EHUko ikertzailea

Maria Gorosarri: «Euskarazko hedabideetan ustezkokeria gutxiago dago»

Azkeneko bost urteetan eginiko argitalpenetan hainbat hedabidek «genero ikuspegitik egindako jardunbide desegokiak» aztertu ditu Gorosarrik. Kazetaritza feminista egiteko beharra nabarmendu du.

Maria Gorosarri EHUko ikerlaria. EHU
Maria Gorosarri EHUko ikerlaria. EHU
urtzi urkizu
2025eko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Urte asko dira Maria Gorosarri ikerlaria (Durango, Bizkaia, 1978) komunikabideek genero aldetik duten trataera aztertzen dabilena. Azkeneko ikerketan ondorioztatu du «gizonek neurriz gaineko presentzia» dutela hainbat hedabidetan. Horrez gain, kezkagarritzat jo du indarkeria matxistari buruzko dokumentu deontologikoak ez aplikatzea.

Zer hedabide aukeratu dituzu generoarekin lotutako azken ikerketan?

Ikerketa kualitatiboa izan da. Gaztelaniaz eta euskaraz Hego Euskal Herrian argitaratzen diren hedabide gehienak ikertu ditut, eta praktika txarren bila joan naiz zuzenean.

Ezustekorik hartu al duzu?

Ez, banekien zeren bila nenbilen. Baina gauza bitxiak topatu ditut: hainbat hedabidek argitaratu dute Betty Friedan idazleak Pulitzer saria irabazi zuela The Feminine Mystique (Feminitatearen mistika) liburuari esker, eta gezurra da. Hori egiazta daiteke: datua ez da egia, eta harritu nau TVEk, La Vanguardia-k eta beste hedabide handi batzuek gezur hori zabaldu izana. Lan bikaina da, baina ez zuen sari hori irabazi.

Martxoaren 8aren inguruan ere informazio okerrak argitaratu izan dira.

Bai, zeren Martxoaren 8a New Yorkeko fabrika bateko sutearekin lotzen da, eta hori martxoaren 25 batean gertatu zen. Martxoaren 8a Sobietar Batasunean eta inguruko herrialdeetan ospatzen zen hasieran. EAEko hedabide batzuetan Santutxuko (Bilbo) purugileen grebarekin lotu izan dute Martxoaren 8a... Zenbaitetan prentsa ohar batean doaz egiazkoak ez diren datuak, egiaztatu gabeak.

Indarkeria matxista tratatzerakoan, zer desberdintasun ikusi dituzu hedabide batzuen eta besteen artean?

Testuingurua azaltzeko, hiru maila hartu ditut aintzat, Contra la banalización del feminismo liburuan bereizitako hiru mailak. Batetik, sentimendu feminista legean dator, baina ez dago horretarako mekanismorik; hala ere, hori kazetaritza profesional objektiboa da. Bigarren kazetaritza mota identitate feministarena da; hor txertatu dut ikuspegi feminista duen kazetaritza. Hainbat hedabidetan genero editorearen figura sortu dute, baina ohartu naiz genero editore batzuek idatzitako testuetan ez dela betetzen kode deontologikoa.

Noiz, adibidez?

Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzailearen auzian, El País-ek esklusiban eman zuen salaketa. Genero editoreak idatzi zuen, eta lehenengo lerroan erasoen detaileak zetozen. Enpatia areagotzeko idatziko zuen hori, baina azken batean praktika txarra da hori ere.

Beste zerbait ere proposatzen duzu ikerketan, ezta?

Bai, kazetaritza feministaren definizioa, eta kontzientzia feministari dagozkion zenbait puntu. Batetik, ahizpatasuna. Gaur egun beste andreak irizpide sexisten arabera ez epaitzeari deritzo ahizpatasuna. Bestetik, matxismoaren aurrean alternatibak planteatzea. Gizonen pribilegioak ikusita, horiek ezabatzea eragiten duen kazetaritza behar da. Gizonezko guztiek dituzte pribilegioak, onartu nahi ez duten arren.

Maria Gorosarri EHUko ikerlaria
Maria Gorosarri EHUko ikerlaria. EHU
Kazetaritza feminista kazetaritza profesionala dela idatzi duzu.

Kontua da kazetaritza objektiboa hartzen dela profesionaltzat, eta hala da. Baina gai jakin batzuetan onartzen da distantziari ez eustea. Gaur egun, ultraeskuinaren gorakada dela-eta, Alemaniako kazetari askok demokraziaren aldeko hautua egin dute, eta horrek ez du esan nahi profesionalak ez direnik. Jarrera bera eskatzen dut emakumeen eskubideekin.

Zer esango zenuke hizkuntzaren erabileraz?

Funtsezkoena da hizkuntza inklusiboaren erabilera. Bestela, ez gaituzte eskubidedun subjektu gisa kontuan hartzen.

Nola ikusten duzu euskarazko komunikabideen jarduna?

Aztertu dudanaren arabera, euskarazko hedabideek EAEko beste komunikabideek baino jarduera profesionalagoa eta feministagoa dute. Ustezkokeria gutxiago dago euskarazkoetan. Horrez gain, proportzioan, emakumezkoen iturri gehiago erabiltzen dituzte euskarazko komunikabideetan.

Ustezkokeriari garrantzi handia ematen diozu, ezta?

Bai, izan ere, ustezkoa erasotzailea izan daiteke. Baina salatu den delitua gertatu egin da, bestela ez dago albisterik. Bestela ez da justizia administrazioa martxan jartzen. 2023an jaso nituen datuen arabera, euskarazko hedabideetako albisteen %18,18tan «ustezko erasoa» argitaratu zuten; eta EAEko hedabide erdaldunen %25,7k argitaratu zuten kontzeptu hori. Gainera, erdarazko hedabideetako albisteen %2k «ustezko biktima» aipatu zuten; euskarazkoetan, ez zen halakorik argitaratu. Prentsa ohar batzuetan irakurri izan dut: «Donostiako Udalak gogorki salatu du ustezko erasoa». Salatu badu, eta gogorki, erasoa gertatu da, ezta?

Kazetaritza feministaren bidean, ba al da aurrerapausorik?

Egia da tratamendua gero eta hobea dela. Eta hedabideak permeableak dira. Gauza batek harritu egin nau, ordea: Correo egunkariak genero editorea du, baina ikerketaren harira idatzi diodanean, ez dit erantzun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.