Iratxe Esnaola. .eus egitasmoko koordinatzailea

«Euskarazko edukiak sustatu nahi ditugu .eus domeinuarekin»

Urteak daramatzate .eus elkartekoek domeinua eskatzeko lana egiten. ICANNek eskaerak egiteko epea ireki du apirila arte.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
ICANN Izenak eta Zenbakiak Banatzeko Interneteko Korporazioak, zazpi urteren ondoren, domeinuak eskatu ahal izateko epea ireki du. .eus elkarteko Iratxe Esnaolak azaldu ditu domeinua lortzeko eman beharreko pausoak eta helburuak.

Proiektua helburura iristen ari da,eskaera eginda gertuago egon daitekeelako .eus domeinua Interneten sortzea.

Bai. ICANN da domeinuak noiz eta nola plazaratzen diren erabakitzen duena, eta azkenengo zazpi urteetan ez du eperik ireki, eta apirilaren 12 arte zabaldu dute epea orain. Eurek ezarri dute noiz eskatu ahal den, eta domeinuak eskatzeko baldintzak. Urte hauetan guztietan ICANNen barne prozesua barnetik aztertu dugu, baina Interneten epea ireki arte. Behin irekita, eskaria aurkezteko aukera daukagu, eta eskatuko dugu, eta ebaluazio prozesua hasiko da, eta onartua edo ez izango den jakingo dugu, urteetan zain egon ondoren. Onerako edo txarrerako, egiarako ordua iritsiko da laster.

Zenbat pertsonaren sostengua lortu duzue kanpaina hasi zenutenetik?

Proiektuaren berri 2009an jakinarazi genuen. Atxikimenduak egun horretatik aurrera lortu dira; 26.800 atxikimendu, guztira. Hasieran, indarra egin genuen horretan; lehen bi asteetan 20.000 lortu genituen, eta, ikusita horrek berak bakarrik nahiko indar zuela, beste alor batzuetan aritu ginen lanean.

Zer hartzen dute kontuan ICANNekoek?

Lehenik, dokumentu bat aurkeztu behar dugu. Nor den eskatzailea, zein domeinu eta zergatik eskatzen dugun, zein onura ekarriko dituen... Bigarrenik, alde teknikoa dago, euskara eta euskal kultura Interneten uztartzen duen proiektua da, eta erregistroak aurrera eraman behar dira; horrek funtzionatu egin behar du. Eta esan behar dugu nola eramango diren aurrera erregistro horiek, nola izango diren baldintza teknikoak, non gordeko diren kopiak, nola egin, segurtasun neurriak... Hirugarrenik, domeinua saldu eta erosi egiten da, eta plan ekonomiko bat behar du horrek atzetik. Beraz, ekonomikoki bideragarria bihurtu behar den proiektu bat da; hortik kalkuluak egin behar dira, zenbat saltzea espero dugun, horren arabera izango ditugun gastuekin zenbatean saldu beharko den eta halako plan ekonomiko oso bat. Azken atalean eskatzen digute banketxe baten bermea. Denetara 50 baldintza bete behar dira, eta, horretaz gain, 185.000 dolar [139.427 euro] ordaindu behar da, ebaluazio kostea. Koste horrek gure dokumentua ebaluatua izateko balio du.

Ondo bidean, 2013ko udaberrirako egon daiteke martxan...

Hori eskaera onartzen duten dataren arabera izango da. Ebaluazio fase minimoa zortzi hilabetekoa da, eta, apirilean itxi eta orduan hasten bada lehen ebaluazioa, 2013ko urtarrilera goaz. Orduan jasoko dira lehen onarpenak, ezin dugu ziurtatu gure eskaera hor egongo den. Ez dakit zer pasatuko den, baina espero dugu udaberrirako onartua izatea eta ekainerako funtzionamenduan egotea.

Zuen kalkuluen arabera, zenbat erabiltzailek hartuko lukete domeinuaren jabetza?

Proiekzio errealena eta jokaleku txarrena egin behar izan ditugu. Errealean, kalkulatu dugu 8.000 inguru saltzea lehen urtean, eta apurka igoz joango dela; baina horretan sartuta erakunde publiko, pribatu enpresa eta denak. Argi dago lehen urtean izango dela .eus-ek izango duen bultzada handiena, eta gero hor egongo da horiek iraun dezaten, eta berriak etortzeko. Baina lehen urtea izango da indartsuena.

Zein baldintza bete beharko dituzte webguneek .eus domeinua lortzeko?

Irizpide linguistikoa eta kulturala izango dira nagusi. Printzipioz, irizpide linguistikoa izango da gehien erabiliko dena, eta eskatuko da gutxieneko euskarazko eduki batzuk edukitzea. Azkenean, euskarazko edukiak sustatu nahi dira. Hori horrela ez balitz, izan daiteke euskal kulturaz hitz egitea beste hizkuntza batean, baina hori gutxienekoa izango da. Baina kultura ulertuta bere esanahirik zabalenean: hasi gastronomiatik kirolera, eta kiroletik beste edozein espresio motara.

Alde horretatik, espero duzue euskal kultura eta hizkuntza sustatzea Interneten?

Bai, eta gure argudio nagusia .cat domeinua da. Horrek 20.000 domeinu lortu zituen lehen urtean, baina domeinua lortu zuten herenek aurrez ez zuten katalanezko bertsiorik. Beraz, webguneak .cat domeinua lortzeko katalanezko bertsioa lortu behar izan zuten. Beste heren bat, webgunerik gabeko enpresa eta jendea zen. Orduan, edukien sorkuntza ere bultzatu zen. Hau da, .cat domeinua edukita, jendea animatu zen webgunea sortzera; gainera, katalanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.