Amatasun baimena amaituta, kargu berri bateko ardurarekin itzuli da lanera Naroa Iturri (Hernani, Gipuzkoa, 1976).
Hiru urte bete ditu, berriki, Hamaikak. Zer balantze egiten duzue hiru urte hauetaz?
Hiru urteko balantzea ona da, bidea egin dugu, eta egiten ari gara, nahiz eta askotan ez den erraza. Hasieran, adibidez, gutxi askok zekiten Hamaika zer zen, eta urrats hori egina dugu. Hala ere, bide luzea dugu, eta gogotsu gaude.
Zer harrera izaten ari zarete ikus-entzuleen aldetik?
Ez ezagutzetik ezagutzera. Gauza berriak egiten saiatu gara, eztabaida politiko askotarikoak, eduki herrikoiak, parte hartzaileak...Ondorioz, ahoz aho izaten bada ere, jende askoren zorionak jaso izan ditugu. Esan beharra dago baliabide gutxirekin ahal duguna egiten dugula, eta beti hobetze aldera joan nahi dugula.
Egoitza aldaketa izango duzue, aurki: Donostiara, ezta?
Bai, hemendik egun gutxira PIAra goaz, Donostian, Zuatzun dagoen ikus-entzunezkoetarako eraikin berri batera. Han, gainera, sektoreko enpresa gehiago daude, eta horrek gure arteko lana sustatu eta erraztuko duelakoan gaude. Jakingo duzue inaugurazioaren berri.
Urtarrilaren 7an presoen aldeko manifestazio erraldoiaren inguruko zuzeneko saioa egin zenuten. Erronka handia izan al zen?
Ba, egia esan, bai. Hamaikak egiten zuen lehen zuzenekoa izan zen, eta idea antolatzaileekin garatu genuenetik emisio eguneraino zoramena izan zen, konexioak, ekipoak prestatu, seinalea... Iritsi zen 7a, Aita Donostia parean ginen, eta seinalerik gabe geratu ginen; ia bihotzekoak eman zigun, baina minutu gutxi batzuk izan ziren. Gero, baliabide gutxirekin bada ere, ia hiru orduko saioa egin genuen, eta han egoterik izan ez zuten askok ikusi ahal izan zuten Bilbon gertatu zen egun historikoa.
Atzerrian ere ikusi zuen jendeak saioa. Zer sentipen eragin zizuen?
SMS ugari jaso genituen saioan zehar, baita sare sozialetan ere, estatutik, Europatik, Venezuelatik, Mexikotik...zaila da azaltzea izan genuen adrenalina igoera, gehienbat jende askok Internetez, etxetik urrun, ikusteko aukera izan zuelako.
Bide horretatik zuzeneko saio gehiago egingo al dituzue?
Hori da gure erronka, lehengoa egin dugu, zailena, eta hemendik aurrrea bide berriari ere eutsiko diogu.
Bilboko egoitza da nagusi Hamaikan. Donostiakoa indartzeko asmorik ba al duzue?
Bai, egoitza aldaketa dela eta, Gipuzkoan edukiak indartzeko ahaleginetan gabiltza, eta, horretarako, jende gehiago beharko dugu,baina jakina da egungo egoera ekonomikoa ez dela onena, beraz, poliki-poliki.
Telebista bidez, soilik EAEn ikus daiteke Hamaika. Nafarroan eta Iparraldean jendeak Internet bidez ikus dezan zerbait egitea planteatu al duzue?
Badira dagoeneko Internetez han ikusten dutenak, baina asmoa dugu agian zabalkunde kanpaina egitea, hango ikusleek ere behar baitute telebista alternatiba hau.
Zer garrantzi du euskararentzat tokiko kateak euskaraz egoteak?
Berebizikoa. Euskararen presentzia komunikabideetan berez da oso garrantzitsua, eta telebistak duen garrantzia ikusiz eta tokiko informazioak sortzen duenbeharra eta eskaria ikusiz, ezinbestekoa da eskaintza hori bermatzea.
Edukietan zer erronka dituzue datozen hilabeteei begira?
Datorren hilabeteetan berrikuntza batzuk sartuko ditugu, eta jende berria ere izango dugu. Baina eraldaketa handiena hurrengo ikasturterako ari gara egiten.
Ikus-entzuleek telebistan parte hartu ahal izateko formulak bilatuko al dituzue?
Dagoeneko badaude sare sozialak, telefonoz ere sar daitezke... laster web orri berria jarriko dugu bidean, eta hor ere aurrerapauso handia izango dugu. Eta telebista parte hartzailea dela esaten dugunez, bakoitzak bere sorkariak, bideoak, ideiak... bidal ditzala, jasotzeko irrikaz gaude eta.
Publizitatea eta babesleak aurkitzea zaila dago egungo egoeran, ezta? Nola ikusten duzu alor hori?
Krisia dela medio, gero eta zailagoa dugu komunikabide guztiek aurrera egitea. Denek beren poltsikoetara begiratzen dute, beldurrez. Hala ere, behin argentinar batek esan zidan Argentinan krisi larriena zegoen garaian inoiz baino publizitate gehiago saltzen zela.
Zer saio mota egiten duzu gustura?
Onartzen dut gehien gustatzen zaidana politika eremua dela. Horrez gain, saioan eginiko elkarrizketa hurbilekoak ere bereziak izan dira, 45 minutuan pertsona batengana iristea...Gure lana ikusleak betetzea eta mugitzea da.
Komunikazioa. Naroa Iturri. Hamaikako eduki arduraduna
«Ezinbestekoa da euskarazko telebista eskaintza bermatzea»
Donostiako egoitza aldatuko du aurki Hamaikak. Webgunea egokitu, eta jende berria iritsiko dela iragarri du Iturrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu