'Ez gatoz Paristik' podcasta BERRIAra itzuli da

Egunotan hasi dute denboraldia BERRIAko 'Kinka' eta 'Berria FM' podcastek ere.

'Ez gatoz Paristik' podcastaren bigarren denboraldia. BERRIA
'Ez gatoz Paristik' podcastaren bigarren denboraldia. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko urriaren 17a
10:00
Entzun

Deskonexioa. Izenburu hori du Ez gatoz Paristik podcastaren bigarren denboraldiko aurreneko atalak. Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak ekoizten du podcasta, eta Amagoia Gurrutxagak gidatzen du. Entzungai dago jada BERRIAn bertan. Kultura «biziaz eta bizigarriaz» jarduten du podcast horrek, eta galdera mamitsuak egin dituzte atal berrian: «Zenbaterainoko plaza eskaintzen zaio euskal kulturari Euskal Herriko hedabideetan? Plaza horren neurria zenbateraino da herritarron kultur ohituren moldatzaile, zenbateraino kultur ohituron ispilu? Mundu gero eta konektatuago eta globalizatuago honetan, zenbateraino normalizatuko dugu gure kulturarekiko deskonexioa?».

Gai horien inguruan honako elkarrizketatu hauen hitzak entzun daitezke podcastean: Josu Martinez EHUko irakasle eta zinemagilearenak, Libe Mimenza EHUko ikerlari eta Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzailearenak, Klara Badiola aktorearenak, eta Katixa Agirre idazle eta EHUko irakaslearenak. Euskal komunikazio esparruaz, gazteek euskarazko edukiekin duten deskonexioaz eta bestelako gai batzuez hitz egin dute. Baita EITBk egin behar zuenaz ere.

Ez gatoz Paristik podcastean, aurreneko denboraldian bezala, Hi bizi haiz hi fikziozko tartea entzun daiteke. Ahotsak Amagoia Gurrutxagak, Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak jarri dituzte. Zubi-musu bat kantatu du Lumik, Karlos Linazasororen Sei ohe olerkia egokituz. Podcastaren errealizazioa Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz kooperatibako Ander Mujikaren ardura da.

Podcastaren lehen denboraldiko zazpi atalak —42-50 minutu artekoak dira— BERRIAren webgunean entzun daitezke, baita audio plataformetan eta Lanartearen webgunean ere. Atal bakoitzerako BERRIAren laguntzarekin egiten dituzten bideo-trailerrak ez dira nolanahikoak.

'Kinka' eta 'Berria FM'

BERRIAren podcast eskaintza aberastu egin da azkeneko hilabeteetan. Horren erakusgarri da Iker Tubia kazetariak gidatzen duenBerriketan podcasta; astean hirutan sareratzen dute, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. Aktualitateko gaiak lantzen dituzte.

Klima eta natura krisian gai orokorrari heltzen dio Kinka podcastak. Astean bitan sareratzen du euskarazko egunkariak, eta aste honetan hasi du bigarren denboraldia. Nagore Arinek gidatzen du, eta hirugarren denboraldiko lehen atalean baso eskolen eta hezkuntza ekosozialaren gaiari heldu dio Larraitz Altuna EHUko irakasle eta ikerlariarekin batera. Hiztegian, albedoaz aritu dira Arin eta Oli Artola.

Gaiei feminismoan oinarrituta eta betaurreko moreak jantzita begiratzen diete Uxue Reyk eta Ane Eslabak bi astean behin Berria FM podcastean. Denboraldi berriko lehen atalean Oholtza hartzeaz aritu dira. Udane Barinagarrementeria Lakarekin —Euskal Herriko musika-eszena (trans)feministen gorputz etnografia bat: Elkarrekikotasunak, afektuak eta berresanahitzeak lana egin du— hitz egin dute punkaz, oholtza hartzeaz, izerdiaz, biolentziaz eta «xamurtasun erradikalaz».

BERRIAren multimedia eskaintzan aipatzekoak dira, halaber, Urubia bideopodcasta —Lapurdin egiten dute—, Kirmen Uriberen New Yorkeko munduak eta Hizlandia literatur podcasta. Aurreko denboraldian, Ezer ez eta festa-rekin hizkuntzarekin jolasean aritu ziren BERRIAko euskara taldekoak, baina horrek ez du jarraipenik izango. Entzuteko modukoak dira podcast horren atalak, eta AEKren bonus track-ak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.