SERIEA Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (I).

Ez diren lurraldeetan

BERRIAk antolatutako lehiaketako lanik onenak argitaratuko dira gaurtik larunbatera. Larunbatean irakurri ahal izango da irabazi duen lana: 'Txartatu gabeko ha(e)rribitxia'. Gaurko kronika Kosovora, Bosnia eta Herzegovinara, Luhanskera, Armeniara, Marokora eta Pirinioetara egindako bidaien bilduma bat da.

4. Kosovo. Kosovoko Sphellat via ferrata. Hainbat kobazulotatik igarotzen da, Rugova arroilan. LUR GIL REY.
Lur Gil Rey
2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
MENDI MADARIKATUAK

Lehenengo argi izpiekin ireki zaizkigu begiak. Gorputza ezin luzatu, eta lo zakutik nolabait gorputza atera, atea ireki eta zutik jarri behar izan dugu; autoan pasatu ditugu goizaldeko azken orduak. Gau ilunez egin dugu Tiranatik Deçanerako bidea; eta arroila hasten den unean, errepide ertzean, erabaki dugu begiak ixtea.

Ikusi gehiago:Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (II). Kanada. Arrokatsuetatik Pazifikora, ibaien sare aldrebesean

Kosovon gaude, ez da erraza azaltzen gorputzean dugun sentsazioa. Sekula ez genuen usteko Kosovon izanen ginenik, nazioarteko aitortza urria duen lurraldean. Are gutxiago, Kosovoko arroketan dantzan ariko ginenik, gerra sekula existitu izan ez balitz bezala.

Soroak, aziendak, meskitak, monasterio ortodoxoak... errepideak aniztasun ederra ekartzen digu begietara, baita koloreetan ere: soroen horiak, larreen berdeak, mendien kareharri xuriak eta zeruko urdinak nazioarteko berrietan grisez margoturiko lurraldeari bizitasuna margotzen diote.

Errepideetako karteletan bi lerro, eta behekoa beltzez ezabatuta. Behin eta berriz errepikatzen da. Azkenekoan Deçan Lumbardh jartzen du, eta margo beltzaren atzean Decan Bistrica ikus daiteke. Hauxe da gure helmuga.

Arroilak ezker pareta biluzia erakusten digu orain, 400 metro baino gehiagokoa. Bertan sigi-sagan gure bidea, Kosovoko zazpi via ferratetatik bat. KFOReko (Kosovo Force, NATO) hiru kontrolgune zeharkatu, militar kroaziarrekin elkarrizketa bat, eta arroka ukitu dugu azkenik. Salbu gara. Denbora gutxian lurretik 300 metrora, Mokra Gora edo Malet e Moknes mendietan, albaniarren Mendi Madarikatuetan.

Ikusi gehiago:Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (III). Albanian zubiari 'ura' esaten zaio, eta diruari, 'leka'

Eta berriz ere sentsazio arraroa. Duela minutu batzuk argi geratu zaigu gerra eremuan gaudela, eta Kosovoko lurraldearen gatazkak bizirik jarraitzen duela egun ere. Orain, ordea, serbiarren Mokra Goran edo albaniarren Malet e Moknes mendietan gaude, eta gerraren arrastorik ez dago. Ezta gainerako sei via ferratetan ere. Eta madarikatu mendiei esaten diete; madarikatuak besteak.

Kosovoko kareharrian zazpi via ferrata sortu dituzte azken urteetan. Irudikoa Sphellat bidea da, hainbat kobazulotatik igarotzen dena, Rugova arroilan. / Lur Gil Rey


DRINA IBAIAN BEHERA

Sarajevotik ekialderanzko arroiletan elurra gero eta ugariagoa da, altuagoak mendiak eta estuagoak errepideak. Balkanetako gerretako beste kapitulu batean sartzen ari garela diosku paisaiak. Bertan izan ziren bosniar eta serbiarren arteko borroka eta sarraskien gertaerarik latzenak.

Ikusi gehiago:Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (IV): Pentagona

Srebrenica eta Gorazde herriak ikusi ditut, baita bertako hilerriak ere. Eta beste asko ere badaude, ilargi erdiz zein gurutzez beteriko hilerriak, alde batekoak zein bestekoak; herri berean. Baina Drina ibaia ikusteak historiako kapitulu zaharrago bat ireki dit, gerra aitzinekoa.

Ivo Andritxek bere liburu ospetsuenean deskribatutako zubia begi-bistan daukat, Zubi bat Drinaren gainean liburukoa hain zuzen. Orri horietan deskribatzen dira musulman eta kristau ortodoxoen arteko harremanak. Gatazka eta gorrotoen eremu izan arren, maitasun eta anai-ahizpatasunaren lekuko ere izan baitzen Visegradeko zubia, zubi madarikatuak azken belaunaldientzat.

Egun, meskitarik ez Visegraden eta elizarik ez Sarajevon. Mapak dio Bosnia eta Herzegovinan nagoela, baina errepidean kilometro batzuk lehenago ikusitako kartelak Welcome to Republika Srpska zioen. Latinoamerikako zain urratuak aipatzen zituen Eduardo Galeanok; zain nagusi horietako bat da Drina ibaia, oraindik sendatu gabeko gerra eremuak zeharkatzen dituena. Eta inork aitortu gabeko herrialde berriak sortzen ikusi dituena.

Ez dira asko izanen Mostarreko zubia bisitatzera joan eta Bosnia barruan serbiarren errepublika bat dagoela dakitenak.

Kosakoen batailoiko bi kide Altxevsken, Luhanskeko Herri Errepublikan. / Lur Gil Rey


ALTXEVSKEKO MEATZEETAN

Hitzek lekurik ez dutenean, paretak beste mintzatu ohi dira banderak ere. Eta lurralde berean ikur bat baino gehiago ikusteak kapitulu berriak gehitzen dizkigu, istorio eta bizipen berriak.

Gaur ikusi dudan azkena serbiar bandera izan da. Kalaxnikova eskutan duela serbiar nazionalista dela esan dit gazteak. Zer esana izanen zuen honek Kosovoz eta Republika Srpskaz ere, baina ez diot galdetu.

Izan ere, atzo ikusitako beste bandera bat dabilkit bueltaka buruan. Luhanskera iritsi naizenetik hiru bandera izan dira gehien ikusi ditudanak: ukrainarra urrunean, eta Luhanskeko Herri Errepublikarena eta Errusiakoa gertutik. Baina Altxevskera bidean errepide ondoko fabriken tximinietan hainbat aldiz ikusi dut ikur urdin, hori eta gorria.

«Kazak», esan dit Altxevskeko biztanle batek. «Berdin esaten da aurrekoz atzera zein atzekoz aurrera», gaineratu du. Hainbeste lekutan irakurri eta entzundako kosakoak bertan dira beraz, gerran.

Hurrengo egunetan kosakoen batailoiak bisitatu ditut. Batzuk Doneko kosakoak, Donbasseko Don ibaiaren arroan bizi direnak. Beste batzuk urrunagotik etorriak. Eta Don ibai ertzeko herri kosakoak ere ezagutu ditut, baita haien ohiturak eta gerran parte hartzeko arrazoiak ere.

Estereotipoez gain, ez dira asko herri kosakoen inguruan irakurri edo entzuten ditugunak, eta berezia da horrelako kulturetan murgiltzea. Atzo ukrainarrak ziren, gaur Luhanskeko Errepublikakoak, eta bihar errusiarrak izanen dira, baina ororen aurretik Doneko Kosakoak. Herrialde mailako harremanen gainetik, bizilagunen harremanek garrantzi handiagoa duten stanitsa edo herri kosakoetan.

Tamalez, gerrara ohituak dira kosakoak, eta ez dirudi ondorengo belaunaldiek ohitura zahar hori biziko ez dutenik.

Zvarnots katedral erromatarra Armeniako Erevan hiriburutik gertu. Bertan bazkatzen dira artalde eta behi talde txikiak. Atzean Aragats mendia (4.095m). / Lur Gil Rey


KHNDZORESK, BAKEAREN ALDE TOPA

Ez dago gerra ezagutu ez duen belaunaldirik Armenian, hala errepikatu digute bertakoek behin baino gehiagotan. Gerratik aparte bizi dela ematen duen pertsona bakarra vodka tapoi bat eskaini digun artzaina omen. Hamar ardi exkax baino ez ditu, eta lasai pasatzen du eguna Zvartnots katedralaren inguruko larreetan. Armarik gabe dabilen artzain bakarra dela esango nuke.

Armeniako mendiak zeharkatu eta Azerbaijanekoa omen den mugara iritsi gara. Hala ere, mugako polizien besoan Artsaj Errepublika izena jartzen du, eta visa azkar bat egin ondoren «good luck» esanez pasatzen utzi digute.

Hau ere gerra eremua izan zen duela urtebete, eta lubakiek bere horretan diraute. Stepanakert hiriburura goaz, ondoren mendietan murgiltzeko. Bitartean, baina, mendizaletasuna edo mendiko turismoa urrun izan duten ibar eta mendikate ederrak ditugu begi aurrean. Lurralde horiek guztiak deskubritzeko zain, esperientzia berriak bizitzeko prest.

Baina bihurgune baten ondoren bandera ezaguna ikusi dugu, Errusiakoa. Ez dira berri onak guretzat; izan ere, errusiar armada Armenia eta Azerbaijan arteko mugara etorri da bakearen zaindari lanak egitera, baina ez zaizkie bisitariak gustatzen. Atzera egin beharrean gaude, zerrendan ez dagoen inor ezin baita pasatu, eta gu ez gaude zerrendan, noski.

Stepanakertera zihoazen armeniarren tristura gurea baino handiagoa zen kasik, soldadu gazte haiek gu atzera bota izanagatik. Ez genituen haien herrialdea, haien historia, mendiak eta bizipenak ezagutuko. Eta haiek existitzen ez den lurraldean bizitzen jarraituko dute, gaitasun militarraren arabera Artsaj, Armenia edo Azerbaijan bihurtuko den Nagorno Karabakh lurralde historikoan.

Khndzoresk muga-herrian egin dugu bueltako geldialdia, bertako arroila ezagutzeko. Militar jantzia duen artzain batekin «bakearen alde» topa eginez amaitu dugu eguna, bertako gazta eta Erronkarikoa elkarbanatuz. Eta esan digunez, bera gerran egon zen duela urtebete, herritik kilometro gutxira. Eta galdu egin zuen arren, bakea du helburu. Oraindik ere ez dakit zerk samurtzen duen gerra, artzain lanbideak edo vodkak.

TUAREG BAT AUTOAN

Aspaldi amesten nuen Afrikan arroila jaitsiera egitea, eta azkenik ametsa betetzeko aukera lortu nuen. Kontinenteko bi puntek aukera hori eskaini didate, Hegoafrikak eta Marokok.

Negu hasiera da, eta Atlas mendiak xuritzen hasi dira, baina lotsati oraindik. Hala ere, nahikoa da arroilak urez beterik aurkitzeko. Rappel egiten ur jauzi bat bestearen ondoren amaiturik, ilusioz begiratu diogu elkarri eta atzetik egindako bideari. Bakardadeak eta uraren burrunbak estaltzen dute Sitti Fadma arroilaren edertasuna, eta gu biok baino ez gaude erraldoi horien artean.

Esperientzia hori gogoratuz egin ditugu hegoaldera bidean pasa ditugun orduak, konpainia jaso dugu arte. Autoa matxuratu zaion gizon batek laguntza eskatu digu, eta basamortua hasten den hirira goaz elkarrekin, Ouarzazatera.

Urrunagotik dator bera, hala ere, ortzimugak lerro zuzena marrazten duen lurraldetik, basamortutik. Atlas mendiak maite ditu basamortua bezainbeste; ez, ordea, Marrakex eta Ouarzazate. Eta bat gatoz berarekin, herri txikiekiko maitasuna elkarbanatzen dugu hirurok, bertan jaio, hazi eta bizi baikara. Hiruron herrien argazkiak erakutsi dizkiogu elkarri basamortutik ekarritako tela artean tea hartzen dugun bitartean, basamortuaren hastapenetan.

Urrun jaioak gara, kultura arrunt ezberdinen baitan, baina ederki ulertzen diogu elkarri herrietako bizimoduaz ari garenean. Eta sentsazio hau ez da berria, munduan barnako herri askorekin izan dudan konexioa ekartzen baitit gogora. Betiere mendiaren inguruan, hirietatik urrun.

ETXEAN OMEN

Pirinioen zeharkaldia edo transpirenaika Donejakue Bidearen edo Mekaren antzeko zerbait bihurtu da, bizitzan behin egin beharrekoa.

Higer lurmuturretik hasi eta segituan zeharkatu dugu lehenbiziko muga; beste batzuek ez bezala, guk erraz. Beste herrialde batean omen gaude. Pirinioak ertz axialetik ahalik eta gertuen ari gara bizikletaz zeharkatzen, mendatez mendate, herriz herri.

Eta ertz horri etxearen tankera hartzen diot une oro. Ertzetik zenbat eta urrunago egon, izan iparraldera zein hegoaldera, etxetik urrun sentitzen naiz, deserrian. Ertz horren gertu nagoenean, berriz, etxeko beroa sentitzen dut, distantzian urrunago egonagatik, kilometro horiek laburtuko balira bezala.

Mugak behin eta berriz zeharkatu ditugu. Hiru estaturen mugak, baina sei hizkuntzaren (gutxienez) lurraldeetan barna ibili gara. Ez diren lurraldeak, estatu-mugarik ez baitute. Eta zenbat kostatzen den hizkuntza horiek ikustea ez diren lurralde hauetan, zenbat bizitza joan diren herri hauen bizipenerako.

Baina bidaiek erakutsi didate herriek bizirik jarraitzen dutela. Erakutsi didate behetik gora madarikatzen ditugula mendiak, baina goitik behera begiratuta prisma izugarri zabaltzen dela. Horregatik, bakea nahi dugunean jo ohi dugu mendietara.

Bihar:Arrokatsuetatik Pazifikora, ibaien sare aldrebesean. Kanada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.