Leiho berri bat zabaldu da Nafarroan euskarazko telebistentzat. ETB lurreko telebista digitalaren bidez oraindik ikusi ezin badaiteke ere, Nafarroako Gobernuak euskara kontuan hartzen duten hiru proiekturi bost lizentzia banatu dizkie: Hamaika telebistari Iruñerrirako lizentzia bat, eta Nafarroa osorako eta Iruñerrirako bina lizentzia Xaloa elkarteari eta Abian Komunikazioari.
Guztira, LTDko Nafarroa osorako bi lizentzia eta tokiko beste lau esleitu ditu gobernuak. Aurreko hiru proiektuez gain,Zona Media Televisionek Tafallako eskualdeko lizentzia lortu du.
«Iruñerrira aurkeztea erabaki genuen, hiztun kopuru aldetik eremurik inportanteena delako», azaldu du Iñaki Uriak, Hamaika TBko zuzendariak. «Guretzat esfortzu handia da Nafarroan sartzea, baina Iruñerriarekin behintzat tarte handi bat harrapatuko dugu».
Aurkeztutako zazpi proiektuetatik sei onartu ditu Balorazio Mahaiak. Nafarroako erkidegoko LTD bi lizentzia eman ditu: Abian Komunikazioa SLk 75,55 puntu lortu ditu 100etik. Xaloa kultur elkarteak, berriz, 71,2 puntu. Aurkeztutako proiektuen artean,Vaughan Radio SLrena izan da lizentziarik eman ez zaionbakarra. Nafarroa osoko estalduran hirugarren geratu da puntuazioari dagokienez, eta, beraz,ez du lizentziarik eskuratzerik izan.
Eskualdeko LTD lizentziei dagokienez, lau esleitu ditu Balorazio Mahaiak. Hamaika TBk Iruñerriko lizentzia lortu du, 100 puntutik 73,5 jasota. Xaloa Kultur Elkarteak eta Abian Komunikazioa SLk ere Iruñerrirako lizentzia bana lortu dute, 72,15 eta 66,85 punturekin, hurrenez hurren.
Lizentziei uko egin zieten
Beste kanal batzuek zituzten lizentziei uko egin ondoren ireki zuen Nafarroak Gobernuak lizentzia berriak banatzeko lehiaketa. Nafarroa osoko LTDko kateei dagokienez, 2012ko martxoan Canal 4 Navarra Digital SAk zegokion lizentziari uko egin zion, eta urte bereko abuztuan deitu zuen gobernuak lehiaketara.
Tokiko estaldurako kateak bost multiplexetan launa kate hartzen ditu. Television Popular de Navarra SAk multiplex horietako bakoitzean zituen lizentziei uko egin, eta2012ko urtarrilean lehiaketara deitu zuen gobernuak. Iruñerrirako hiru lizentziaeta Tafallarako bat eman dituzte soilik, gainontzekoetan proiekturik aurkeztu ez dutelako.
Nafarroan aukera berri bat ireki dela dio Uriak. «Aztertu egin beharko dugu orain». Albisteak ezustean harrapatu duela aitortu du. «Ez gure proiektuagatik, txukuna baita. Baina plaza zaila da Nafarroa», erantsi du.
Lehiaketako arauen arabera, hamabost laneguneko epean administrazio dokumentazioa aurkeztu beharko dute Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanetarako Sailean. Ongi bidean, lizentzia abuztuan eskuratuko dute, Nafarroako Gobernuak kaleratutako prentsa oharraren arabera.
Hala ere, Hamaika TB Nafarroan ikusi arte luze jo dezakeela uste du Uriak. «Paperak aurkeztu ondoren etorriko da lana: benetako proiektua egokitu, sarea nola dagoen ikusi... konplexua eta kostu handikoa izan daiteke». Nafarroan zerbait egiteko aukera ireki dela sinetsita dago Uria. «Kostata, baina aterako da».
Komunikazioa
Euskarazko telebistentzat aukera berri bat ireki da Nafarroan
Hamaika TBk Iruñerrian LTD bidez emititzeko lizentzia eskuratu du; Xaloari bi esleitu dizkiote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu