Zarauzko (Gipuzkoa) Zirika euskara elkartearen ekimenez, ostegunean Ezer ez eta festa podcasta publiko eta guzti egingo dute, zuzenean. Zarauzko Modelo aretoan egingo dute saioa, eta sarrera doakoa izango da. 18:30ean hasiko da, eta ordubete inguru iraungo du.
Imanol Epelde Zirika elkarteko kideak nabarmendu du podcasten goraldi bat dagoela azkenaldian: «Askotariko podcastak daude entzungai. Eta sumatzen genuen zuzeneko emanaldiak ere arrakastatsuak direla, baina euskarazko podcasten zuzeneko emanaldien falta sumatzen genuen. Horregatik, proba egitea pentsatu genuen».
Proposamena egin zien Zirikak Ezer ez eta festa podcasteko Irene Arrarats Lizeaga eta Maialen Berasategi Catalan esatariei, eta haiek baiezkoa eman zuten. BERRIArentzat egindako podcast bat da, BERRIAko euskara taldeko kideek egindakoa. Berasategik iragarri du ez dela monografikoa izango, beste atalen tankeran: «Ez dugu gai bakarra aukeratu. Azpigaiak lotzen dituen hari bat izango dugu, baina ez gai bakarraren bueltan». Arraratsek argitu duenez, podcastaren atal bereziak ere zerikusia izango du hizkuntzarekin. «Baina gurean hizkuntza eta literatura, literatura eta hizkuntza, biak batera agertu izan dira, eta txango batzuk egingo ditugu literaturan barrena».
Oholtza gainean bi esatariak ariko dira. Musika apur bat ere jarriko dutela azaldu du Berasategik. «Zenbait pertsona interesgarriren aipu interesgarri batzuk ere sartuko ditugu». Teknikari lanetan, bestalde, Lara Madinabeitia eta Arantxa Artola izango dituzte lagun.
Arraratsek azaldu du «ilusioz» joango direla Modelo aretora. «Hasieran espero baino harreman gehiago izan ditugu entzuleekin. Jende askok esan digu zerbait podcastari buruz, eta iritzi onak izan dira. Zuzeneko saio hori aukera bat izan daiteke entzuleekin aurrez aurre egoteko, eta ikusteko jendeak zer erreakzio duen». Esperientzia «diferentea» izango dutela uste dute bi esatariek. Badute probatzeko gogoa.
Lehen aldia izango dute podcastarekin jendaurrean. «Baina ez dugu pentsatu zuzeneko emanaldi gehiago egingo dugunik. Ezustekoa izan zen Zirikaren proposamena», dio Berasategik. Eta Arraratsek ere gauza bera pentsatzen du: «Gure asmoa ez da bira batean-edo hastea. Baina batek daki, oso ondo ateratzen bada eta interesa baldin badago, ez dugu aterik itxiko».
Atalak entzungai dira
Hizkuntzari buruzko bederatzi atal egin zituzten iazko udaberrian, eta guztiak entzun daitezke BERRIAren webgunean. Podcastak bonus track deituriko beste atal laburrago bat ere izan zuen: Hernanialdeko (Gipuzkoa) AEK euskaltegikoek sortu zuten. Berasategik esan du harrera beroa izan zutela: «Olaturik handiena atalak eman ahala izan genuen: entzule batzuk kateatu egin ziren, zorionez. Baina gerora ere etorri zaigu jendea esanez oporretan entzun duela, edo euskaltegietan eta hizkuntzarekin lan egiten duten tokietan ere entzun dutela».
Osteguneko emanaldiaren antolatzaileek uste dute «bide interesgarria» izan daitekeela euskarazko podcasten zuzenekoena. «Gustatuko litzaidake jendaurreko emanaldi gehiago egitea», horixe nahi du Epeldek: «Egindako lana beste plaza batera eramatea da, eta jendearekin beste elkarreragin bat sortzen da hor. Plazak izan daitezke aretoak, gaztetxeak, tabernak... eta formatu asko probatu daitezke».