Irakaslea eta teknologia berrietan aditua da Maite Goñi (Ordizia, Gipuzkoa, 1967), eta aitortu du batek baino gehiagok galdetu diola ea sakelakoarekin ematen duen egun osoa. Elkarrizketa bitartean, baina, ez du telefonoa behin ere begiratu.
Zein da gaurko hitza?
Igandeetan bideoak egiten ditut; hitz errazak aukeratzen saiatzen naiz, euskara ikasten ari direnentzat. Hilabetekoak egiten ditut, gaika. Urrian saltokiekin ari naiz; aurrekoan urdandegia egin nuen, eta gaur mihise denda jarriko dut ziurrenik.
Nola otu zitzaizun halako egitasmo batekin hastea?
Niri asko gustatzen zaizkit hitzak eta hizkuntzak, filologoa naiz. Gaurko hitza beste hizkuntza batzuetan ikusi nuen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Pentsatu nuen: 'Hau euskaraz egongo da nonbait, Euskaltzaindiak edo norbaitek egingo du'. Baina ez zegoen ezer. Orduan, nik blogak eta teknologia berriak ezagutzen nituenez... Laster lau urte beteko ditu proiektuak. Ekimen txikiak asko gustatzen zaizkit, konstantzia bat dutenak. Oso aproposa iruditu zitzaidan hiztegia aberasteko eta euskara zabaltzeko.
Gaurko hitza joko bihurtu duzu, Hitza-pasa ere egin duzu, sakelakoetarako Scrabble euskaratu...
Gaurko hitza joko bihurtzea Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako proiektua izan zen. Oso polita iruditzen zait, baina jarraitu beharrekoa. Hitz guztiak egiten dituzunean, motz gelditzen da. Hitza-pasa-rekin, adibidez, asko jarraitzen dut Pasapalabra saioa, eta hitzak ikasteko oso modu egokia iruditzen zait. Horretaz aparte, bestelako edukiak plazaratu ditut. Iruditzen zait euskararentzat oso garrantzitsua dela edukiak sarean egotea.
Jalgi al da euskara ziberplazara?
Bihotzak baietz esaten dit, baina buruak esaten dit asko falta zaigula. Sektore batzuetan, oraindik, badirudi euskararen moduko hizkuntza gutxituentzat mehatxua dela Internet. Gaur egun, Interneten egon beharra dago, bai ala bai. Zenbat eta lehenago konturatu horretaz, orduan eta aurrerapauso handiagoak emango ditugu.
Oraindik erabaki batzuk oso garbiak dira. Adibidez, hortxe dago Euskaltzaindiaren hiztegi berria. Ez dut temati bihurtu nahi gai horrekin, baina oso adibide aproposa iruditzen zait ikusteko non dagoen euskalgintza.
Asko aldatu al dute hezkuntza teknologia berriek?
Orain dela urte batzuk baikorragoa nintzen. Alde batetik, nora ezean ibili gara; beste alde batetik, irakasleriaren konpromiso falta dago. Oraindik asko falta da.
Baliabideak egon badaude behintzat.
Baliabideak bakarrik ez dira nahikoa. Interneten badago gauza mordoa probetxugarria izan daitekeena. Baina beharrezkoak dira azpiegitura egokiak eta formazioa irakasleen aldetik; ezinbestekoa da. Horiek ezkontzen ez diren bitartean, ezingo dugu aurrera egin.
Euskal Jakintza zure ikasleekin lankidetzan, Maitego hezkuntzari buruz, Sustatu, Twitter... ez zara galtzen idazteko hainbeste tokirekin?
Nik oso argi daukat bakoitzari zer eman diezaiokedan eta bakoitzarengandik zer jaso dezakedan. Nire abiapuntua oraintxe bertan nire bloga da, nire plaza. Horrez gain, beste ekimen batzuk ditut; bakoitzak bere funtzioa du. Nire planetaren sateliteak dira; denen artean egiten dute nire unibertsoa.
Zure eskoletan zeini jotzen dio sarriago sakelakoak, zuri ala ikasleei?
Zoritxarrez inori ez, debekatuta dauzkagulako. Zoritxarrez diot, nire ustez laneko tresna delako sakelakoa. Nik ez nuke arazorik edukiko erabiltzeko nire klaseetan, baldin eta naturaltasunez erabiliko bagenu, laneko tresna bezala. Iritsiko da eguna non sakelakoak erabiliko ditugun laneko tresna gisa. Horretarako, hezkuntzan dago giltza.
Kuriositatez, noiz izan zen Twitter erabili gabe pasa zenuen azken eguna?
Ni 2007an hasi nintzen, Twitter sortu zenean, oso hasieratik. Martxa hartu arte denoi kostatu zitzaigun ulertzea zertarako zen, haren filosofia. Nik egunero erabiltzen dut. Ez dut gogoratzen konexiorik gabe egun osoa eman nuen azken eguna. Tokatuko balitzait, ez litzateke ezer pasako.
Uharte galdu batera zer bi gauza eramango zenituzkeen galdetuko banizu, ez zenidake iPhonea eta kargagailua erantzungo, ez?
Nik gauza bat eramango nuke: jarrera baikorra. Hortik aurrera, moldatuko nintzateke; ez daukat arazorik. Mito faltsuak ere bota egin behar dira.
Elkarrizketa hau irakurtzekotan, paperean edo digitalean egingo duzu?
Ez zait gustatzen nik esandakoa entzun edo irakurtzea. Irakurriko banu, seguruenik tabletean edo ordenagailuan egingo nuke. Halere, gehienbat amari egiten diote ilusioa horrelako gauzek, eta hari paperean emango nioke.
Maite Goñi
«Ez dut gogoratzen konexiorik gabe eman nuen azken eguna»
Internet asko baliatzen du Maite Goñi irakasleak, eta egunero erabiltzen ditu hark ere teknologia berriak, «bere unibertsoa», besteak beste hezkuntzan uztartzeko. Kexu da, ez baitu ulertzen Euskaltzaindiaren hiztegi berria paperean soilik argitaratu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu