Euskarazko hilabetekaria izango dute Galdakaon

'Binke!' aldizkariaren lehen zenbakia urtarrilaren 21ean banatuko dute, Bizkaiko herrian, doan.Hilero 14.000 ale inprimatzeko asmoa dute

Jon Gomez Garai koordinatzailea, Binke! egitasmoa aurkezten, joan zen astean, Galdakaon (Bizkaia). BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2015eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ia hamar urte dira Jon Gomez Garai kazetariak ideia bota zuela, baina orain arte ez dute gauzatzea lortu. Galdakao aldean (Bizkaia) baziren gaztelerazko hilabetekariak, baina euskarazkorik ez, nahiz eta herriak 30.000 biztanle baino gehiago bildu. Aurrerantzean, berriz, Binke! agerkaria izango dute, eta Gomezek berak koordinatuko du. Ideia urte luzez baztertua izan ondoren, aurtengo otsailean berriz jarri zuten mahaiaren gainean, «afari batean, nola ez», Gomezek berak esan duenez. Eta, oraingoan, bai.

«Beti egon da pil-pilean gaia Galdakaon, eta amorruz esaten zuen jendeak ez dagoela eskubiderik horrenbeste biztanle eta %60 euskalduna dituen herri batean euskarazko hedabiderik ez izateko». Gomezek erronka bere gain hartu zuen otsailean, 2006tik zuelako aurreproiektua idatzia.

Euskararen inguruko gaiei eta kulturari «lehentasuna» emango dion euskara hutsezko aldizkaria izango da Binke!, eta «aniztasuna» zainduko du, «politikoa, adinen artekoa, generokoa...».

Arabako Alea eta Tolosaldeko (Gipuzkoa) Ataria aldizkarien formatu bera izango du Binke! egitasmoak: «Neurri bera, egunkari paperean eta grapatuta». Denera 32 orrialde izango ditu. Albisteez gain, hilero erreportaje bat, elkarrizketa bat eta bi iritzi artikulu izango ditu. Osasunaren inguruko atal bat edukiko du, euskararen inguruko beste bat, denbora-pasak, agenda «indartsua», kirolak, Interneti buruzko tartea...

«Herrikoia eta herritarra» izango da, Gomezek azaldu duenez. Aitu Euskararen Sustapenaren Aldeko Elkartea sortu zuten egitasmoa gauzatzeko. Horrek argitaratuko du hilero Binke!. Horrez gain, aholku batzar bat egingo dute hilabetean behin, eta irekia izango da, inguruko elkarte zein norbanakok parte har dezaten. Hor proposatu ahalko dute nor elkarrizketatu, edo erreportajea zertaz eta nola egin.

Hilero 14.000 ale inprimatzeko eta doan banatzeko asmoa du Gomezek. Herrigunera ez ezik, kanpoko etxeetara zein baserrietara eraman nahi dute aldizkaria. Publizitate moduluak salduta, erakundeetako laguntzekin eta «binkekideen» ekarpenekin ordainduko dituzte gastuak. Hilaren hirugarren astean banatuko dute; lehena, datorren urtarrilaren 21-22 artean.

Binke hitza beinke-ren (noski, jakina) Galdakaoko forma da. «'Ez duzu uste Galdakaon euskarazko aldizkaria behar dugunik?' galdetzen genuen», esan du Gomezek. «Eta erantzuna: Binke!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.