Laura Sarmiento. Gidoilaria eta idazlea

«Ez genuen nahi euskara pintzel pasaldi soilak izatea»

'Intimidad' telesailaren sortzailea da Sarmiento. Sexu harremanen bideo bat zabaltzeak dituen ondorioetatik abiatuta, hainbat gai landu ditu. Ekainaren 10ean estreinatuko du Netflixek.

NETFLIX.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Filosofia ikasketak egin zituen Laura Sarmientok (Madril, 1979). Besteak beste, Crematorio; Carlos, rey emperador; 14 de abril. La República eta Matadero telesailetan aritu da gidoilari. Intimidad telesaila Euskal Herrian egitea proposatu zion Txintxua Filmsi, eta Bilbon grabatu zuten.

Ikusi gehiago: Ahizpatasun istorio bat Bilbon

Intimitatearen urraketa da Intimidad telesailaren oinarria. Baina nola jorratu nahi izan duzu gaia?

Interesatzen zaizkidan gauzak kontatzeko erabili dut. Ez nuen gelditu nahi bideo intimo baten zabalkundean soilik. Udalean kargu bat duen emakume politikari bat mehatxatua egongo da halako zerbait gertatu delako; testuingurua gizonez beterik dago, eta bakarrik dago. Familian zer eragin izan duen ere kontatzen da. Baina tramek aitzakia izan behar dute sakontzeko.

Gaietako bat sororitatea da, ezta?

Bai. Mito faltsu bat egon da urteetan esaten zuena emakumeen artean lehian genbiltzala, liskarrean genbiltzala, ez genuela elkar maite. Baina errotiko oker bat dago hor: emakumeok elkar maite izan dugu, eta elkar lagundu ere bai. Baina hori azaleratu egin behar dugu. Dena den, telesaileko sororitateak ez ditu gizonezkoak baztertzen; asko gustatzen zait politikari protagonistaren [Itziar Ituño] senarrak duen bilakaera. Mundua denon artean osatu behar dugu.

Bideo intimoen kasu batzuetan, emakumezko biktimak errudun bilakatzen dituzte. Zer mekanismo matxista daude hor atzean?

Biktimak errudun bilakatzearen gaia garrantzitsua zen niretzat istorioan. Herritar guztiak gara zaurgarriak, eta uste dugun baino kontrol gutxiago daukagu. Biktimek onartu behar dute biktima direla, ez dutela deliturik egin. Justizia behar dela ere bai.

Nerabeen arazoak ere ageri dira istorioan. Zer modutan?

Nerabeen mundua asko interesatzen zait. Dena hautsi daitekeen garai bat da nerabezaroa; etapa oso garrantzitsua da bizitzan. Erabakiak hartu eta gizaki gisa finkatzeko aro bat da. Nerabeak oso sentiberak dira, hauskorrak dira, eta ez dituzte armak munduari aurre egiteko. Oso serio hartzeko gaia da nerabezaroarena. Tresnak eman behar zaizkie nerabeei, sufritu egiten baitute.

Euskal Herriko ikus-entzule askok Bilboko Udala gobernatzen duen alderdiari egindako kritikak ikusiko ditu Intimidad-en. Argi zenuen kritika hori?

Horrelako istorio bat kontatzeko ondo zetorren, zeren, Bilboko alkateei erreparatzen badiezu, ez baita alderdien mugimendu handirik izan, eta emakume alkaterik ere ez. Dena den, istorioak alderdi politiko askori egin diezaioke erreferentzia. Ohiko eskema bat dago istorioan.

Eskema hori beste boteregune batzuetan ere badagoela esan nahi duzu?

Bai, noski. Testuingurua Bilboko Udalarena da, baina beste bat izan zitekeen. Alderdi aurrerakoi batena, kasurako. Ikus-entzunezkoen alorrari begiratu besterik ez dago: emakumeak ez dira izaten gehien agintzen dutenak.

Itziar Ituño telesailean egoteak oihartzun handia bermatzen du. Horretaz jabetzen zinen?

Proiektua abian jarri zenean deskubritu nuen ituñerren fenomenoa. Armada bat bezalakoak dira, eta edozer egiteko gai. Aktorea oso ondo dago telesailean, eta haren zaleei gustatuko zaie. Indartsua da Ituño, oso indartsua.

Euskara hainbat sekuentziatan entzuten da. Nolako oreka bilatu duzue hizkuntzekin?

Hasieratik hitz egin genuen gaiaz Txintxua Filmsekin. Ez genuen nahi euskara pintzel pasaldi soilak izatea —hitz bakan bat sekuentzian—. Aldiz, nahiago genuen elkarrizketa batzuk euskara hutsean sartu. Oso interesgarria eta atsegina da hori ikustea. Koldo Almandozek asko lagundu zigun horretan.

Netflixeko arduradunekin nola joan zen lana?

Idazketari dagokionez, zoragarri. Inoiz egin ditudan idazketarik erosoenetako bat izan da, askatasun eta konfiantza askokoa. Horrek indar handia ematen du.

Euskal Herrian berriro lan egiteko gogotsu zaude?

Esan dezaket dena bikain joan zela, eta lantalde guztia zoragarria izan zela. Euskal Herrian biziko nintzateke, baina orduan Madrilgo istorioak kontatuko nituzke, distantzia gordetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.