Azkeneko urteetan, Hekimen elkarteko hedabideen webguneen audientziak ari dira neurtzen, eta urtero argitaratzen dituzte Behategiaren urtekarian. EHUko Nor Ikerketa Taldeko Libe Mimenzak eta Ane Martinezek euskarazko hirurogei komunikabideren webguneen 2024ko audientzia datuak bildu dituzte, eta hori izan da orain arte inoiz egin den datu bilketarik handiena. Hainbat ondorio atera daitezke datu horietatik. Esaterako, hamar bisitatik zazpi sakelako telefonoarekin egin ziren iaz (%72,84).
Jakina da sakelako telefonoen erabilera abiada biziz handitu dela azkeneko hamarkadan. Eta datuak argigarriak dira: Hekimeneko webguneen bisitak 2013an nagusiki ordenagailuarekin egiten ziren; sakelakoen bisitak %13,5 ziren, eta ordenagailuaren bidezkoak, %82,27. Hamarkada bat geroago, 2022an, bisiten %75 sakelakoaren bidezkoak ziren, eta ordenagailukoak, %21,93. Azkeneko bost urteetan, %72tik gorakoa da sakelakoen bisiten kopurua. 2017. urtean gainditu zuen aurrenekoz sakelakoaren erabilerak ordenagailuarena.
Iaz, Hekimen elkarteko euskarazko hedabideen webgunetan 40.677.242 saio bildu ziren, aurreko urtean baino %0,92 gehiago —dena den, aintzat hartu behar da aurreko urtean baino hedabide gehiago neurtu direla—. 2019tik 2020ra izan zen gorakada handi bat, bereziki koronabirusaren pandemiaren eraginez: 2019an, 28,5 milioi bisita izan ziren, eta hurrengo urtean 40,8 milioi bisitaraino iritsi zen kopurua. Jaitsiera bat gertatu zen gero, 2021ean, baina gorantz egin du berriro.
Beste hedabide batzuen trafikoari ere begiratu diote ikerlariek. Urtekariko artikuluan plazaratu dutenez, Eitb.eus webguneak %7,77ko jaitsiera izan du, Deia-ren trafiko bolumena %2,87 txikiagotu da, Noticias de Navarra-k %10,77 egin du behera, eta Noticias de Alava %20,67 jaitsi da.
Katalanezko hedabideei dagokienez, Rac1 irratiaren webguneak %67,34 egin du gora, eta Ara egunkariaren webgunea %29 hazi da. Beste hedabide katalan batzuek, ordea, beherantz egin dute.
Ondorio batzuk
Mimenzak eta Martinezek ondorioztatu dutenez, 2019tik 2024rako tartean, hazkunde esanguratsua izan dute Hekimeneko hedabideen webguneek: %42 handitu da euskarazko hedabideen trafikoa. «Egonkortzen ari da sektorea», azaldu dute, azkeneko bi urteetako datuak ikusita.
Bestalde, nahiz eta sare sozialek geroz eta leku handiagoa izan informazio gizartean, ikerketaren egileek esan dute Hekimeneko hedabideetarako trafiko eroale gisa sare sozialek 2016-2019 artean izandako «pisu nabarmena» jaitsi egin dela azkeneko urteetan: %30etik %14ra. «Facebook eta X plataformek beren sare sozialetatik kanporako esteken ikusgaitasuna murriztu diete komunikabideei, eta ikus-entzunezkoak eta formatu propioak lehenetsi dituzte; aldaketa horrek hedabideetarako trafikoa %67 eta %50 murriztea eragin du azken bi urteetan» —mundu osoan Chartbeat enpresak 1.900 hedabide aztertuta atera dituzten ondorioak dira azken horiek—.
Ikerlariek aztertutako datuen arabera, bestalde, saio bakoitzean ikusten den orri kopurua handiagoa da hedabide orokorretan tokikoetan baino, baita saioen batez besteko denbora ere. «Azken horri lotuta, baita erabiltzaileen arretaren urteko iraupen totala ere».