Euskarazko ikus-entzunezkoetara «aurrekontu sendoak» bideratzeko eskatu dute Legebiltzarrean

Kultura eta ikus-entzunezko politiketan «euskara erdigunera ekartzeko» eskatu dute 'Aldatu Gidoia' kanpainako ordezkariek, Legebiltzarreko Kultura batzordean egin duten agerraldian.

ALDATU GIDOIA
Mitxel Elortza eta Intza Gurrutxaga, gaur, Eusko Legebiltzarrean. BERRIA
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko azaroaren 20a
18:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarreko alderdiei 2024ko aurrekontuetan euskarazko ikus-entzunezkoetara «aurrekontu sendoak» bideratzeko eskatu dute Aldatu Gidoia kanpainako ordezkariek, Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean egin duten agerraldian, gaur, Gasteizen. Batik bat, egungo testuingurua aztertu eta kultura eta ikus-entzunezko politiketan «euskara erdigunera ekartzeko» proposamenak ekarri dituzte hizpidera.

Irailaren 9an Aldatu gidoia euskararen alde kanpaina abiatu zuten Euskal Herriko hainbat eragilek, Jaurlaritzari eta EITBri eskatzeko kultura eta ikus-entzunezkoen politikak «errotik» aldatzeko. Sinadura bilketa bat abiarazi zuten. Eta, gaur legebiltzarrean eman dituzten datuen arabera, 2.450 sinadura baino gehiago jaso dituzte. Euskal Herri osoko 32 eragilek bat egin zuten eskaerarekin. Kopuruez harago, baina, esanguratsua da era askotako taldeek, eragileek eta elkarteek eman diotela babesa egitasmoari.

Sinatzaileen artean daude Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, ELA sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza, LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, UEMAko lehendakari Martin Aramendi, EAB Euskal Aktoreen Batasuneko ordezkari Rakel Ezpeleta, Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaile Libe Mimenza eta Pantailak Euskaraz mugimenduko bozeramaile Alex Aginagalde. Norbanakoen artean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Josu Martinez zinemagilea, Mirari Martiarena gidoilari eta umorista, Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko zuzendaria, Arkaitz Zarraga soziolinguista eta Itxaso Paia bertsolari eta gidoilaria daude, besteak beste.

Kanpainaren aurkezpenean iragarritakoa bete dute: Jaurlaritzara eta alderdi politikoetara jo dute, datorren urteko kultura politiketan eta aurrekontuetan euren eskariak aintzat har ditzaten. Mitxel Elortza Exeak hartu du hitza lehenbizi. «Urgentziaz» euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza erakargarria behar dela ohartarazi du, eta eskatu EITBk «gauzak aldatzeko audientziaren aitzakia» alboratzeko. Bereziki euskarazko bikoizketaren alde egin du interbentzioan. «Euskarazko bikoizketaren gainbeherak» erantzun bat behar duela gaineratu du: «Hankaz gora eta arautu gabe dago. Bai erakundeek eta bai Jaurlaritzak bikoizketa arloko hitzarmenaren alde egin beharko lukete».

Intza Gurrutxaga Loidi kanpainako beste ordezkariak, berriz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5 euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzeko eskatu du, euskaraz ekoitzitako lanak finantzatzeko eta zinema eta plataformetako edukiak euskarara bikoizteko diru laguntza lerro propioak sortzeko.

«Euskarak fikzioa behar du, eta eskaintzak erakargarria izan behar du. Aurrekontu sendoak behar dira, diru gehiago bideratu behar da euskarazko ikus-entzunezkoetara». 

INTZA GURRUTXAGA, 'Aldatu Gidoia' kanpainako ordezkaria

Azken hilabetean plataformak egindako eskakizunak berretsi ditu: EITBk urtean edukietarako jarritako diru sailaren %75 euskarazko programetarako jartzea; helduentzako film eta telesailen emanaldien erdia gutxienez euskaraz eskaintzea; Primeran plataforman, ikus-entzunezko eduki guztiak euskarara bikoiztuta eta azpidatzita eskaintzea; bi urtean, haur eta gaztetxoentako edukietarako aurrekontua progresiboki handitzea; euskarazko bikoizketa urtean 1.500 orduko produkziora itzultzea; eta ikus-entzunezko lanak finantzatzeko diru sailen %75 euskarazko ekoizpenak laguntzera bideratzea.

Erakundeei eskatu diete lan egiteko euskarazko edukiek euskarri guztietan tokia izan dezaten. «Euskarak fikzioa behar du, eta eskaintzak erakargarria izan behar du. Aurrekontu sendoak behar dira, diru gehiago bideratu behar da euskarazko ikus-entzunezkoetara. Alda gidoia, hizkuntzaren eta guztion eskubideen alde», gogoeta egin du Gurrutxagak.

Alderdien erantzuna

Garikoitz Mendizabal EAJko legebiltzarkideak nabarmendu du aurrerapenak egiten ari direla, eta ez daudela «geldi». Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, adierazi du kanpainaren eskakizunek alderdi abertzalearen nahiekin bat egiten dutela. Eta PSE-EEko Alberto Alonsok adierazi du «kultura aniztasuna askatasunaren giltza» dela.

«Pesimismotik» aldendu nahi duela esan du Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak. Herritarrek «kontsumitu nahi dutena aukeratzeko askatasuna» dute, haren arabera. PPko legebiltzarkideari erantzun dio Gustavo Angulo Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak: «Aukeratzeko eskaintzarik ez badago, ez dago askatasun errealik».

Bidea hasi besterik ez du egin Aldatu Gidoia-k. Kanpainarekin jarraitzeko, manifestazio batera deitu dute datorren urteko maiatzaren 18rako. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzatik irtengo da, 17:30ean. Aldarri argia izango du: euskara eta euskarazko kultura oinarri izango dituen EITBren alde egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.