erakutsiko dute. Ezohiko irudiak ere izango dira, txokoan kokatutako kamera robotizatu bati eta kontrakantxako marra zain duen kamera bati esker. Finala berriro emango du ETB1ek 23:05ean. Nafarroan, Nafar Telebistari esker ikusi ahalko da zuzenean finala.
Barakaldo eta Alaves futbol taldeentzat ere asteburu garrantzitsua izan daiteke. Barakaldok Bigarren Mailara igotzeko kanporaketako itzulerako lehia jokatuko du bihar, Lleidaren aurka, eta ETB1ek 20:00etan emango du. Alavesek, ordu berean, Numantziaren aurka jokatuko du —Movistar+ek emango du—. Gertu dute arabarrek Lehen Maila.
Facebookek futbol partida bat emango du zuzenean lehen aldiz
Atletico Madril-Athletic lehia 11:45ean ikusi ahalko da gaur, 'Facebook.com/LaLiga' orrialdean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu