Komunikazioa. Julian Iantzi. 'Bost baietz!' saioko aurkezlea

«Ez naiz pertsona bakarrarekin lehiatzen, edonork lagun diezaioke»

Astelehenetik ostiralera, 'prime time'-n Euskal Herriko kaleetan zehar arituko da lehiakideak bilatu eta haiei galderak egiten.

Iñaki Lasa Etura.
2013ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Lehiakide bila dabil Julian Iantzi (Woodland, AEB, 1967). Bost baietz! saioaren atal berriak ematen hasiko da ETB1 maiatzaren 27tik aurrera, astelehenetik ostiralera Mihiluze-k utzitako hutsunea betetzeko asmoz. Ez du izango ETB1eko programa bakarra, udazkenean 101 Gaztelureallity-a aurkeztuko baitu. Horretarako lehiakide bila ere badabil, eta aurki izango dira hautaprobak.

Gogoan ez duenarentzat, nolakoa da Bost baietz! saioa?

Bost minututan jendeari galderak egin eta erantzun zuzena bilatu behar dute. Zergatik bilatu? Beraiek ez badakite, badute galdetzerik. Asmatutako galdera bakoitzeko hogei euro; huts eginez gero, hogei euroak bueltan. Denbora amaitzean dirua jaso edo bikoizten saiatzeko aukera dute, horretarako proba bat gaindituta. Gure asmoa jende askorekin lehiatzea da, nahiz eta beste kate batzuekin konparatuta ez den hainbeste diru irabazten.

Zer galdera mota egiten dituzue?

Denetarik, kultura orokorra: geografia, matematika, historia... Lehendabiziko galdera erraza izan ohi da, asmatzen ez badu lehia amaitu egiten delako. Noski, galdera batzuk besteak baino errazagoak dira. Ni ez naiz pertsona bakarrarekin lehiatzen, edonork lagun diezaioke.

Noiz emango duzue?

Astelehenetik ostiralera emango dugu, 21:00etatik 22:00etara. Euskal Herri osoa bisitatu nahi dugu. Herri txikietan bestaren bat daukatenean azaltzen saiatzen gara; hirietan ez daukagu jendea aurkitzeko arazorik. Nahi duguna gozatzea da, eta euskaraz gozatu. Euskaldun zaharrak nahi ditugu, eta euskaldun berriak ere bai. Badago euskaraz hitz egiteko lotsa duen jendea. Ez da lotsa izan behar, euskaraz gozatu ahal da, gozatzen da. Utzi lotsa eta beldurra aparte, eta hizkuntzarekin gozatu, ondo pasa.

Mihiluze-k utzitako lekua beteko duzue. Presiorik sortzen al du horrek?

Mihiluze-k zortzi urte iraun du. Non sinatu behar da hainbeste irauteko? Presiorik ez dut, nik badakit hor dagoela audientzia, baina lo ederki asko egiten dut. Ahalik eta hobekien lan egiten dut, eta kito. Ezin dut gehiago egin. Ikusten badugu audientzia ez dela ona, izango dugu horri buelta emateko aukera.

Probako atalean pertsonaia ezagunen bat erabili zenuten amu gisa. Formula hori errepikatuko al duzue?

Ez bereziki. Suertatzen bada leku batean harrapatzen dugula, zalantzarik ez izan amua hartu eta ekarriko dugula. Baina programa bakoitzean ez dugu pertsona ezagun bat sartuko. Famatuak badira jada ezagun, eta herritarrek merezi dute haien minutua.

Udazkenean ere ETB1en izango zara, 101 Gaztelu programarekin, eta horretarako lehiakide bila zabiltzate.

Maiatzaren 24an eta 29an Bilbo eta Donostiako egoitzetan izango dira casting-ak. 101 gaztelu baino gehiago ditugu Euskal Herrian, izan ditugu gure jauntxoak, gure gudak... Probak egongo dira, dueluak eta beste hainbat gauza. Betikoa, garrantzitsua ez da izango giharra bakarrik, burua ere beharko da, eta asko, gainera.

Nolakoak izango dira probak?

Ikusgarriak, gogorrak, oso politak. Denetarik beharko da; ez da erraza izango. Ez du Conquis-en gogortasuna, baina honek ere baditu bere osagaiak. Izango dugu lehia. Polita izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.