Ezustekoekin bukatuko da 'Hondar ahoak' telesaila, gaur

Denbora eta aurrekontua «murritzak» izan diren arren, emaitza «ona» izan dela dio Marian Fernandez Txintxua Filmseko ekoizleak

Gaur gauean emango dute Hondar ahoak telesailaren laugarren eta azken atala, ETB1en. EITB.
amaia igartua aristondo
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
ETBk udazken honetarako egindako apustuetan bigarrena, Hondar ahoak telesaila, gaur bukatuko da. 22:30ean emango dute laugarren atala, eta bertan askatuko dira aurreko asteetan korapilatuz joan diren gertakizunak. Azken honetan, Nerea Garcia (Nagore Aranburu) inspektorea kasua argitzeko estututa sentituko da, eta hainbat ezustekori aurre egin beharko die.

Lehen hiru atalen audientziari dagokionez, beheranzko joera dago, bereziki bigarren eta hirugarren ataletan. Hondar ahoak telesailaren ikusle kuota %2,8, %2,2 eta %1,2koa izan da, hurrenez hurren, eta euskaldunen artean %8,6ko, %7,7ko eta %5,1eko kuotak izan zituzten. Datuok gorabehera, Marian Fernandez Txintxua Filmseko ekoizleak uste du hasierako erreakzioa «ona» izan dela, telebistaren kontsumoa «aldatu» egin baita azken urteetan eta, horrenbestez, halako datuak jada ez direlako lehen bezain «fidagarriak». «Sentsazioa daukat gero eta jende gehiagok ikusten duela fikzioa Internet bidez, ETBkoen kasuan nahieran.eus-en. Badago grabatu eta noiznahi ikusteko aukera ere».

Emaitza kuantitatiboak bainoago, kualitatiboek pizten diote «kuriositate» handiena. Are, baita «antsietatea» ere, «zalantza» baitzuen telesailak izango zuen harreraren inguruan. «Nortasun eta erritmo propioak» dituen saioa izanik, ez zekien ikusleek planteamendua ulertuko zuten edo ez, eta, hori hala izanda, emaitza ikusteko «beharra» izan duela onartu du, ziurtatu arte ikus-entzuleek haiek helarazi nahi zutena jaso dutela. Heldu zaizkion erantzunekin zalantzok desagertu zaizkio: «Sare sozialetan irakurri duguna nahiko ona da. Alde horretatik, uste dut jendeak ulertu duela gure proposamena eta gustura hartu duela. Telesailak kateatu dituela esatera hurbildu zaizkit batzuk».

Telebistarako lehen lana

Txintxua Films ekoiztetxeak ibilbide oparoa duen arren film luze eta laburren arloetan, lehen aldia da telebistarako ekoizpen bat egiten dutela. Egokitu behar izan dira, baina izan dituzten baldintza mugatuetara batez ere, telebistaren formatuaren moldetara bainoago. Fernandezen hitzetan, «forma aldetik, desberdintasunak egon dira; fondoaren aldetik, ez». Izan ere, 200 minutuko telesaila izango zela ezarri zieten hasieratik, eta aurrekontua ere «murritza» izan da.

Horiek horrela, jakitun ziren, bai bera eta baita Koldo Almandoz zuzendaria ere, Hondar ahoak-en ekoizpena «erronka» izango zela: «Gauzak ongi aterako ziren beldur ginen». Muga horiek kudeatu behar izan dituzte, beren «zigilua» galdu gabe, Fernandezek hori baitzuen xede: «Oso argi genuen ahalik eta ondoena egin behar genuela, gure nortasuna galdu gabe. Zerbait zaindua egin behar genuen, aktoreengatik ere bai, haien prestigioari kalterik ez egiteko». Harreraren inguruan egindako balorazioaren ildotik jarraitu du bukaerako emaitzaren kalitatea neurtzeko orduan ere: «Ardura sentitzen genuen, eta uste dut ondo atera dela. Alde horretatik, lortu dugu gure helburua».

Telesailaren aurkezpenean, artean ikusleen iritzien mende ez zegoenean, Edu Barinaga ETBko zuzendariak hurrengo urterako beste telesail bat ekoizteko proposamena egin zien jendaurrean Txintxua Filmsekoei. Fernandezek tentuz hartu ditu hitzok: «Guk beti izaten ditugu ideia asko eta zirriborro asko. Datorren astean ETBko arduradunekin bilduko gara balantzea egiteko, eta etorkizunera begirakoak ondo antolatzeko, ea posible den egitea eta nola». Halere, 2021eko udazkena «gertuegi» dagoela iruditzen zaio ekoizleari: «Denbora gutxi da kalitatezko zerbait egiteko. Batzuetan, perspektiba galtzen dugu: gauzak ez dira egun batetik bestera egiten, beren denbora behar dute ondo ateratzeko».

Dena den, nahiz eta urtebetean ez duten ezer berririk ateratzeko asmorik, ziur dago ETBrekin harremanetan jarraituko dutela, halabeharrez bada ere: «Hemengo ekoiztetxe batek, euskaraz ekoizten duenak, ETBrekin lan egin behar du nahitaez; ez daukagu beste aukerarik. Euskal fikziorako inportantea da ETB indartsu bat existitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.