Kanalduden lanean hasi zela 22 urte luze joan dira. 1999tik ari da kudeatzaile karguan Ximun Karrere (Lekuine, Lapurdi, 1973).
Akitania Berriarekin hitzarmen bat sinatu duzue aste honetan. Zer ekarriko dizue?
Ekartzen digu dirua [243.000 euroko laguntza izango du Kanaldudek urtero, hiru urtez]. Guk proposatutako emankizun batzuk babestuko ditu Akitania Berriak. Diru parte-hartze bat onartu dute emankizun bakoitzarentzat. Gure egiturarentzat ere izango dugu laguntza pixka bat, eguneroko jarioarentzat.
Udan, Frantziako Ikus-entzunezko Kontseiluak telebista kate izateko titulua eman zizuen. Otsailaren 1ean ekingo diozue eguneroko emankizunari. Non eta nola ikusi ahalko da?
Hasiera batean Internet bidez ikusi ahalko da, gure webgunean.Eguneroko seinalea martxan jarri ostean, aukera izanen da telefonia konpainien eskaintzen box delakoetan ikusteko —telefonoa, Internet eta telebista eskaintzen duten konpainien harpidetzaren bidez—. Hirugarren aukera bat kable bidezko telebistarena izango da. Teknikoki bigarren eta hirugarren aukera horietarako ateak zabalik daude, baina adostu egin beharko dugu, eta ikusiko da diru kontuak nola diren. Kable konpainiekin, adibidez, harremanetan gaude.
Nolako programazioa egingo duzue, eta zer formatuko saioak prestatuko dituzue?
Segituko dugu orain arte egiten genuena. Formatu ezberdinak emitituko ditugu: laburrak, luzeak, erreportajeak, kirola, ekonomia, kultura... Egokitzen ari gara hedatzeko modu berrira. Eredu guztiak begiratu, eta guztietatik hartuko dugu, interesgarria izan daitekeena gure herri telebista garatzeko. Zer ekoiztu nahi dugun galdetu behar diogu geure buruari, norekin eta nola. Ikusi behar dugu zer gaitasun dugun ekoizteko, norekin, eta hortik zer maiztasunarekin.
Laguntzak lortuta, zabalik zaudete ekoizpen etxeen proposamenetara?
Bai, eta hori baino urrunago. Bultzatzaile izango gara. Diruaren parte bat izango da inguruko ekoizpen etxeen sorkuntzak aukerak izateko. Deialdi batzuk egingo ditugu, proposamenei irekiak gaude, eta ikusiko dugu elkarrekin nola lan egin dezakegun. Azkarrago ibiliko gara inguruan sortzaile ezberdinak baldin badauzkagu.
Azaroaren 24rako deialdi bat egin duzue, ezta?
Egun horretarako laguntzaile sarera deitu dugu. Jende guztia ongietorria izango da, datozen hilabeteetako proiektua eraikitzen jarraitzeko. Proiektu parte hartzailea eraiki nahi dugu.
Ipar Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorearentzat berri garrantzitsua da Akitania Berriaren hitzarmena. Zuk zer balio ematen diozu?
Azkeneko urteetako gogoeten ostean, fase berri batean sartzen ari gara. Kanaldude hedatzaile gisa azkartuz, indar berri hori euskarazko sorkuntza bultzatzeko erabiliko dugu. Orain, abentura berri bat irekitzen da, aukera berriekin. Paraleloki harremanetan gaude erakundeekin: Herri Elkargoa, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Kultur Erakundea. Aztertu nahi dugu telebistaren inguruan nola egituratzen ahal den euskarazko ikus-entzunezko egileen sarea. Beste hedabideekin ere elkarrekin aritu nahi dugu, konexioak badira.
Ximun Karrere. Kanaldudeko kudeatzailea
«Euskarazko egileen sarea nola egituratu aztertuko dugu»
Kanaldude telebista katetzat hartu du Frantziak, eta otsailaren 1ean hasiko da eguneroko zuzeneko emankizunekin. Aukera berriak zabalduko direla iragarri du Karrerek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu