ATZEKOZ AURRERA. Aritz Galarraga. Idazlea eta editorea

«Ez naiz akzio gizona; gehien egiten dudana behatzea da»

Hiru urtez, astero, 'Humanitatearen une gorenak' zutabea idatzi zuen Galarragak 'Argia'-n. Alberdaniak biziberrituta argitaratu ditu testuak. «Liburua ez da zutabe kontainer bat», argitu du.

JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Alberdaniako editore lanetan ari da gaur egun Aritz Galarraga (Hondarribia, 1980). Iaz, Gogoan dut liburua idatzi zuen. Euskal hedabide ugaritan egin ditu kolaborazioak.

Lehendik ere egin duzu bilketa lana: literatur kritikak Posteritatea liburuan eta oroitzapen pertsonalak Gogoan dut liburuan. Zerk eraman zaitu Argia-ko zutabeak liburu batean biltzera?

Hori esanda, ematen du idazle baino gehiago biltzaile naizela. Baina zutabe zirenak liburu batean bildu ditut hain justu liburua astez aste joan delako egiten, zutabeak argitaratzen nituen bitartean. Garai bateko folletoiak bezala, entregaka argitaratuz joan den liburu bat dela esango nuke; hasieran nahi gabe, eta gero kontzienteago.

Gorka Bereziartua kazetaria aritu da editore, eta «irauteko» testuak direla esan du. Koinatukeriak beste une baterako utzi al ditu?

[Barreak]. Gorka gauza asko da niretzat: laguna izaten hasi zen, gero koinatu, eta azken fazeta da editorearena. Ondo bereizten daki une bakoitzean zer funtzio jokatu eta zer paper hartu, eta eskertu behar diot edizio lanean eman didan laguntza.Hau ez da zutabe kontainer bat, baizik testu laburrez osaturiko liburu bat.

Hasieratik sarri ageri da Michel de Montaigner. Zer du Montaignerrek, esaterako, Enrique Vila-Matasek ez duenik?

Montaigner aitzindaria da. Duela 500 urte abiarazi zuen genero oso bat: literatur saiakera pertsonala. Gaurkotasun izugarria du; gezurra ematen du haren testuak duela 500 urte idatziak izateak.

Aurkibide analitiko bat ageri da liburu amaieran. Katalanak dezente ageri dira, baina ez Bartzelona. Aspertu al zara hiriaz?

Bertan bizi naiz azken hamabost urte luze hauetan, eta Bartzelonarekin maitasun-gorroto harremana daukat. Batzuetan gusturago nago, eta besteetan garraiobide azkarrena hartuko nuke hiritik alde egiteko.

Oftalmologia ere ageri da aurkibidean. Gaitz fisiko soila al da?

Ez, zalantzarik gabe. Miopia eta begien gaitzak osasun mentalak dira. Haurtzaroan eta gaztaroan ez nuen miopiarik, eta ez nuen betaurrekorik erabili behar. Baina miopea naiz orain, eta eragiten dit mentalki. Ikusteko gaitasuna galtzeak izua eragiten dit, beste ezer baino lehen behatzailea naizelako. Ez naiz akzio gizona; gehien egiten dudan aktibitatea begiratzea da.

Zutabe batean, 35 urte bete ondoren egin behar ez diren gauzak aipatu zenituen. 35 urtetik aurrera hasi zara liburuak argitaratzen. Horren aurretik, hobe irakurri?

Uste dut baietz, eta kasu batzuetan hobe da beti eta bakarrik irakurtzen jarraitzea, idaztera jarri gabe. Idazketa prozesu luze bat da, ikasten zoazen ariketa bat.

Pandemia garaian idatzi dituzu zutabe gehienak. Izurriaren une gorenen bat gogoan al duzu?

Zutabeen artean, Paidokrazia izeneko bat idatzi nuen. Haurrak guztiaren zentroan jartzeko joeraz idatzi nuen bertan, eta iruzkin eta erantzun sutsuak jaso zituen. Baina nik konfinamenduan ez nuen gaizki pasatu, etxetasunean, urteak neramatzalako liburutegia liburuz hornitzen.

1982tik 2020ra katalanera itzulitako euskal literaturaz idatzi zenuen doktore tesia. Zer diote katalanek euskarazko literaturaz?

Literatura gainditzen duten gako asko igarri ditut. Euskaldunen eta katalanen arteko ezagutzarik apenas dagoen; dagoena oso partziala eta azalekoa da. Gezurra dirudi hain gertu egonik zer gutxi ezagutzen dugun elkar, nahiz eta diskurtsoak beste bat ematen duen.

Editore lanetan zabiltza Alberdanian. Zorroztasuna zer neurritaraino eramaten duzu?

Neure buruari aplikatzen diodan baino zorroztasun gutxiagorekin aritzen naiz. Baina filtroa liburu guztietan dago, eta, maluruski, liburu batzuk atzean gelditzen dira.

Telebista kritikak idatzi zenituen BERRIAn. Zein zen tesi nagusia?

Telebistak balio duela, beste arlo askok bezala, giza jendeaz hitz egiteko. Telebista oso tresna garrantzitsua da ispilu bezala, geure burua ikusteko. Askotan ez digu irudi polita itzultzen, baina hori ere bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.