Behategiak, Euskal Hedabideen Behatokiak, hamargarren urtez argitaratu du Euskal Hedabideen Urtekaria. Ohiko moduan, euskarazko komunikabideen ingurukoen berri izateko ezinbesteko argitalpena ondu dute. Bilbon aurkeztu dute gaur goizean, Hamaika telebistaren egoitzan. Libe Mimenza Behategiko koordinatzaile eta argitalpenaren editoreak, Hibai Castro Behategiko kide eta argitalpenaren editoreak eta Igor Astibia Hekimen elkarteko zuzendariak aurkeztu dute lana.
Euskarazko komunikazioaren eta hedabideen alorrean 2024ak emandako ikerketa, analisi eta proiektu aipagarriak jasotzen ditu argitalpenak. «2025era begira jarri da, urte garrantzitsua izango baita hau, besteak beste EAEko hedabideen diru-laguntza deialdiaren eredu berria lantzen ari baitira administrazioa eta sektorea», azaldu du Hekimen-eko zuzendari Igor Astibiak. Gai horretan sakondu du Hekimeneko ordezkariak bere artikulu batean, elkartearen jarduera nagusia hori izan baita azken hilabeteetan. Teknologiaren arloan ere azkeneko urteak komunikabideei zer ekarriko dien laburtu du Castrok.
Nerea Azurmendi kazetariaren gogoeta dakar Sinadura atalak, urte luzez Deia eta Diario Vasco egunkarietan aritu ondoren lanbidea agortu baina ofizioa utzi ez duenaren talaiatik.
Sektoreari irekitako leihoan, bost dira egitasmoen eskutik jasotako artikuluak: Hamaika Telebistaren lehen emisiotik hamabost urte igaro berri diren honetan, aurrera begirako asmoak aletzen ditu lehenak —Ainhoa Jauregi Hamaikako zuzendariak idatzi du—; bigarrena Primeran plataformaren lehen urtearen gainekoa da; Wikilarien elkartetik sustatutako Ikusgela azalpen bideoen ingurukoa da hurrengoa; laugarrenak Ipar Euskal Herriko gazteentzako Bada hedabidea du mintzagai; eta azkenak Common Voice teknologiari euskara irakasteko auzolan digitalaren berri ematen du.
Ikerketa lan luzeen fruitua diren idazlanen atala, berriz, sei artikulu luzek eta labur batek osatzen dute.
EHUko Nor Ikerketa Taldeko eta Euskal Hedabideen Behategiko Ane Martinezen eta Josu Amezagaren Datuaren kultura euskal komunikabideetan: Hekimen elkarteko komunikabideen egoeraren analisi kuantitatibo eta kualitatibo bat artikuluak datuen kulturaren diagnosia egiteko hurbilpen bat eskaintzen du, baita kultura hori lan errutinetan integratzerakoan eragiten duten aldagaiak identifikatu ere.
EHUko Gureiker ikerketa taldeko Ainara Larrondok, Simon Peñak, Jesus Angel Perez-Dasilvak eta Julen Orbegozok Adimen artifizialaren erabilera euskal komunikabideetan lana aurkeztu dute. Adimen artifizialaren ezagutza eta erabilera kazetarien eta komunikabideetako profesionalen artean zer neurritan dagoen hedatua aztertu dute bertan.
EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko Arantza Gutierrez Pazek —BERRIAn Irratia zutabea idazten du igandero— lan hau plazaratu du: Negozio-lerro berriak euskal podcastgintzan: berezko ekoizpenak eta branded contentdirelakoak. Artikuluan, podcastaren euskal industrian hedatzen ari diren praktika berriak ditu aztergai.

Azkeneko urteetan, euskarazko hedabideen webguneetako trafikoa neurtu eta aztertu izan dute urtekariko artikulu batean. EHUko Nor Ikerketa Taldeko eta Euskal Hedabideen Behategiko Libe Mimenzak eta Ane Martinezek urteroko bilakaeraren analisia egin dute oraingoan. Euskal Herriko 60 hedabideren audientzia datuen neurketa egin dute —inoizko daturik handiena—, eta horien webguneek berrogei milioi saioen langa gainditu dute.
Ikus-entzunezkoetan eta zineman ardaztutako hiru azterlan jaso ditu, era berean, urtekariak: Mondragon Unibertsitateko June Ansak, Alex Altunak, Oier Markotegik eta Amaia Pavonek Euskarazko ikus-entzunezkoak gazteen begiradatik. Iritziak eta aurreiritziak idatzi dute; EHUko Nor Ikerketa Taldeko Josu Martinezek, Zauriak ispiluan: Bizkarsoro filmaren zabalpenaren azterketa; eta EHUko Ikusiker ikus-entzunezkoen behategiko Julen Ugartemendiak, Garazi Sanchezek, Edorta Aranak eta Bea Narbaizak, Gazteak eta zinemara joateko ohitura lana.
Behategia.eus webgunean dago eskuragai argitalpen osoa, baita automatikoki ingelesera itzulitako artikuluen bertsio bana ere. Gehigarri bat ere argitaratu dute, urtekariak urteotan egin duen ekarpena jakinarazteko.