Euskarazko kazeta bat ere nahi zuen Pepe Reik

Pepe Reik eta beste kazetari batzuek 'La voz de Euskadi' egunkaria jarri zuten martxan 1983an. Euskarazko egunkari bat ere sortu nahi zuen Reik; 'Orria' gehigarria egin zuten bost hilabetez, Mikel Aramendi buru.

Orria euskarazko astekaria 1983ko uztailaren 23an argitaratu zuen lehen aldiz La voz de Euskadi-k. BERRIA.
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Pepe Rei hil zenean, duela hilabete, batik bat Egin-eko ikerketa taldean eta Ardi beltza aldizkarian egindako lanak nabarmendu ziren. Ez da hainbeste aipatu La voz de Euskadi egunkariaren sorreran parte hartzearekin batera euskarazko egunkari bat egiteko helburua zuela Reik 1982. urtean. Euskarazko egunkaria ez zen jaio, baina, La voz de Euskadi-ren barne, Orria euskarazko astekaria heldu zen 1983ko uztailean. «Egoste prozesuan» aritu zen Mikel Aramendi kazetaria, eta hark zuzendu zuen Orria. «Euskarazko erredakzioa boluntarismo kamikaze bat zen. Eta erdarazkoa, eromenaren biltzar bat».

Euskarazko artikuluak idazten aritu zirenen artean, Felipe Juaristi, Andoni Egaña, Sergio Basurko, Jose Mari Zendoia, Esteban Antxustegi, Mikel Gereka, Gema Lasarte eta Marina Etxezarreta zeuden. Azken horrek gogoan du kazetari multzo «apartaren» alboan «ikaragarri» ikasi eta disfrutatu zuela. «Ohore bat izan zen frankismoaren osteko hamasei orrialdeko euskarazko lehen separatan lan egitea. Munduko ikastetxerik onena izan zen».

1983tik 1985era argitaratu zen La voz de Euskadi, Gipuzkoan. Kazetariek ez zuten sosik kobratzen. Testuingurua eman du Aramendik: «La voz de España 1980an likidatu zuten, gauekotasunez eta azpikeriaz. Jendea kalean geratu zen, baina linbo batean eta soldata kobratzen. Langile haietako batzuk zerbait egitekotan geratu ziren». Pepe Rei eta Antonio Gonzalez tartean. Tailerretako langile asko ere abenturan murgildu ziren. Pabiloi bat erosi zuten Lezon (Gipuzkoa), eta Danimarkatik errotatiba alemaniar bat ekarri zuten.

Baina Espainiako Gobernutik iritsi behar ziren laguntzak ez ziren iristen. «Pepe Reik sekulako adorea zuen, baina askotan ez zuen errealitatearekin harremanik. Ekonomikoki, proiektua ez zen inoiz bideragarria izan. Are gutxiago, euskarazkoa», azaldu du Aramendik.

El periodista canalla liburuan, Reik kontatu zuen La voz de Euskadi-ko arduradunek bilera bat izan zutela Enrique Casasekin PSOEren Donostiako egoitzan, eta hark aitortu zien idatzi bat bidali ziela militante sozialistei eskatuz ez zezatela erosi La voz de Euskadi. Liburu berean, Reik honela dio: «Diru falta alde batera utzita, errealitatea gordina izan zen hasieratik. La voz de España-ko irakurleak, hiru urteren ostean, El Diario Vasco-ra ohituta zeuden jada». Hain justu, egun El Diario Vasco-n ari den Alberto Surio —EITBko zuzendari nagusia izan zen 2009tik 2013ra— La voz de Euskadi-ko erredakziotik pasatu zen. Baita Felix Hereña, Aintzane Alberdi, Jose Maria Camino eta Jose Maria Calleja ere. Reik kontatzen du hamabost egunerako etxera bidali zituztela Hereña eta Calleja, «lasaitu zitezen».

Gose greba, dirua lortzeko

Madrildik ez zen dirua iristen, eta Rei zuzendariak eta Roberto Sanpedro Pitote erredaktore buruak gose greba hasi zuten, Donostiako udaletxean. 21 egun geroago, jakinarazpena iritsi zitzaien paper-prentsako diru laguntza aitortzen ziela Madrilek, eta, modu horretan, Lakuak dirua aurreratu ahalko ziela. Errotatibarekin zuten bahitzea kendu zuten. «Enpresa ahalik eta osasuntsuen uzteko, beste bahitze batzuk kenduz joan ginen», dio Reik, liburuan.

Aramendiren arabera, Reik jarrera «euskaltzalea» zuen. «Euskararekiko begirune berezia zuen, nahiz eta euskaraz jakin ez». La voz de Euskadi argitaratzen hasi eta gutxira, Uztapide bertsolaria hil zen; Andoni Egañak —sei hilabete egin zituen egunkarian— eman zuen albistearen berri. «Ni bertsomindua nengoenez, segimendu handia egin genien heriotza hiletei eta», oroitu du Egañak. Etxezarretak gogoan du lehen emakume astronautari buruz idatzi zuela euskarazko lehen erreportajea. Aramendik uste du «eroaldia» izan zela euskarazko egunkariaren saiakera hura. «Baina putzua astindu egin genuen pixka bat. Euskarazkoa egin zitekeela irudikatzen hasi ginen». 1983 zen oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.