ATZEKOZ AURRERA. Nick Hannes. Irakasle eta argazkilaria

«Ez dira garapen eredu egokia hiriburu administratiboak»

Hiriburu administratiboen eraikuntza salatzeko argazki bilduma egin du. World Press Photo saria jaso du, eta lana Bilbon aurkeztuko du.

NICK HANNES.
iraia vieira gil
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Irakaslea eta fotokazetaria da, eta argazkilaritza dokumentala egiten du Nick Hannesek (Ranst, Flandria, 1974). 1997an argazkilari lanetan hasi zenetik, lau liburu kaleratu ditu: Red Journey (2009), Mediterranean. The Continuity of Man (2014), Garden of Delight (2018) eta An Unexpected Lesson in Joy (2020). Globalizazioarekin eta hirigintzarekin lotutako gaiak jorratu ditu gehienetan, eta hala egin du New Capitals bere azken lanean ere. Eraikitzen ari diren hiriburu administratiboei buruzko hausnarketa egin du horretan, eta World Press Photo saria eman diote. Lana aurkezteko hitzaldia emango du azaroaren 4an, 16:00etan, Bilboko Azkuna zentroan. Basquedok festibalak gonbidatu du.

Zenbait hiriri atera dizkiozu argazkiak, baina Egiptokoari garrantzi berezia eman diozu. Zergatik?

Aurreko proiektuko argazkiak Dubain egin nituen. Abiadura handian eraikitako hiriburu administratiboen garapena izan nuen ardatz, eta orduan ulertu nuen dinamika neoliberaletan oinarritutako neurria dela. Dirua irabaztea du helburu nagusi, eta gainerakoak ez du inporta. Dubaiko ereduari beste leku batzuetan nola jarraitzen dioten jakin nahi nuen, eta sei herrialdetako irudiak atera nituen: Kazakhstan, Nigeria, Brasil, Indonesia, Hego Korea eta Egipto. Egipton guztiz kopiatu dute eredu hori.

Nolakoa izan zen argazkiak ateratzeko prozesua?

Lau egun izan nituen bilduma osatzeko, hirian sartzeko baimena lortzea oso zaila delako. Egiptoko Poliziarekin, Barne Ministerioarekin eta Defentsa Ministerioarekin hitz egin behar izan nuen, eta ez zidaten egun gehiagorik eman. Gaur egungo egoera zelakoa den erakutsi nahi nuen: desertuak amaitu gabeko hiria inguratzen du, eta inor ez da han bizi. Gizonezko langileak dira biztanle bakarrak.

Langileekin hitz egiteko aukera izan zenuen?

Sudango langile batzuekin egon nintzen, eta esan zidaten hilean 2.000 dolar irabazten zituztela. Ez da nahikoa. Gehienek ez zuten lan egiteko segurtasun materialik: txankletekin zihoazen lanera, kaskorik eta arropa egokirik gabe. 14 eta 15 urteko umeak ere lanean ari ziren, harriak leku batetik bestera mugitzen. Konpainia pribatuetako langileen egoera desberdina zen: kaskoak, eskularruak eta segurtasun ekipamenduak zituzten.

Egoera prekarioan bizi dira.

Bai. Eta, gainera, ezin izango dira hirian geratu, dirudunentzako, politikarientzako eta militarrentzako etxebizitzak izango direlako. Hori salatu nahi nuen, hain zuzen. Nazioarteko biztanleria hazten ari da eta beharrezkoa da hiri berriak eraikitzea, baina ez dut uste hori garapen eredu egokiena denik. Inguruneari kalte egiten dio, eta ez du inolako helburu sozialik; gizarte estatusean eta prestigioan oinarritzen da.

Kalteak eragingo badituzte, zertarako eraiki nahi dituzte?

Al-Sisi Egiptoko presidenteak ondare handia utzi nahi du, eta politikariak babestu. Dirudunentzako uharte esklusiboa izango da, non gainerako herritarrek lekurik izango ez duten. Militarrek kontrolatuko dute hiria, ministro guztiak bertan biziko dira, eta, beraz, manifestaziorik ez da egongo. Ez da berriz gertatuko duela hamabi urte Kairoko Tahrir plazan gertatu zena [milaka pertsonak kaleak hartu zituzten Mubarak presidentearen aurka protestatzeko]. Boterea sendotzeko asmoa dute horrela.

Atera dituzun argazkiak dokumentalak dira. Zein da fotokazetaritzarekin duten aldea?

Argazkilaritza dokumentalak istorio pertsonal bat kontatzeko eta iritzia emateko aukera ematen dit. Fotokazetaritza zehatza eta adierazgarria da. Unean uneko helburua du; argazkilaritza dokumentalak, aldiz, iragana ezagutzeko balio du. Askotariko itxurak izan ditzake, gainera: liburua, erakusketa, aldizkaria... Esango nuke fotokazetaritzak erantzunak ematen dituela, eta argazkilaritza dokumentalak, kontrara, galderak egiten dituela.

Zer sentiarazi zizun World Press Photo saria jasotzeak?

30 urtez aritu naiz argazkilaritza lanak egiten, eta World Press Photo saria lan horren aitortza da. Ikusgarritasun handia eman die nire argazkiei, lehiaketako irudien 60 erakusketa baino gehiago daudelako nazioartean. Horrez gain, Amsterdamera joateko eta aurtengo saridunekin elkartzeko aukera eman zidan. Tailerrak egin genituen, eta asko ikasi nuen; esperientzia polita eta aberasgarria izan zen.

Non erakutsiko duzu New Capitals bilduma?

Pragan eta Cortonan [Italia] egin diren festibaletan egon da ikusgai, eta Belgikan ere erakusketa bat egiteko asmoa dut. Arte garaikidea erakusteko galeria txiki batean izango da, eta, gero, liburua publikatuko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.